- Asistentzia Partekatuko eta Kontsulta Arteko Unitateak laguntza ematen die beste zerbitzu batzuei ospitaleratutako pazienteen arretan, eta Espainiako Barne Medikuntzako Elkarteak Estatuko aurreratuenetakotzat jo du
- Estatu osoan lau unitate baino ez daude maila horretan, eta horrek berresten du eskainitako arretaren kalitatea, haren antolamendu ona eta prestakuntzan egiten duen lana
- Eredu horri esker, barne-medikuntzako espezialistek beste zerbitzu batzuekin batera lan egin dezakete, bereziki kirurgikoekin, hainbat gaixotasun edo konplikazio dituzten pertsonak ospitaleratuta dauden bitartean hobeto artatzeko
- Akreditazio honekin, Osakidetzak aurrera egiten du Osasunaren Euskal Itunarekin bat datorren ereduan, asistentziaren jarraitutasunean, espezialitateen arteko koordinazioan eta arreta pertsonalizatuago eta seguruagoan oinarrituta
Osakidetzak Barne Medikuntzako Espainiako Elkartearen (SEMI) aintzatespen gorena lortu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Asistentzia Partekatuko eta Kontsultarteko Unitateari dagokionez. Unitatea Barne Medikuntzako Zerbitzuaren barruan dago eta Unitate Aurreratu gisa akreditatu da SEMI Bikaina programaren barruan, berariazko akreditazio honetan elkarte zientifiko honek ematen duen mailarik altuena.
Aintzatespen honen ondorioz Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea Estatuko erreferentziazko zentroetakoa da asistentzia partekatuan eta kontsultartekoan. Gaur egun lau unitatek baino ez dute egiaztapen aurreratu hau lortu eta horrek indartu egiten du Osakidetzaren posizioa konplexutasun kliniko handiagoko ospitaleratutako pazienteak artatzeko gero eta beharrezkoagoa den asistentzia-eredu batean.
Akreditazio honekin Osakidetzak aurrera egiten du asistentziaren jarraitutasunean, espezialitateen arteko koordinazioan eta ospitaleratutako paziente konplexuagoentzako arreta pertsonalizatu eta seguruagoan oinarritzen den Osasunaren Euskal Itunarekin bat datorren ereduan. Aintzatespenak, gainera, Barne Medikuntzako Zerbitzuaren irakaskuntza-gaitasuna sendotzen du, bai eta Asistentzia Partekatuaren eta Kontsultartekoaren arloko profesionalen prestakuntzan erreferente gisa betetzen duen eginkizuna ere.
Asistentzia Partekatuko eta Kontsultarteko Unitateak aukera ematen du barne medikuntzako profesionalek ospitaleko beste zerbitzu batzuekin koordinatuta lan egiteko, bereziki kirurgikoekin, ospitaleratutako pertsonek euren bilakaeran eragina izan dezaketen aurretiko gaixotasunak, komorbilitateak edo konplikazio medikoak dituztenean. Helburua balorazio mediko integrala egitea eta interbentzioaren aurretik eta ondoren prozesu kirurgikoaz arduratzen den taldeari pazientearen egoera klinikoa maneiatzen laguntzea da.
Praktikan eredu hau bereziki da baliagarria adineko pazienteentzat edo hainbat gaixotasun kroniko dituztenentzat. Adibidez, aldaka hausteagatik ospitaleratzen den pertsona batek diabetesa, bihotz-gutxiegitasuna, biriketako gaixotasuna edo beste patologia batzuk izan ditzake. Kasu hauetan kirurgia-taldeak ebakuntzari heltzen dio eta barne medikuntzak oinarritik dauden gaixotasun horiek kontrolatzen laguntzen du, bai eta ospitaleratzean gerta daitezkeen konplikazioak prebenitzen, detektatzen eta tratatzen ere.
Gero eta paziente konplexuagoentzako arreta koordinatuagoa.
Akreditazioak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko unitateak asistentzia- eta irakaskuntza-egitura sendoa duela aintzatesten du, paziente-kopuru handia artatzeko, hainbat zerbitzutan asistentzia partekatua garatzeko eta gida kliniko propioak egiteko gai dena. Gainera barne medikuntzako egoiliarrak, beste espezialitate batzuetako egoiliarrak eta beste zentro batzuetako fakultatibo espezialistak maila gorenean prestatzeko gaitasuna bermatzen du, egiaztatutako unitate batean txandakatzeak egin ditzaketenak.
Barne Medikuntzako zerbitzuburua den Agustín Martínez Berriochoarentzat egiaztapen hau «ildo horretan lan egiten jarraitzera bultzatzen duen aintzatespena da», eta ospitaleari ikusgarritasuna ematen dio SEMIren arlo estrategikoetako batean. Gainera gogorarazi du asistentzia partekatua eta kontsultartekoa BAME prestakuntza-plan berrian sartuko diren lanbide-gaitasunak direla.
Horrelako unitateen beharrak gora egin du azken urteotan. Teknika anestesikoetan eta kirurgikoetan egindako aurrerapenei esker gaur egun adineko eta lotutako gaixotasun gehiago dituzten pazienteak operatu daitezke. Era berean konplexutasun gutxien duten pertsonek kirurgia anbulatorioko zirkuituak edo oso ospitaleratze laburrak izaten dituzte eta, beraz, ospitalean jarraitzen dutenek, kasu askotan, egoera kliniko konplexuagoa izaten dute.
Kalkuluen arabera paziente kirurgikoen % 60 inguruk komorbilitate mediko esanguratsuak dituzte. Patologia hauen deskonpentsazioak eragina izan dezake emaitza kirurgikoan, konplikazioen konplexutasuna areagotu, ospitaleko egonaldia luzatu, ospitale barruko morbimortalitatea areagotu eta alta eman ondorengo egoera funtzionalean eragin.
Testuinguru honetan barne medikuntzaren eginkizunak ez du kirurgia-ekipoarena ordezkatzen; aitzitik, osatu egiten du arreta mediko integral eta koordinatu baten bidez. Lankidetza honek erabakiak elkarrekin hartzea errazten du, eta paziente bakoitzaren premietara hobeto egokitutako erantzuna ematea ahalbidetzen du.
Aldakako hausturekin hasitako ibilbidea
SEMI elkartearen aintzatespenak 2008an hasitako ibilbidea amaitzen du, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak aldakako haustura duten pazienteei arreta emateko asistentzia partekatuaren proiektua abian jarri zuenean. Paziente-mota hau, normalean adinekoa eta komorbilitate-prebalentzia handikoa, asistentzia partekatuak balio handiena ematen duen eremuetako bat da, premiazko kirurgia handia, aurretiko gaixotasunen deskonpentsazio-arriskua eta hausturak nahiz ospitaleratzeak eragindako balizko konplikazio medikoak konbinatzen baititu.
Hasiera-hasieratik unitateak pixkanaka zabaldu du bere jarduera. Aldakako hausturaren arreta partekatuaz gain, eredua Kirurgia Baskularreko Zerbitzuan eta Urologia Zerbitzuan ezarri da. Unitateak gainerako zerbitzu kirurgikoen ohiko kontsultarteak ere egiten ditu, eta horietako batzuetan erreferente klinikoak ditu, baita zerbitzu medikoak ere. Azken arlo honetan, gainera, erreferente kliniko baten figuraren bidez psikiatriarekin lanean hasi gara.






