- Topaketa Euskal Trenbide Sareak Europako beste bost herrialdetako erakundeekin batera lideratzen duen eta trenbidearen esparruan oztopoak kentzea helburu duen Crosusmob proiektu europarraren parte da
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Frantziako Provence-Alpes-Côte d’Azur eskualdea bisitatuko du datorren asteartetik aurrera. Bertan, Frantziako eskualde horren eta Monako eta Italiaren arteko mugaz gaindiko trenbide-mugikortasuna bertatik bertara ezagutzeko asmoa du. Topaketak Crosusmob: Fostering Cross-border Sustainable Mobility proiektu europarraren barruan kokatzen dira. Proiektua Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak lideratzen du, eta Interreg Europe programaren eta Feder funtsen parte da.
Zehazki, Frantziako Cannes, Niza eta Breil-sur-Roya herrietatik Italiako Liguria eskualdera, Ventmigliara, doazen bi korridoreei buruzko esperientziak partekatuko ditu sailburuak bertako agintariekin. Era berean, datorren asteartean, García Chueca Monakoko azpiegituren eta mugikortasunaren ardura duten agintariekin elkartuko da.
“Beste esperientzia batzuetara, askotan Euskadin sortzen zaizkigun erronken antzekoei aurre egin behar dieten erakundeen esperientzietara, hurbiltzea gure eguneroko jardunean agian erreparatu ez genituen eta uste genuena baino gertuago zeuden soluzioak aurkitzeko modu bat da”, adierazi du García Chuecak, eta defendatu du tren bidezko mugaz gaindiko mugikortasuna sustatzea beharrezkoa dela garraio publikoaren bitartez mugikortasun jasangarria sustatzea inoiz baino beharrezkoagoa den testuinguruan.
Gainera, bisitan, Sailak gertuagotik ezagutuko du Niza hiriko tranbiaren funtzionamendua. Hiriak 4 linea eta 30 kilometro baino gehiagoko trazadura dituen sare zabal eta modernoa du.
Crosusmob
Gaur egun bidaiarien trenbide-trafikoaren % 7 baino ez da mugaz gaindikoa. Estrategiak bateratuz eta esperientziak trukatuz, Crosusmob programak eskualde- eta nazio- mailako politikak hobetu nahi ditu, Europako Trenbide Espazio Bakarra ezartzeko, oztopoak kentzeko eta garraio jasangarria aukera erraza, eskuragarria eta ibilgailu pribatuarekin lehiatzeko bezain moldakorra izan dadin.
Helburu hori konplexua da mugaz gaindiko eskalan, erakundeen, kudeaketa-ereduen eta hizkuntzen aniztasuna dela-eta, Euskadiz gain, Crosusmoben parte hartzen duten Frantzia, Eslovenia, Hungaria, Alemania eta Herbehereetako mugako eskualde europarretako adituek identifikatu duten bezala.






