- Proposamenak kudeaketa-eredu sinpleagoa, gardenagoa eta portu nautikoen errealitatera egokituagoa planteatzen du, egungo amarraleku-erabiltzaileekin eta itxaron-zerrendetako pertsonekin egindako entzute-prozesu zabal baten ondoren.
- “Erabiltzaileen esperientziatik jaioko den erregulazio bat eraiki nahi dugu, eta datozen urteetarako egonkortasuna, gardentasuna eta segurtasuna eskainiko dituena”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko portu nautikoen kudeaketa modernizatzeko helburu izango duten etorkizuneko Amarraleku Aginduaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, azken urteetan metatutako esperientziatik eta erabiltzaileek eurek egindako ekarpenetatik abiatuta.
Araudi berria lantzen hasi aurretik, Euskadiko Kirol Portuak entitateak entzute-prozesu zabal bat garatu du egungo amarraleku-erabiltzaileekin eta itxaron-zerrendetan izena emanda dauden pertsonekin. Gernika-Lumon eta Orion egindako hamar saiotan zehar, proposamen eta iritzi ugari jaso dira, eta horiei esker identifikatu dira bai adostasun nagusiak bai etorkizuneko Aginduaren tramitazioan oreka bilatzeko jarraitu beharko diren alderdiak.
Partekatutako ondorioen artean egungo sistema sinplifikatzeko beharra, erabiltzaileekiko kudeaketa eta komunikazioa hobetzea, itxaron-zerrendak berritzea eta erregulazio argiago eta orekatuagoa izatea nabarmendu dira.
«Arauak aldatu aurretik, entzun egin nahi genuen. Portuak egunero erabiltzen dituztenek inork baino hobeto dakite zer dabilen ondo eta zer hobetu behar dugun. Ezagutza hori da etorkizuneko erregulazioan txertatu nahi duguna, sistema gardenagoa, sinpleagoa eta erabiltzaile guztientzat segurtasun handiagoa eskainiko duena izateko», adierazi du Amaia Barredo sailburuak.
Lan horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko Amarralekuen Agindua osatuko duten ildo nagusiak aurkeztu ditu. Proposamenak kudeaketa-eredu berri bat planteatzen du, ontzien neurrietara egokitutako amarraleku-moduluetan oinarritua; itxaron-zerrenden funtzionamenduaren berrikuspena, arinagoak eta eguneratuagoak izan daitezen; esleipen-sistema objektiboagoa eta gardenagoa; eta amarralekuen erabilera-modalitate desberdinetarako erregulazio osoagoa.
Halaber, proposamenak ikuspegi berri bat jasotzen du portuen eta haiek kokatzen diren udalerrien arteko lotura indartzeko, tokiko oinarriko erabiltzailearen figura aitortuz eta portu bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokituz.
Gaur aurkeztutako ildo orokorrak dira etorkizuneko Aginduaren tramitazioak aurrera jarraituko duen oinarria, eta prozesuak proposamena aberasten jarraitzea ahalbidetuko du behin betiko onarpena eman aurretik.
Donostiako portuko epaien betearazpena
Agerraldian, sailburuak Donostiako portuko amarraleku-esleipenari buruzko epaiei erantzuteko Eusko Jaurlaritzak gauzatuko dituen ekintzen berri ere eman du.
Ildo horretan, Euskadiko Kirol Portuak entitateak ebazpen bat onartuko du epaiak betearazteko, eta aldi berean bermatuko du gaur egun plazak erabiltzen dituzten pertsonek modu behin-behinekoan erabiltzen jarraitu ahal izango dutela prozedura amaitu arte.
Horrez gain, zehaztapen handiagoa behar duten alderdi teknikoak jendaurrean jarriko dira informazioa emateko epe batean, esleipen-ebazpen berria eman aurretik, horrela prozesuaren segurtasun juridikoa eta gardentasuna indartuz.






