- Programa “Emakumea Industriara” beste sektore batzuetan lan-esperientzia duten emakumeei zuzendutako Proiektu Eraldatzaile berri bat da, eta hiru helburu ditu: emakumeak erakartzea, formatzea eta industriako ekoizpen-lanpostuetara txertatzea.
- Programa pilotu berri honek gehienez milioi 1 euroko hasierako aurrekontua izango du, eta horiek prestakuntzara eta beketara bideratuko dira. Lehen fasean, tokiko 5 eta 7 proiektu artean hautatzea aurreikusten da.
- Parte-hartzaileek tokiko industriaren beharretara egokitutako prestakuntza jasoko dute, eta, berrikuntza modura, prestakuntza irauten duen bitartean hilero 1.000 euro arteko beka jasoko dute
Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bidez, «Emakumea Industriara» Proiektu Eraldatzailea abiatu du. Ekimen horren helburua da emakumeak Euskadiko industria-enpresetako ekoizpen-lanpostuetan txertatzea sustatzea, kontratazio-konpromiso errealekin lotutako prestakuntza-ibilbideen bidez.
Era horretara, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bere gain hartutako konpromisoa betetzen du: beste sektore batzuetan lan-esperientzia duten emakumeak industriako ekoizpen-lanpostuetara erakartzea, prestatzea eta bertan txertatzea. Horretarako, honako programa pilotu berri hau jarri du abian, hasiera batean milioi 1 euroko aurrekontuarekin, prestakuntza eta bekak finantzatzeko. Lehen fasean, tokiko 5 eta 7 proiektu artean hautatzea aurreikusten da.
Honako Proiektu Eraldatzailearen beste helburuetako bat da Euskal industriaren talentu-beharrari erantzutea eta emakumeen parte-hartzea handitzea oraindik ere gutxi ordezkatuta dauden sektore batean. Egun, emakumeek industriako enpleguaren %21,7 baino ez dute ordezkatzen, eta ehuneko hori nabarmen jaisten da lantegietako ekoizpen-lanpostuetan.
Proiektuaren aurkezpenean, Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “industriak kalitatezko enplegua eskaintzen du, eta emakumeen presentzia urria gure herrialdeko lan-arrakalaren faktore nagusietako bat da. Emakumeek industrian duten ordezkaritza urriaren aurka borrokatzea Euskadiko gizonen eta emakumeen arteko ekitatearen alde egitea da”.
Sailburuak azpimarratu duenez, “gizarte gisa, beharrezkoa dugu emakumeak industriako ekoizpen-lanpostuetan txertatzea. ‘Emakumea Industriara’ proiektuaren bidez, gure industriak duen talentu-behar horri erantzun nahi diogu, emakumeak erakarriz eta prestatuz, ondoren industriako ekoizpen-lanpostuetan sar daitezen. Industrian berdintasuna sustatzea lehiakortasun handiagoaren sinonimoa da”.
“Emakumea Industriara” proiektua martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzak hiru sail mobilizatuko ditu: Industria, Enplegu eta Hezkuntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-programaren bidez; zehazki, sektore maskulinizatuetan emakumeen kontrataziorako prestakuntza sustatzen duen programaren bidez.. Helburua da euskal industriaren talentu-oinarria estrukturalki aldatzea, berdintasuna, lehiakortasuna eta belaunaldi-erreleboa uztartuz. Era horretara, industria-sektorearen osaeran iraupen luzeko aldaketa sustatu nahi da, eta, horretarako, profesional berri gehiago txertatuko dira eta Euskadik etorkizuneko industria-garapenerako beharko dituen gaitasunak eta belaunaldi-erreleboa bermatzen lagunduko da.
Proiektu pilotuek tokiko garapen-agentzien eta industria-elkarteen lankidetza izango dute, eta gehienez 6 hilabeteko iraupena izango dute. Programaren hurrengo egunetan irekiko da.
Hautagaitzek aurkeztu beharko dituzte eskainiko den prestakuntza-programa eta beteko diren industriako ekoizpen-lanpostuak. Parte-hartzaileek tokiko industriaren beharretara egokitutako prestakuntza jasoko dute eta, berrikuntza moduan, hilero 1.000 euroko beka jasoko dute prestakuntza irauten duen bitartean.
Honako proiektu pilotuetatik lortutako esperientzian oinarrituta, datorren urtean Euskadi osora zabalduko den programa bat jarriko da abian, euskal industria bultzatzen eta industria-sektorean emakumeentzako lanpostuak sortzen jarraitzeko.
Lidergo publikoko honako Proiektu Eraldatzaile berri hau Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 Industria Planaren baitan hartutako 25 konpromisoetatik aurkeztutako hamazazpigarrena da. Aurkeztutako 17 proiektuetatik, sei lidergo pribatukoak dira, eta honako hau sektore publikoak gidatutako hamaikagarrena da.
25 Proiektu Eraldatzaileetatik 17 dagoeneko abian jarri dira: horietatik 6 sektore pribatuak gidatzen ditu, eta 11 sektore publikoak
Industria Plana Euskadi 2030ek lidergo publiko zein pribatuko 23 Proiektu Eraldatzaile jasotzen zituen hasiera batean. Horiei lidergo pribatuko beste bi proiektu gehitu zaizkie: “Zero Emissions Marine Boat” eta “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak”.
Industria Plana Euskadi 2030 plan dinamikoa da, eta haren baitan garatzen dira Proiektu Eraldatzaileak. Horregatik, aurreikusten da industria-beharrak aldatzen diren heinean proiektu berri gehiago gehitzen joatea.
Egun dauden 25 Proiektu Eraldatzaileetatik, 17 jarri dira dagoeneko abian: horietatik 11 sektore publikoak gidatzen ditu eta 6 sektore pribatuak.
Sektore publikoak gidatutako proiektuak honako hauek dira: ESG Euskadi; Euskadi: Climate Change Adaptation Living Lab; Euskadiko sare elektrikoen plangintza (potentzia %40 baino gehiago handitzea); Euskadi SpaceLab (ESA BIC); Energia Berriztagarrien Garapena; administrazio-prozesuen hobekuntza (Autopista Erregulatzailea); Industria-lurzoruaren eta azpiegituren erreserba estrategikoa; Scale Up Funtsa; Euskorpus; Basque Zirkular Metals, eta, gaur aurkeztutako “Emakumea Industriara”.
Horretaz gain, sektore pribatuak gidatutako sei proiektuak honako hauek dira: “Euskadin abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoaren arkitektura berriak”; “ROBOOST”; “Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak”; “Erregai berriztagarrien Hub-a”; “Grid4Industry”; eta “Zero Emissions Marine Boat”.
Sei Proiektu Eraldatzaile horiek, guztira, 679 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakarte, eta, horietatik, 368 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dira. Sei proiektuen bidez, kalitatezko 3.800 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Horrez gain, Euskadiko industria-sareko beste 159 enpresa bultzatuko dituzte, gehienak ETEak, eta, horretarako, herrialdeko Zentro Teknologikoen lankidetza izango dute.






