Bengoetxea lehendakariordea: «Lege honen espiritua ziurtasun juridiko handiagoa da, eskakizunak handitu gabe»

0

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak positibotzat jo du Eusko Legebiltzarrak Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzea onartu izana. Haren esanetan, lege berriak egonkortasun eta berme handiagoa emango die enplegu publikorako hautaketa-prozesuei.

Bengoetxea lehendakariordeak azaldu duenez, erreformaren helburua da azken urteotan hainbat enplegu publikoaren deialditan eragina izan duten ebazpen judizialek sortutako ziurgabetasunari erantzutea. «Albiste ona da bai administrazio publikoentzat, bai herritarren zerbitzura beren bizi-proiektua garatzeko asmoz enplegu publikora aurkezten diren milaka eta milaka herritarrentzat», adierazi du.

Lehendakariordeak azaldu du legeak helburu bikoitza duela: batetik, zerbitzu publikoak herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzea bermatzea; eta, bestetik, edozein pertsonak enplegu publikora sartzeko duen eskubidea berme guztiekin baliatu ahal izatea ziurtatzea.

Era berean, ukatu egin du legeak hizkuntza-eskakizunak handitzen dituenik. Nabarmendu duenez, onartutako testuak hizkuntza-irizpideak aplikatzeko proportzionaltasun-printzipioa jasotzen du, eta, aldi berean, eskatutako hizkuntza-eskakizuna hasieran egiaztatzen ez duten pertsonek ere hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izango dutela bermatzen du. Kasu horietan, administrazioaren ardura izango da beharrezko prestakuntza eskaintzea, eskatutako hizkuntza-maila lortu ahal izan dezaten.

«Lege honen espiritua ziurtasun juridiko handiagoa da, eskakizunak handitu gabe», amaitu du Bengoetxeak.