
Egurra da Sakanako eta Mendialdeko Baso Baliabideen Zentro berriaren ardatza, Irurtzunen dagoen Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko eraikin publikoa. Azpiegitura horretatik bultzatuko da baso kudeaketa jasangarria Sakana-Mendialdea eskualdean. Baina, gainera, eraikina barrutiko Basozainen lantokia izango da. Gaur goizean, Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Unai Razkin Iriarte Irurtzungo alkatearekin batera, gune berria bisitatu du.
Aierdiren hitzetan, «gaurkoan, eraikin bat inauguratu baino gehiago egin dugu; tresna bat jarri dugu martxan gure mendien, baso-sektoreko profesionalen eta Sakanako eta Mendialdeko udalerrien zerbitzura. Baso Baliabideen Zentroak (BBZ) Departamentuaren gaitasuna indartuko du, baso-kudeaketa jasangarri, hurbil eta lurraldearen beharrizanen araberakoari laguntzeko».
2024/2027 Plan Gidariak barne hartzen duen zuzkidura horretan, Departamentuak 1,4 milioi euro inbertitu ditu, Next GenerationEU funtsek finantzaturik. Ildo horretan, lan-ardatz horrek planteatzen du Ingurumen Zuzendaritza Nagusirako bulego berriak eraikitzea beharrezkoa den lekuetan. Esaterako, Irurtzungoa, jada amaituta dagoena, baina baita Izizeko Erronkari-Zaraitzu barrutikoa —exekuzio-proiektua eta obra-zuzendaritza lizitazio-fasean dira egun— eta Tuterako barrutikoa ere —kokapen berri baten bila ari dira egun—. Plan Gidariak, halaber, barnean hartzen ditu birgaitzeak eta hobekuntzak, hala nola Miluzen egiten ari direnak, non egoitza baitute Iruñeko barrutiak, zeharkako barrutiak eta ingurumen-barruti zentralak.
Ildo horretan, kontseilariak adierazi duenez, «Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Plan Gidariko jarduketarik bat da honako hau. Plan horren bidez, gure ekipoek lanerako darabiltzaten azpiegiturak berritzen eta modernizatzen ari gara. Izan ere, ekipo horiek espazio funtzional, efiziente eta teknologikoki prestatuak edukitzea nahi dugu, XXI. mendeko ingurumen-kudeaketaren erronkei aurre egiteko, gure mendiak eta natura-ondarea zaintzeko beharrezkoa baita, halaber, horien babesean egunez egun lan egiten dutenei bitarteko hoberenak ematea».
Zuzkidura honetan, kudeaketa jasangarriko zura bultzatzea ez da helburu funtzional soila; aitzitik, zura egiturazko arkitektura-elementu gisa erabiltzea berresten duen adibidea da. Horrenbestez, eraikinak berak argi eta garbi egiten du apustu material horren alde zutabe, habe edo gapirioetan. BBZaren obrak duela urtebete hasi ziren Guillén Obras y Proyectos SL enpresaren ardurapean, MID Estudioko David Serrano eta Maier Vélez arkitektoek eta Filo Arquitectoseko Enrique Irisok idatzitako proposamenari jarraikiz. Hirurak obra-zuzendaritzaren arduradunak dira, baita ere, eta gidari-lanak egin dituzte bisitan. Izan ere, zur ziurtatua erabiltzen da Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren gainerako bulego guztietan.
Era berean, zura baliabide artistiko gisa erabiltzearen erakusgarri da kanpoaldean ipini den eskultura. Zuzkiduraren irekieran izan den Javier Poveda artistak egina da.
Espazioak eta baliabideak optimizatzea
Solairu bakarreko eraikinak 556,27 metro koadro ditu, eta Irurtzungo industrialdean kokatuta dago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren jabetzako lurzati batean. Azpiegitura, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen Plan Gidariaren aurreikuspenei jarraikiz, Passivhaus sistemara hurbiltzen da, eta energia-kontsumo ia nulua du, bai eta egur-galdara bidezko berokuntza —baliabide irisgarri eta berriztagarria—, aerotermia eta inguratzaile termiko estankoa ere. Estalki fotovoltaikoak energiaz hornituko ditu bulegoak, eta ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak ere bai.
Sakana-Mendialdeko Baso Baliabideen Zentroaren (BBZ) erabilera bikoitza eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea barrutiaren base gisa, eguneroko mantentzearen bermea da, eta baliabideen erabilera optimizatzearen aldeko apustua; izan ere, aipatu kolektibo horrek egiten dituen eginkizunetarik batzuk dira udalekin koordinatzea baso-aprobetxamendu erkide eta partikularretarako, zura eta egurra markatzea eta baso-sektoreko enpresekin harremana izatea.
Jasangarritasuna eta teknologia
Ingurumen Zuzendaritza Nagusia aldaketa oso handia egiten ari da ingurumen-zaintzako bulegoetan. Gaurkoan bisitatu direnez gain, Miluzen bulego zentralen eraberritze integralari heldu zaio, 1,2 milioiko inbertsioarekin. Birgaitze horren berritasuna da ingurumen-ikasgela txertatu dela, zeina 2027an hasiko baita jardunean. Gainera, Izizen kokatuko den Erronkari-Zaraitzuko barrutiaren bulego berriaren proiektua eta obra-zuzendaritza lizitazio-fasean dira, eta irteerako prezioa 145 000 eurokoa da.
Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen bulegoak foru-komunitatearen jabetzako eraikinetan kokatuta daude, eta betetzen duten ingurumen-eginkizunaren identifikagarriak dira; beraz, energia-kontsumo txikiko guneetan kokatuta daude, eta irizpide-ekologikoen eta jasangarritasun-irizpideen arabera diseinatzen dira. Gainera, lurraldean txertatuta daude, eta espazio eta instalazio funtzionalak dituzte, esleitutako langileen beharrizan espezifikoetara moldatzen ahal direlarik. Helburua da, halaber, sistema teknologiko eta komunikazio-sistema hoberenak eduki ditzatela.
Gaur egun, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea hamar lurralde-mugapetan eta bi zeharkako barrutitan antolatuta dago. BBZaren inaugurazioan, 2025ean zendutako Ibai Etxabarri Oroz basozain eta Sakana-Mendialdeko lurralde-barrutiaren koordinatzailea omendu da.





