Demokraziaren Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak gaurko saioan adierazpen instituzional bat onetsi du, eta adierazpen horretan «Zuzenbide estaturekin, giza eskubideekin, askatasun publikoekin eta gure elkarbizitzako funtsezko printzipioekin duen konpromisoa berretsi du». Horiek horrela, Foru Gobernuak bat egin du gaurko (asteartea, irailak 15) ospakizuna dela eta hainbat erakunde zein organismok printzipio demokratikoei eginiko babes-erakusketekin.
Javier Remirez lehen lehendakariorde, Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari eta Foru Gobernuaren bozeramaileak nabarmendu du garrantzitsua dela konpromiso hori berrestea “konkistatutako eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtso autoritario, baztertzaile eta erreakzionarioak berreskuratzeko, konfrontazioa elikatzeko eta desberdintasun sozialak, lurraldekoak, kulturalak edo politikoak liskarrerako arrazoi bihurtzeko” unean.
Declaración institucional del Gobierno de Navarra ante el Día Internacional de la Democracia
Hauxe da adierazpen instituzionalaren hitzez hitzeko testua:
«Urtero irailaren 15ean ospatzen den Demokraziaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Nafarroako Gobernuak berresten du konpromiso argia duela demokraziarekiko, Zuzenbide Estatuarekiko, giza eskubideekiko eta askatasun publikoekiko, gure bizikidetzaren funtsezko printzipioak diren heinean.
Demokrazia ez da aldian behin botoa ematera mugatzen; izan ere, demokrazia bizikidetza-modu bat da, honako elementu hauetan oinarritzen dena: askatasuna, berdintasuna, aniztasuna, desberdin pentsatzen dutenekiko errespetua, elkarrizketa eta arau partekatuen onarpena. Horrek ahalbidetzen du gizarte askotarikoak elkarrekin bizitzea, eta desberdintasunak modu baketsuan konpontzea.
Historiak erakusten du aurrerapen demokratiko bakar bat ere ez dela atzeraezina. Gure inguruan ere, gero eta maizago entzuten dira zenbait diskurtso autoritario, baztertzaile eta erreakzionario, lortutako eskubideak zalantzan jarri, konfrontazioa elikatu, eta lurralde-gatazkak zein desberdintasun sozial, kultural eta politikoak liskar-iturri bihurtzen dituztenak.
Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak demokrazia sendo bat aldarrikatzen du, pertsona guztiak babestuko dituena, eta guztiei bermatuko diena ez dituela inork diskriminatu, seinalatu, beldurtu edo deshumanizatuko honako hauen aitzakian: ideiak, jatorria, sexua, identitatea edo izaera.
Nafarroako Gobernuak berariaz gaitzesten ditu adierazpen nazi, faxista, totalitario, arrazista, xenofobo eta supremazistak oro, bai eta gorroto, intolerantzia edo indarkeriazko jokamolde guztiak ere. Bide beretik, eztabaida publikoan zilegitasun osoz parte hartzen dutenak (ordezkari instituzionalak, komunikabideak, gizarte-erakundeak, herritarrak) beldurtzeko edo deslegitimatzeko saiakerak oro arbuiatzen ditu.
Nafarroa gizarte askotarikoa da, eta aniztasun hori indargunea dugu, errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan oinarrituta babestu behar duguna; bereziki bermatu behar dugu, gainera, egoera ahulenetan daudenen babesa.
Erantzun argi hau eman behar diegu bizikidetza demokratikoa kolokan jarri nahi dutenei: demokrazia, eskubide, berdintasun eta justizia gehiago.
Nafarroako Gobernuak lanean jarraituko du erakundeak sendotzeko, askatasun publikoak babesteko eta diskriminazio mota orori aurre egiteko, pertsona guztiek beren bizi-proiektua garatu ahal izan dezaten Nafarroa aske, plural eta demokratiko batean.
Izan ere, demokrazia ezin da inoiz bermatutzat jo: egunero-egunero eraiki, zaindu eta defendatu behar da.»






