Eusko Jaurlaritzak 1,25 milioi euro bideratuko ditu Basque Quantum estrategia sendotzera

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Gobernu Kontseiluak Ikerbasquerentzako laguntza onartu du, teknologia kuantikoen arloko ikerketa eta berrikuntza indartzeko eta kualifikazio handiko pertsonak erakartzeko.
  • Finantzaketak Euskadiko ekosistema kuantikoa sendotzen eta teknologia horien aplikazioa ekoizpen-sarean bultzatzen lagunduko du.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 1,25 milioi euroko zuzeneko laguntza onartu dio Ikerbasque Fundazioari, Basque Quantum (BasQ) estrategia indartzeko. Ekimenaren helburua da Euskadik teknologia kuantikoen arloan dituen gaitasunak sendotzea eta alor horretan nazioarteko erreferentziazko polo bat eraikitzen aurrera egitea.

Laguntzaren bidez, BasQren gaitasunak indartu ahal izango dira hainbat arlotan: ikerketa; prestakuntza eta gaikuntza; berrikuntza eta transferentzia teknologikoa; azpiegitura zientifiko-teknologikoen kudeaketa; Euskadiko ekosistema kuantikoaren gobernantza eta koordinazioa; eta komunikazio eta zabalkunde jarduerak.

Erabaki hau Eusko Jaurlaritzak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren bitartez, teknologia kuantikoen alde egiten duen apustu estrategikoaren barruan kokatzen da. Teknologia kuantikoak berebiziko garrantzia izango dute Euskadiren etorkizun zientifiko, teknologiko eta ekonomikorako.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek nabarmendu duenez, laguntza horrek “Basque Quantum estrategian parte hartzen duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentroen jarduerei babesa emateko balioko du”. Era berean, adierazi duenez, “jarduera-ildo hori bat dator berriki berrikusitako ZTBP 2030aren aurreikuspen eta helburuekin, zehazki Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Berrikuntza-Iparrorratzarekin, eta IKUR estrategian du jatorria”.

 

Gaitasunak zabaltzetik berrikuntza sortzera

Estrategia honen aktibo nagusietako bat Ikerbasqueren eta IBM Researchen arteko aliantza da. Lankidetza horri esker, konputazio kuantikoko gaitasun aurreratuak txertatu dira Euskadin, eta euskal ekosistema alor horretako ikerketa eta garapeneko nazioarteko sare nagusiekin konektatu da.

Testuinguru horretan, duela ia urtebete Donostian IBM Quantum System Two abian jartzea mugarri izan zen Euskadiko gaitasun kuantikoen garapenean, eta etapa berri bati eman zion hasiera. Etapa berri horren ardatza azpiegitura hori ahalik eta gehien baliatzea da, ikuspegi zientifiko, teknologiko eta enpresarialetik.

Joan den uztailean, enpresek eta erakunde publikoek IBM Quantum System Two sistemara sarbidea izan dezaten errazteko protokoloa aurkeztu zen. Ekimenaren helburua da berrikuntza- eta transferentzia teknologikoko proiektu berriak garatzea sustatzea, konputazio kuantikoko gaitasunak ekoizpen-sarearen eta sektore publikoaren erronka eta beharretara hurbilduz.

Horrela, BasQ azpiegiturak, gaitasun zientifikoak eta talentua sortu eta sendotzeko etapatik beste fase batera igarotzen ari da: teknologia kuantikoetan oinarrituta aplikazioak, ezagutza eta berrikuntza sortzea eta transferentziarako aukera berriak bultzatzea helburu duen fasera, hain zuzen ere.

 

Euskal ekosistema kuantikoa koordinatzeko egitura

BasQk funtsezko zeregina du prozesu horretan, estrategian parte hartzen duten jarduerak eta eragileak koordinatzen baititu, eta unibertsitateen, ikerketa-zentroen, zentro teknologikoen, enpresen eta nazioarteko bazkideen arteko lankidetza sustatzen baitu. Ikerbasquek BasQrekin lotutako jardueren koordinazioa bere gain hartzen du, eta lankidetza horren eragile nagusi gisa jarduten du.

Onartutako finantzaketari esker, koordinazio-egitura horri jarraipena eman eta indartu ahal izango zaio, eta, aldi berean, estrategiaren garapenerako eta ekosistemaren eskura jarritako azpiegitura eta baliabideak baliatzeko beharrezko gaitasunak bermatuko dira.

BasQ estrategiaren helburua da Euskadi nazioarteko erreferentziazko ekosistema bihurtzea teknologia kuantikoen arloko ikerketan, prestakuntzan, berrikuntzan eta transferentzian. Horretarako, gaitasun zientifikoak indartzea uztartu nahi du talentua sortu eta erakartzearekin eta enpresa-berrikuntza sustatzearekin.