- 1982az geroztik, proiektuak Bizkaiko ikasleei Urdaibaiko natura-ingurunea bertatik bertara ezagutzeko eta jasangarritasunarekin nahiz bizikidetzarekin lotutako edukiak lantzeko aukera ematen die.
- Programa Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Lau eguneko egonaldi didaktikoetan parte hartzen dute.
Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioak Sukarrietako BBK Urdaibai Zentroan garatzen den Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektuaren funtzionamendurako hitzarmena berritu dute. Gobernu Kontseiluak gaur izan du hiru urteko indarraldia izango duen akordioaren berri.
Bi erakundeen arteko lankidetza 1982an hasi zen, Sukarrietako Eskola Esperimentaziorako Zentroa sortu zenean. Helburua Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei natura zuzeneko esperientziaren bidez ezagutzeko gunea eskaintzea zen, komunikazioa eta bizikidetza sustatzea eta ikasgelatik kanpo ikasteko modu berriak garatzea. Era berean, proiektua irakasleentzako baliabide gisa sortu zen, ingurumen-hezkuntzarekin lotutako esperientzia pedagogikoak bultzatzeko eta material didaktikoak sortzeko.
Lau hamarkada baino gehiago urdaibain ikasten
Berrogei urte baino gehiagotan, Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektuak Bizkaiko hainbat ikasle belaunaldi lagundu ditu, eta ikastetxeentzako erreferentziazko hezkuntza-baliabide bihurtu da. Indarrean jarraitzen du, ingurunearekin zuzeneko harremanak ikaskuntza-prozesuan duen balioari esker.
Proiektuak ikasgelan egiten den lana osatzen du, eta ingurumen-hezkuntza esperientziaren bidez lantzeko aukera ematen du. Behaketaren, esperimentazioaren eta ingurunearekiko harremanaren bidez, ikasleek ikastetxean garatutako ikaskuntzak aberasten dituzten ezagutzak eta esperientziak eskuratzen dituzte.
Natura-ingurunearekin harreman zuzenean ikastea
Programa Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Lau eguneko egonaldi didaktikoetan, biodibertsitatea, lurra eta planeta lantzen dituzte, ingurunean bertan egindako behaketa eta esperimentazioa oinarri hartuta.
Egonaldi horiek, gainera, ikasleen garapen pertsonala eta soziala bultzatzen duen bizikidetza-esperientzia dira. Hainbat egunez espazio bera ikaskideekin partekatzeak errespetua, lankidetza, erantzukizuna, autonomia eta elkar zaintza bezalako balioak indartzen laguntzen du, eta ikaskuntza akademikotik harago doazen loturak eta esperientzia partekatuak sortzen dira. Era berean, programak ikasgelatik kanpo euskararen erabilera sustatzeko testuinguru naturala eskaintzen du, ikasleek hizkuntza benetako komunikazio-, bizikidetza- eta partaidetza-egoeretan erabil dezaten. Horrela, haien komunikazio-gaitasuna eta euskararen erabilera soziala modu naturalean eta esanguratsuan indartzen dira.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak paisaia bera ikaskuntzaren parte bihurtzen du, eta natura-ondarearen aberastasuna ezagutzeko, hura zaintzearen garrantzia ulertzeko eta garapen jasangarriaren erronkei buruz hausnartzeko ingurune ezin egokiagoa eskaintzen du.
Proiektu honen jarraitutasunak Hezkuntza Sailak ingurumen-hezkuntzarekin eta garapen jasangarriaren ikuspegitik natura-ingurunea ezagutu, zaindu eta kontserbatzen laguntzen duen balio-hezkuntzarekin duen konpromisoa islatzen du. Hitzarmena berritzeak Bizkaiko ikastetxeen eskura hezkuntza-baliabide hau izaten jarraitzea ahalbidetuko du. Sortu zenetik berrogei urte baino gehiago igaro diren arren, baliabide honek bere horretan mantentzen du ikasleak natura-ingurunera hurbiltzeko, haren balioa ulertzeko eta ingurunearekiko jokabide arduratsua sustatzeko duen gaitasuna.
BBK Urdaibai Zentroa, gainera, natura-ondarea zaintzearekin lotutako hezkuntza-, dibulgazio- eta zientzia-jarduerak garatzeko erreferentziazko gunea da. Hitzarmen berriari esker, lankidetza horri eutsi ahal izango zaio datozen hiru urteetan, eta hezkuntza-baliabide hau Bizkaiko ikastetxeen eskura jartzen jarraituko da.






