Bilboko Udalak 2026ko Aste Nagusirako programatutako jarduera eta ekitaldi guztiak jasoko dituzten komunikazio eta informazio kanal desberdinak aktibatu ditu. Herritarrek eta jaietako bederatzi egunetan hiria bisitatzen dutenek xehetasun guztiak kontsultatu ahal izango dituzte, modu digitalean zein aurrez aurre.
Ildo horretan, Udalak gogorarazi du «BILBAO ASTE NAGUSIA 2026» aplikazio ofiziala dela, aurten ere, jai-guneetako 500 jarduera baino gehiagoren egitarau eguneratua kontsultatzeko modurik azkarrena, praktikoena eta osatuena. Aplikazioa doan dago eskuragarri iOS eta Android gailuetarako, eta aukera ematen du egitarau osoa aztertzeko, jarduerak kategoriaka edo intereska bilatzeko eta jaiekin lotutako ekitaldiak eta espazioak erraz aurkitzeko. Gainera, beste abantaila batzuk ere baditu, hala nola informazioa erabiltzaile bakoitzaren lehentasunen arabera pertsonaliza daitekeela edo programazioan egon litezkeen berrikuntzen eta aldaketen inguruko jakinarazpenak jaso daitezkeela, besteak beste.
Era berean, sare-sozialetan Udalak dituen kontu ofizialek -Bibalo Udala, Bilbao Jaiak, Bilbao Turismo eta Bilbao Kultura- Aste Nagusiko egitarauaren berri eguneratua eta zehatza emango dute. Gainera, ekitaldi nagusien eta une adierazgarrienen jarraipena egingo dute egunero, testu, argazki eta bideoekin.
Ekitaldi nagusi horien gorabehera guztiak, testu, argazki eta bideoekin, www.bilbao.eus udal webgunean ere kontsultatu ahal izango dira. Bertatik, gainera, erraz aurki daitekeen www.bilbao-astenagusia.eus gune berezira sartu ahal izango da. Bertan ere, programaren bertsio digitala deskargatu ahal izango da.
Webguneko edukiei eta gainerako informazio digitaleko komunikabideei newsletterrak gehitu behar zaizkie, Udalak harpidetutako pertsonei mezu elektronikoetara bidaltzen dizkien informazio-buletinak, hain zuzen ere.
AURREZ AURREKO ARRETA
Era berean, Udalak aurrez aurreko arretarako lau gune jarriko ditu herritarren eskura: Aznar eraikineko Jaien arloa, Txikiguneko informazio-standa eta Plaza Biribileko (Terminus) eta Guggenheim Bilbao Museoko turismo-bulegoak.
Edozein kontsulta egiteko, herritarrek udalaren informazio-zenbakia ere badute eskura: 010, Bilbotik deitzen bada, eta 944 010 010, Uritik kanpotik deitzen bada.






