- Euskadiko ontziek antxoaren esleitutako kuotaren %98,4 baliatu dute, prezio egonkorrekin eta sektorearen errentagarritasuna sustatzen duen plangintzarekin
- Amaia Barredo: «Kuota kofradien artean banatzean oinarritutako kudeaketak egonkortasuna ematen du, arrantza modu arrazionalagoan egitea ahalbidetzen du eta merkatuaren eskariari hobeto erantzuten laguntzen du«
2026ko antxoaren kanpainak berretsi egin ditu Eusko Jaurlaritzak bultzatutako kudeaketa-sistema berriaren emaitza onak; aldi berean, hegaluzearen kanpainak hasiera sendoa izan du, harrapaketa nabarmenekin eta bilakaera ona erakusten duten prezioekin.
«Datuek erakusten dute plangintzan eta adostasunean oinarritutako kudeaketak mesede egiten diola bai baliabidearen jasangarritasunari, bai arrantza-jardueraren errentagarritasunari. Sektoreak gaitasun handiagoa du bere lana antolatzeko eta merkatuaren beharrei erantzuteko», nabarmendu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak.
Antxoaren kanpainan, 2026rako Estatuko kuota 30,48 milioi kilokoa da, eta horietatik uztailaren 20ra arte 24,72 milioi kilo harrapatu dira; hau da, erabilgarri dagoen kuotaren %81,2.
Iaz ezarri eta aurtengo kanpainan berriro aplikatu den kuota kofradien artean banatzeko sistemari esker, Euskadiko flotak 8,63 milioi kilo izan ditu esleituta, hau da, Estatuko kuotaren %28,3. Kopuru horretatik 8,49 milioi kilo harrapatu ditu; alegia, bere kuotaren %98,4, Estatu osoan erregistratutako betetze-maila baino nabarmen handiagoa.
Euskal ontziek harrapatutako guztizkotik, 3,67 milioi kilo Euskadiko lonjetan lehorreratu dira, eta 4,75 milioi kilo Kantabriako eta Asturiasko portuetan, espeziearen migrazio naturalari jarraituz.
Batez besteko prezioa 1,94 euro kiloko izan da; 2025ean erregistratutakoaren antzekoa eta aurreko kanpainetako 1,50 euro kiloko batez bestekoa baino nabarmen handiagoa. Horrek berretsi egiten du kudeaketa-eredu berriaren bilakaera ona.
Hegaluzearen kanpainaren lehen herena
Maiatzaren amaieran hasi zen eta, aurreikuspenen arabera, urriaren erdialdera arte luzatuko den hegaluzearen kanpainak ere balantze positiboa aurkezten du lehen tarte honetan.
Orain arte 9,1 milioi kilo harrapatu dira; hau da, Estatuko kuotaren %32,7. Kuota hori 27,95 milioi kilotan ezarri da.
Harrapaketa horietatik, euskal ontziek 5,60 milioi kilo eskuratu dituzte; hau da, Estatuan harrapatutako guztiaren %61,2, eta horrek berretsi egiten du Euskadik arrantza-kanpaina honetan duen lidergoa.
Batez besteko prezioa 3,90 euro kiloko inguruan dago gaur egun. Kotizazio hori aldekoa da, kontuan hartuta harrapaketa gehienak tamaina ertaineko aleei dagozkiela, pieza bakoitzeko lau eta zortzi kilo artekoei.
«Hegaluzearen kanpaina indartsu hasi da. Harrapaketak handiak izaten ari dira, eta merkatuak ondo erantzuten ari da; eskaintza handia izan arren, prezioek sendo jarraitzen dutelako. Kanpainaren bilakaera aztertzen jarraituko dugu, sektorearekin batera haren lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartzeko lanean jarraitzeko», adierazi du Amaia Barredok.
Eusko Jaurlaritzak abuztuaren amaieran egingo du hegaluzearen kanpainaren bilakaeraren balorazio berria, kanpainaren erdialdea gainditu ondoren. Une horretan izango da posible kanpainaren garapenari buruzko ikuspegi osoagoa izatea.






