- Gaur sartu diren 332 pertsonek bederatzi hilabeteko prestakuntza jasoko dute Akademian, eta beste 12 hilabeteko praktikaldia egingo dute Ertzaintzan.
- Zupiriak ikasleak animatu ditu lankidetasuna, enpatia eta talde-lana sustatzera, eta gogorarazi du herritarrek polizia hurbila eta kalean presente dagoena eskatzen dutela.
Ertzaintzaren 35. promozioko agenteak gaur sartu dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, beraien prestakuntza hasteko. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Jon Goikolea Akademiako zuzendariarekin eta Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordearekin batera, ongietorria eman die ikasleei Akademian bertan egindako ekitaldi batean.
Gaur 332 pertsona sartu dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, hautaketa-prozesuaren lehen zatiko proba teoriko, psikotekniko eta fisiko guztiak gainditu ondoren. Orain, bederatzi hilabeteko prestakuntza dute Akademian, eta, ondoren, beste 12 hilabeteko praktikaldia egingo dituzte Ertzaintzan.
Arkauteko Akademian gaur sartu diren pertsonen % 39 emakumeak dira. Ikasleek 27,89 urte dituzte batez beste. Era berean, etorkizuneko agenteen %97,29k B2 mailako edo goragoko euskara-maila egiaztatu dute. Pertsona gehienak Bizkaikoak (% 66,87), Gipuzkoakoak (% 17,77) eta Arabakoak (%12,95) dira.
Ertzaintzaren 35. promozioko ikasturteari hasiera eman dion jardunaldian, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak adierazi du etapa hau euskal gizarteak ikasleei profesional gisa prestatzeko eskaintzen dien aukera dela. Ildo horretan, aukera hau baliatzera animatu ditu, lankidetasuna, enpatia eta talde-lana sustatzeko.
Zupiriak, halaber, etorkizuneko agenteei eskatu die kontuan izan dezatela zein den sartuko diren erakundearen jatorria, eta gogora ekarri ditu, hainbat etapa historikotan, Euskadik bere segurtasunaren ardura bere gain hartzearen aldeko apustua egin zuten pertsonak.
Era berean, sailburuak herritarrek segurtasunaren arloan dituzten eskaerak helarazi dizkie ikasleei. Horien artean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek kalean presentzia handiagoa izatea nabarmendu du, bereziki oinezko patruilen bidez. “Hurbiltasuna eskatzen digute, ikusi egin nahi gaituzte. Kalean ikusi nahi gaituzte, patruilatzen, agurtzen eta jendearen kezkez arduratzen”, adierazi du.
Promozio desberdinen arteko bizikidetza
Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian gaur sartu den Ertzaintzaren 35. promozioa aurtengo maiatzean Akademian sartu zen Euskal Poliziaren 5. promozioko ikasleekin batera biziko da hilabete batzuetan. Guztira 607 agente izango dira Akademian elkarrekin bizitzen eta prestatzen.
Horiek guztiek prestakuntza teoriko eta praktiko handia jasotzen dute, ertzain eta udaltzain izateko beharrezkoak diren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko diseinatua. Prestakuntza-etapa horiek gainditzen dituztenek diploma jasoko dute, eta gero behin-behineko plaza lortu duten Euskal Poliziaren kidegoetan (Ertzaintza eta udaltzaingoa k)12 hilabetez ordaindutako praktikak egiten hasiko dira. Horiek arrakastaz gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario bihurtuko dira behin betiko.






