Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako REVIVAE sarien lehen edizioa jarri du abian. Ekimen horren bidez, despopulazio arriskuan dauden Foru Komunitateko udalerriak bizirik mantentzen eta jarduera eta aukerak sortzen laguntzen duten pertsonak, entitateak, proiektuak eta ekimenak aintzatetsi eta ikusarazi nahi dira.
Sarien lehenengo edizioaren deialdiaren aurkezpena gaur egin da Muruzabal etxean, San Martin Unxen, Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendari Nagusiaren eta Javier Leoz herriko alkatearen kontura. Aurkezpenean zehar, Rodríguezek balioa eman die sari horiei, hain zuzen ere, «xede dutenak arreta jartzea haien herrien eta komunitateen etorkizunaren alde hainbat alorretan lan egiten dutenengan». «Sari horiek sortzea Nafarroako Gobernuaren estrategiaren parte da, erronka demografikoari aurre egiteko gaitasunen aitortzatik eta lurraldean lehendik dauden aukeretatik. Erronka hori positiboki ikusi behar da», erantsi du Rodríguezek.
Hark azaldu duenez, «Herrietako bizimoduaren narratiba aldatzen laguntzen duten horiek saritu nahi ditugu, eta gure landa-inguruneak duin zein erakargarri bihurtu nahi ditugu, horietan proiektu pertsonal edo enpresa-proiektuak garatzeko». «Revivae sarien lehen deialdiaren bidez, Nafarroako herriak mantentzen dituzten pertsonak ospatuko ditugu, bai eta enplegua sortzen dituzten ekimenak sendotzen dituztenak, zerbitzuak ematen dituztenak, jarduera ekonomikoa bultzatzen dituztenak, gizarte-kohesioa indartzen dutenak edo garapen-aukera berriak irekitzen dituztenak ere», ondorioztatu du Despopulazioko buruak.
San Martin Unxeko alkateak sari horien garrantzia nabarmendu du, baita Foru Gobernuaren ekimena ere, landa-eremuan egindako jarduerak sustatzeko, despopulatzearen aurkako tresna gisa.
Bost kategoria tokiko garapenari laguntzeko moduak aitortzeko
Nafarroako REVIVAE sariek bost modalitate dituzte: Ekin, Esentzia, Publikoa, Aitzindaria eta Inspirazioa. Modalitate horiek tokiko ingurunea dinamizatzen laguntzeko eta despopulatzearen erronkari aurre egiteko hainbat modu jasotzen dituzte.
«Ekin» kategoriak ekintzailetzari eta jarduerak egiteari zein enpleguari lotutako ekimenak aitortuko ditu, «Esentziak» balioa emango die nortasunari zein udalerrien baliabide propioei lotutako jarduketei, «Publikoa» kategoriak alor publikoetatik garatutako ekimenak bereiziko ditu, «Aitzindaria»k lurraldeari aukera berriak irekiko dizkion proiektu berritzaileak aitortuko ditu eta «Inspirazioa» haien esperientzia dela eta beste lurralde batzuentzat erreferentzia izan daitezkeen pertsona, entitate edo esperientziei zuzenduta dago.
Horrela, sariek tokiko ingurunea sendotzen duten eta esperientziei ikusgarritasuna ematen dieten ekimenen aniztasuna islatu nahi dute. Izan ere, nahiz eta esperientzia horiek eragina izan ohi duten horiek egiten diren komunitatean, ez dute beti merezi duten aitortza publikoa lortzen.
Deialdiaren ezaugarriak
Hautagaiek jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dute eta jarduketaren lurralde-eremuak despopulatze-arrisku kategoria hauetakoren batean egon behar du: muturreko arriskua, arrisku bizia, arrisku esanguratsua, gainbehera bizian edo gainbehera moderatuan.
Modalitateen informazioa, baldintzak eta hautagaiak aurkezteko prozedura eskuragarri dago Nafarroako Gobernuak gaitutako izapidean. Hautagaiak aurkezteko prozedura irekita egongo da 2026ko irailaren 28ra arte.
Nafarroako REVIVAE sariek esperientziak partekatu eta aitortzeko eremu bilakatu nahi dute, zeinak erakusten duten Nafarroako landa-inguruneak proiektuak, talentua eta gaitasuna duela, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko.






