Osasun sailak mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia zaintzeko eta kontrolatzeko Euskadiko estrategia bultzatzen du

0
Microscope in the Laboratory, modern close-up shot
  • Biosistemak Osasun Ikerketako Institutua arduratuko da Euskadin mikrobioen aurkakoekiko erresistentzian lan egiten duten eragileak eta proiektuak identifikatzeaz eta One Health (Osasun bakarra) ikuspegia duen zaintza- eta kontrol-estrategia autonomikoaren oinarriak finkatzeaz, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratuta
  • Ekimen honek Euskadiko Osasun Itunaren eta Euskadi 2030 Osasun Planaren konpromisoetako bat betetzen du, mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia munduko osasunerako 10 mehatxu nagusietako bat baita, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 26.250 euroko dirulaguntza zuzena eman dio gaur Biosistemak osasun-sistemen ikerketa sanitarioko institutuari. Helburua argia da: Euskadin mikrobioen aurkakoekiko erresistentziaren (RAM) inguruan lan egiten ari diren eragileak eta proiektuak mapatzea eta, mapa horretatik abiatuta, zaintza eta kontrolerako Euskadiko estrategia diseinatzea, “Osasun bakarra” (One Health) ikuspegiarekin, hau da, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratuta.

Neurria biltzen da Euskadiko Osasun Itunean (1. ildo estrategikoaren 1.2 ekimena, “One Health ikuspegia, Osasuna eta Aldaketa Globala”) eta Euskadi 2030 Osasun Planean (6.6.3 helburua); izatez, bi dokumentu horietan adierazten da mikrobioen aurkakoekiko erresistentziak (RAM) lehentasuna duela eta sektore arteko erantzuna eskatzen duela.

Zergatik da garrantzitsua orain jardutea

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasunerako 10 mehatxu orokor nagusien artean kokatzen du mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia, funtsezko tratamenduen efikazia murrizten baitu eta tratatzeko zailak edo ezinezkoak diren infekzioen arriskua handitzen baitu. Zenbatespenen arabera, 2021ean mundu osoan 1,14 milioi inguru heriotzarekin lotu zen mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia bakterianoa, eta eragin handiagoa izan zuen baliabide gutxien eta zaintza-estaldura txikien duten inguruneetan.

Nazioarteko, Europako eta Estatuko ekintza-planak (PRAN) bat datoz konponbidea sektore anitzeko estrategiaren bidez lortuko dela esatean. Euskadin ildo horretan jada lanean ari diren eragileak daude, eta hurrengo urratsa izango da estrategia autonomiko integratua garatzea, One Health ikuspegiarekin. Hori dela eta, interes publiko handikotzat jotzen da identifikazioko eta diseinu estrategikoko aurretiazko lan hori finantzatzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari laguntzea

Biosistemak institutuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari lagunduko dio:

  • Euskadin mikrobioen aurkakoekiko erresistentzian lan egiten duten eragileak eta proiektuak identifikatzen.
  • Mikrobioen aurkakoekiko erresistentzian erreferentziazkoa izango den Euskadiko ekosistema definitzen (nork zer egiten duen, zer daturekin eta zer gaitasunekin).
  • Mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia zaindu eta kontrolatzeko estrategia autonomikoaren oinarriak diseinatzen, One Health ikuspegiarekin. Estrategia hori bat etorriko da Osasunaren Mundu Erakundearen, Europar Batasunaren eta Estatuko ekintza-planekin.

Ekimen hori Gobernu Programarekin lotzen da (1. ardatza: “Pertsonak erdigunean”; Osasun Arloa; 8. konpromisoa, Osakidetzako berrikuntzari eta tresna digitalei buruzkoa), eta Euskadiko eragile biosanitarioek eta ikerketak erronka globalei —esaterako mikrobioen aurkakoekiko erresistentziari— erantzuteko betetzen duten zeregina indartzen du.