Sendiko programak 200 familia zaurgarri baino gehiago artatu ditu, haien ikastetxeekin lankidetzan

0

Gizartean zaurgarritasun-egoera larrian dauden familientzako esku-hartze psikosozialeko Sendiko programari esker, halako 212 familiak artatu ahal izan dira programaren lehen lau ikasturteetan, betiere adingabeen ikastetxeekin lankidetzan eta haiekin koordinatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak bultzatutako programa honen helburua da programaren jardunaren hartzaileak gai izatea harreman osasuntsu eta gogobetegarriak eraikitzeko, haien loturak indartuta, kalteberatasun handiko egoerak gaindituta eta familia-bizikidetza eta guraso-gaikuntza hobetuta.

Programaren jarduna 2022-23 ikasturtean hasi zen, Lehen Hezkuntzako lau ikastetxetan, eta hurrengo ikasturtean (2023-24) Bigarren Hezkuntzako beste bat gehitu zen. Hirugarren ikasturtean, 2024-25, bederatzi ikastetxe izan ziren, eta azkenengoan, 2025-26 amaitu berrian, zortzi ikastetxek parte hartu dute. Familia-kopuruak ere gora egin du: 62 izan dira azken ikasturte honetan, eta, guztira, 212 izan dira lau urte hauetan.

Sendiko programaren bidez, alde batetik, esku-hartze psikosozialeko, diagnostikoko eta tratamendu indibidualeko eta/edo talde-tratamenduko eta familia- eta harreman-tratamenduko prozesuak egiten dira familiekin; eta, beste alde batetik, laguntza, gainbegiratzea eta formakuntza eskaintzen zaie familia horiei alderdi sozialetik eta hezkuntzaren aldetik lagun egiten dieten profesionalei (irakasleak eta eskola). Hori guztia, betiere, gizarte-zerbitzuekin eta komunitatearen beraren laguntza-sare informalarekin koordinatuta.

Sendiko, beraz, beste erakunde eta gizarte-baliabide batzuk osatzeko eta haiekin koordinatzeko programa psikosozial bat da, familia-eskola-komunitatea eskematik lan egin nahi duena.

Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak balorazio oso positiboa egin du programa honen gainean, eta adierazi du programaren arrakasta familien, ikastetxearen eta Aldundiaren laguntza teknikoaren arteko lankidetzaren emaitza dela.

Eta erantsi du programaren hartzaileak diren familiak eta adingabeak haien ikastetxeek proposatzen dituztela, maila indibidualean, familian eta/edo eskolan arrisku-faktoreak dituztela antzemanda.

Helburu espezifikoak

Familiei eta guraso-figurei dagokienez, honako hauek dira Sendiko programaren helburuak: gurasoek adingabeekiko guraso-trebetasunak eta hazkuntza-trebetasunak hobetzea; familia-loturak eta harreman-ondasunak indartzea (entzutea, aitortza, errespetua, konfiantza, babesa, afektua, zaintza, segurtasuna, konpainia, doakotasuna, elkarrekikotasuna…); adingabeentzako lotura-gune seguru eta babestuak eraikitzeko prozesuan hobetzea, bai eta familiaren premia afektibo eta emozionalei heltzeko prozesuan ere, eta familiek eurek komunitatean dituzten gizarte-laguntzako sareak hobetzea.

Irakasleei, hezkuntza-komunitateari eta gizarte-zerbitzuen sistemari dagokionez, berriz, honako helburu hauek ditu egitasmoak: batetik, hezkuntzaren eremuko talde profesionalek tresnak eskuratzea ikasleen premia emozionalei eta lotura-beharrizanei emandako arreta ulertzeko eta hobetzeko; bestetik, hezkuntza-komunitateak eta gizarte-zerbitzuen sistemak erantzun integratuak eman ahal izatea (arreta-ibilbide partekatuak), eta, hala, beren gaitasunak eta trebetasunak hobetzea adingabeekin eta haien familiekin egindako esku-hartzeetan, eta, azkenik, esku-hartzaileek genero-ikuspegia txertatzea familiekin egindako esku-hartzeetan, eta emakumeek jasan ditzaketen desabantaila- eta gutxiagotze-egoerak eta genero-estereotipoak detektatzea eta halakoak lantzea.

Programaren ebaluazioa

Ikastetxeek modu egituratuan eta programak ezarritako asteko aldizkakotasunarekin egin dute esku-hartzea, eta zentro bakoitzak astean 9 ordu bideratu ditu programara.

Ikastetxeek antzemandako premien artean nabarmentzen dira familia-egoera konplexuei arreta emateko eta horien jarraipena egiteko laguntzaren beharra, eta gelan adingabeek dituzten zailtasun-egoerei erantzuteko aholkularitza eta laguntzarena ere bai. Beharrizan horiei erantzun ahal izateko, ikastetxe bakoitzari esleitutako orduak zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin koordinatzeko erabili dira, eta baloratu da, zentro bakoitzarekin, bertan hautemandako premiei lotutako prestakuntza egitea.

Ikastetxeentzat oso baliagarria da profesional bat egotea, familien balorazio psikosozialetik abiatuta laguntza emango diena laguntza-zerbitzu komunitarioetara hurbiltzeko eta zerbitzu horiekin harremanetan jartzeko. Izan ere, detektatu dute familia oso zaurgarriek zailtasunak izaten dituztela komunitatearen laguntza- eta babes-baliabideetara atxikitzeko.

Programa garatzen hasi zenetik, udalerri bakoitzeko baliabideak bilatu, eta haien mapa bat egin da. Horrez gain, harremanak eta koordinazioa ezarri dira gizarte-zerbitzuekin, haurrak eta familiak artatzeko udal-baliabideekin, familiekin esku hartzen duten komunitateko entitateen baliabideekin, emakumeei laguntza eta babesa emateko zerbitzuekin eta udalerri bakoitzeko beste zerbitzu espezifiko batzuekin.

Komunitateak oso modu positiboan onartu eta baloratu du programa, eta bideratzeak antolatzeko kanal protokolizatuak eta egituratuak ezarri dira.