- Euskalmetek 38 ºC-rainoko maximoak aurreikusi ditu Kantauri isurialdeko barnealdean eta Ebro ardatzean, eta 37 ºC-rainokoak trantsizio-eremuan.
- Asteazkenean alerta laranja aktibo mantenduko da trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, eta maximoak 39 ºC-ra irits daitezke.
Eusko Jaurlaritzak astearte honetan, uztailaren 28an, alerta laranja aktibatuko du muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, Euskadin bero-gertakari berri bat hasiko delako. Gertakari hori Afrikako iparraldetik Europako kontinentearen hego-mendebaldeko zati handi batera hedatuko den dortsal antizikloniko batek eragingo du. Egoera horrek egonkortasun handia eta maila guztietan aire oso beroa egotea erraztuko du, eta datozen egunetan tenperatura altuak izango dira.
Alerta laranja astearte honetan egongo da aktibo, 12:00etatik 20:00etara, Euskadiko barnealde osoan. Tenperatura maximoak 38 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean eta Ebro ardatzean, eta 37 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan. Era berean, asteartean abisu horia egongo da aktibo muturreko tenperatura altuengatik kostaldean, 12:00etatik 18:00etara; eremu horretan, maximoak 32 ºC ingurukoak izan daitezke.
Asteartean hego-osagaiko haizea izango da nagusi, eta horrek zaildu egin dezake brisa barnealdera hedatzea. Egoera horrekin, tenperaturek nabarmen egingo dute gora, eta maximoak 36-38 ºC-ra irits daitezke barnealdeko eremu askotan, Kantauri isurialdeko barnealdea barne. Kostaldean, berriz, tenperaturak 32-34 ºC ingurukoak izango lirateke.
Asteazkenean, uztailaren 29an, Eusko Jaurlaritzak aktibo mantenduko du alerta laranja muturreko tenperatura altuengatik trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 38 ºC-ra irits daitezke trantsizio-eremuan, eta 39 ºC-ra Ebro ardatzean.
Egun horretan, beroa bereziki Mediterraneo isurialdean areagotuko da, eta eremu zabaletan 38-40 ºC-ra irits daitezke, batez ere Arabako Errioxan. Kantauri isurialdean, litekeena da eguerdi inguruan ipar-mendebaldeko haizea sartzea; horrek tenperaturen jaitsiera ekarriko luke kostaldean eta Bizkaian. Gipuzkoako barnealdean, berriz, tenperatura maximoak asteartekoen antzekoak izan daitezke.
Ildo horretan, abisu horia aktibatu da muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, 12:00etatik 18:00etara, bai eta tenperatura altu iraunkorrengatik ere lurralde osoan. Tenperatura minimoak eta maximoak 20/28 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 18/33 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 17/38 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 20/39 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Asteazken honetan, halaber, abisu horia egongo da aktibo baso-sute arriskuagatik Araban egun osoan.
Ostegunetik aurrera, ziurgabetasuna handiagoa da. Litekeena da tenperaturak zertxobait behera egitea eta ipar-osagaiko haizeak protagonismo handiagoa hartzea. Hala ere, ez da baztertzen aste amaierara begira tenperaturek berriro gora egitea eta bero-gertakaria luzatzea.
GOMENDIO OROKORRAK
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetarako aurreikusitako tenperatura altuen aurrean eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitu edo arintzeko, ohiko autobabes-neurriak jarraitzea gomendatzen du:
Beroaren aurrean aire zabalean babestea
- Saihestu eguzkitan egotea eguneko erdiko orduetan.
- Erabili txapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, zabala eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, bereziki tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin ordubete baino gehiago irauten duten ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo konorte-galtzeak bezalako sintomak agertzen badira.
Etxea fresko mantentzea
- Mantendu leihoak eta pertsianak itxita bero handieneko orduetan.
- Aireztatu etxebizitza gauez edo goizeko lehen orduetan.
- Freskatu dutxa edo bainu freskoekin, edo zapi hezeen bidez.
- Etxebizitza fresko mantentzea ezinezkoa bada, igaro ordu batzuk klimatizatutako edo leku freskoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan ura eta likidoak maiz, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak.
- Handitu fruta, barazki eta janari arinen kontsumoa.
- Saihestu otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia jarri haurtxoei, adingabeei, haurdun dauden edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
- Ez utzi inoiz pertsonarik ez animaliarik ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Bereziki zaindu bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adineko pertsonak.
Baso-suteak prebenitzea
- Saihestu sua piztea baso-eremuetan edo landarediatik gertu.
- Ez bota zigarrokinik, pospolorik edo sutea eragin dezakeen bestelako elementurik.
- Kontu handiz ibili nekazaritza- edo baso-jardueretan.
- Deitu 112ra kea, sua edo arrisku-egoeraren bat ikusiz gero.
Oro har, une oro agintarien eta larrialdi-zerbitzuen jarraibideak betetzea gomendatzen da, eta, larrialdiren bat izanez gero, 112ra deitzea.
Iragarpenen eta abisuen eguneraketak Euskalmeten webgunearen bidez eta X sare sozialaren bidez jarraitu daitezke, @Euskalmet eta @112_SOSDeiak profiletan.






