Igande honetan, abuztuaren 2an, XXXIV. Herri Giroa ospatuko da Hondarribiko Alde Zaharrean. Hondarribiko Udaleko Kultura Departamentuak antolatutako ekitaldiak euskal kultura, artisautza, gastronomia eta herri tradizioak izango ditu ardatz, eta egun osoan zehar adin guztientzako jarduerak eskainiko dira.
Jardunaldiari 10:00etan emango zaio hasiera artisau eta elikadura azokarekin. Arma Plaza, San Nikolas kalea eta Bretxa hartuko dituzte 20 artisau ingururen salmenta-postuek. Gainera, goiz osoan zehar, haur zein helduentzako txalaparta saio-tailerrak izango dira.
Eguerdian, 12:00etan, Izugarria Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak kalejira egingo du Portuan eta Alde Zaharrean barrena, eta, horretaz gain, Arma Plazan ere dantza egingo dute. 12:30ean, Bretxan doako sagardo dastaketa hasiko da. 13:00etan, berriz, Klink taldeko dantzariek dantza erromeria egingo dute.
Arratsaldeari dagokionez, 17:00etan hasiko da berriro artisau eta elikadura azoka. Ordu berean, Zubietako joaldunek Alde Zaharretik Porturako bidea, eta Portutik Arma Plazarainoko ibilbidea egingo dute.
18:00etan, Bretxan berriz ere sagardo dastaketa izango da. Arma Plazan, aldiz, herri kirol erakustaldia egingo da, Aratz eta Ugaitz Muguerza aizkolarien eta Goenatxo III zein Lierni Osa harrijasotzaileen parte-hartzearekin.
Egunari amaiera emateko, 19:00etatik 20:00etara, Eingo trikitilari taldeak Arma Plaza girotuko du. Hogeita hamalaugarren edizioa beteko duen Herri Giroak, beste behin ere, Hondarribiko Alde Zaharra euskal kulturaren, tradizioaren eta jai giroaren topagune bihurtuko du.






