- Eusko Jaurlaritzak 40.000 euro bideratuko ditu sasoikako langileak hartzeko eraikinak sortzera, egokitzera eta hornitzera
- Deialdiaren helburua ostatu duinak bermatzea, sasoikako langileen integrazioa hobetzea eta eskulan-premia handiena duten nekazaritza-eremuen beharrei erantzutea da
Gobernu Kontseiluak Euskadiko nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatuak sortzeko, egokitzeko edo hornitzeko laguntzen deialdia onartu du. Deialdiak 40.000 euroko zuzkidura izango du 2026ko ekitaldirako, eta Eusko Jaurlaritzak euskal landa-eremuan jarduten duten sasoikako langileen bizi eta lan-baldintzak hobetzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da.
Laguntzak ostatuak eraikitzeko, erosteko, birgaitzeko, berritzeko edo egokitzeko, baita bizigarritasun-baldintza egokiak bermatzeko beharrezko altzariak eta ekipamendua erosteko ere erabiliko dira. Era berean, proiektu horiei lotutako gastu teknikoak ere diruz lagundu ahal izango dira.
Deialdia nekazaritza-ustiategien titularrei nahiz sektoreari lotutako erakunde publiko eta pribatuei zuzenduta dago, Euskadin erabilgarri dauden ostatuen sarea handitu eta hobetzeko helburuarekin. Eraikinak eraikitzeko edo erosteko proiektuek gehienez 20.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute.
Neurri honek jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzak Sasoikako Nekazaritza Lanari Arreta Emateko Plan Integralen esparruan egindako lanari. Plan horien helburua ostatu duinak bermatzea, sasoikako langileen gizarteratzea sustatzea eta arlo honetan eskatzen diren kalitate-estandarrak betetzen direla ziurtatzea da.
Proiektuak baloratzerakoan kontuan hartuko dira, besteak beste, ostatuaren kokapena, inguruko beharrak, eskaintzen diren plaza-kopurua eta Nekazaritzako Sasoikako Langileen Programan parte hartzea. Deialdiak lehentasuna emango die landa-eremuetan ostatu-eskaintza handitzen laguntzen duten eta kanpaina bakoitzean Euskal nekazaritzaren jarduera sostengatzen duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten jarduketei.






