- Euskal trenbide-sarerako konexio berriak errepidean kamioien trafikoa murriztea ahalbidetuko du
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak, trenbidea metro bateko zabaleran Pasaiako portura sartzeko obren lizitazioa onartu du. Lanen hasierako aurrekontua 6,6 milioi eurokoa da (BEZik gabe), eta egikaritze-epea 20 hilabetekoa.
Pasaiako portua salgaiak garraiatzeko euskal trenbide-sarearen nodo logistiko berri bihurtzearen onuradun nagusietako bat Pasaia Antxo herria izango da. Bertan, Topoaren Altza-Galtzaraborda tarteko obrak amaitu eta Pasaiako lurpeko geltoki berria jarri ondoren, posible da eraikin batzuetatik metro gutxira udalerriaren erdigunea zubibidean zeharkatzen duen egungo terminala eraistea.
Gaur egun, Euskotrenen Donostia-Hendaia linea Pasaiako Portuko instalazioen ondotik igarotzen da, estali gabeko tartean, Herrerako geltokiaren lurperatuta dagoen puntuaren irteeraren eta 150 metro inguru luze den eta konexioa errazten duen N-1 zaharraren azpiko tunelaren sarreraren artean. Tarte horretan hasiko da ezkerrerako trenbide bakarreko desbideraketa, eta, ondoren, ETSren trenbide bikoitza eraikiko da, tren-eraketek portuaren sarean edo euskal trenbide-sarean sartzeko maniobrak egin eta prestatzeko aukera izan dezaten.
Hortik aurrera, trenbide berriek bat egingo dute Pasaiako portuan bertan gaur egun dagoen trazadurarekin, biltegi eta gordailu-eremuetaraino iritsiko da, hasiera batean Buenavista kaian. ETSren zeregina, hemen, dagoen trenbide-azpiegituraren metro bateko zabalerari hirugarren haria gehitzea izango da. Beraz, bi jarduketa-eremu bereizten dira: ETSren konexio- eta maniobra-trenbide berrien lotura eta definizioa, eta egungo trenbidearen berriztapena, metro bateko zabalera eta nazioartekoa ezarriz.
Hasierako desbideratze-jarduketaren ondorioz, biltegirako eta bizitegirako erabilerarekin mugakide diren portuko zenbait eraikin eraitsi beharko dira, hurbil daudelako.
Pasaiako Portu Agintaritzak Euskal Trenbide Sareari lagako dio lursail horien erabilera, ETSren trenbide bikoitz eta operatiboko eremuari baitagozkio; aldiz, puntu horretatik biltegietara eta gordailu-guneetara arteko trenbidearen azpiegiturak, berregokitu ondoren, Portuko barne-sarearen kudeaketaren pean jarraituko du. Metro bateko zabalera ezartzeaz gain, eta PPAak hala eskatuta, euskal trenbide-administratzaileak beste zenbait hobekuntza-lan egingo ditu, hala nola elektrizitate, zuntz optiko, telefonia eta datu eta argiteria instalazioak berritzea.






