FUTBOLA BURUAN IX. EDIZIOA
- Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak eta Athletic Club Fundazioak antolatutako «Futbola buruan» ekimenaren IX. edizioa izan da Lezaman. Ekimen horretan tratatzeko eta gizarteratzeko tresna gisa erabiltzen da kirola, kontsulten eta beste programa batzuen osagarri bezala
- Proiektu aitzindaria da estatuan, lehen mailako kirol-erakunde bat osasun mentalaren arloko osasun-zerbitzu publiko batekin lotzen duen ekimen bakarra
- Aurtengo edizioan multikirol saioak egin dira, eta hainbat dispositibo eta erakundetako partaide, Athletic Clubeko teknikari eta osasun-langileek osatu dituzte taldeak
- Ekimena Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoen barruan kokatzen da. Itun horrek pertsonarengan oinarritutako arreta-eredua indartzen du, eta osasun mentala lehenesten du funtsezko ardatz gisa
Osakidetzak, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen (BOMS) bitartez, eta Athletic Club Fundazioak antolatutako Futbola Buruan ekimenaren IX. edizioa izan da, Lezamako kirol-instalazioetan. Ekimen horrek kirola sendotu egiten du osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzako tresna terapeutiko eta gizarteratzaile gisa.
Proiektua Osakidetzaren estrategiaren parte da, hain zuzen, eredu komunitarioaren, balioan oinarritutako medikuntzaren eta zainketen humanizazioaren aldeko apustua egiten duen estrategiaren parte. Hala, BOMSek urteak daramatza kontsultetatik eta programetatik harago osasun mentala zaintzeko hainbat modu bultzatzen, kirola tresna terapeutiko gisa integratzen eta komunitatearen baliabideak erabiltzen, udal kiroldegiak, besteak beste.
Gainera, ekimena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoen barruan kokatzen da. Itun horrek pertsonarengan oinarritutako arreta-eredua indartzen du, eta osasun mentala lehenesten du ardatz nagusietako bat gisa. Testuinguru horretan, Osakidetzak aurrera egiten jarraitzen du osasun-emaitzetara bideratutako ikuspegi komunitario eta parte-hartzailearekin. «Futbola Buruan» bezalako proiektuak dira osasun- eta gizarte-baliabideak integratzearen adibideak osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen ongizatea, autonomia eta inklusioa hobetzeko.
Duela hamarkada bat baino gehiagotik, lankidetza-hitzarmen baten bidez, Athletic Club Fundazioak kirol-jarduera fisiko integratzaileak eta errekuperatzaileak antolatzen ditu talde-formatuan. Talde-lana da, eta taldea Osakidetzako osasun-langileek eta kirol teknikariek osatzen dute.
Proiektu hori aitzindaria da estatuan, eta lehen mailako kirol-erakunde bat osasun mentalarekin lotzen duen ekimen bakarra da. Osasun mentalean aditua den erizain bat da taldearen liderra eta Bizkaia osoan lan egiten duten diziplina anitzeko profesionalak daude. Bere izaera berritzaileari hainbat sari eman zaizkio, hala nola Erizaintza Garatzeko Fundazioarena, Euskaliten «Kudeaketa Laburrean» saria, Humans Fundazioaren aintzatespena eta BIC sarietan finalista izatea.
Kirolaren bidezko inklusioa
Proiektuaren baitan Geurea Liga garatzen da, futbol eta walking football entrenamenduak kirol anitzeko saioekin konbinatzen dituena. Liga hau 90eko hamarkadan sortu zen Zamudioko ospitalean, EZOT bat (erizaintzako zainketa osagarrietako teknikaria) futbolean jokatzen hasi zenean ospitaleratutako pazienteekin. Ekimen hark onurak ekarri zituen, eta beste ospitale monografiko eta zentro komunitario batzuek Euskadiko zentro arteko areto-futboleko liga sortzea erabaki zuten. Urteen poderioz, beharretara eta profiletara egokitzen joan da, Euskadiko esparru publiko eta pribatuko parte-hartzaile eta zentro kopurua handituz, eta futboletik Walking-football erara aldatuz. Gaur egun «Liga Geurea» du izena eta joan den maiatzaren 29an XXIX. Finala jokatu zen.
2019an sortu zen Multikirola, ariketa fisiko moderatu eta egokituaren proposamena, futbola gustatzen ez zitzaien emakume askok bere burua baztertzen zutela antzeman ondoren sortu zena. Ekimen honek parte-hartzea zabaltzen du eta gaitasun fisiko desberdinak dituzten pertsonei kirolaren onurak eskuratzen laguntzen die.
Bizikidetza jardunaldia Lezaman
Aurtengo edizioan multikirol saioak egin dira, Lezamako hainbat entrenamendu zelai okupatuz. Taldeak hainbat dispositibo eta erakundetako partaideak nahastuz osatu dira, Athletic Clubeko teknikariekin eta osasun-langileekin batera.






