- Mahai-inguruak kazetariek dinamizatuko dituzte eta haietan parte hartuko dute, besteak beste, Osakidetzako profesionalek, hainbat gaietako espezialistek, pazienteek eta jorratuko diren gaiekin lotutako pertsonek
- Ekimen hau gauzatzeko Donostialdeko ESIak lankide izan ditu Zarauzko Udala, Biziraun elkartea, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Garuneko Gaitza ATECE Gipuzkoa eta Alcohólicos Anónimos
- Hitzaldien ziklo honek Osasunaren Euskal Itunaren konpromiso nagusietako bati erantzuten dio: osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa, eta haren helburuen artean daude sektore arteko ekintza, inguru osasungarrien sustapena, ekintza komunitarioa, osasunerako hezkuntza, osasun-sistema sustapenera bideratzea eta desberdintasunak murriztea
Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zarauzko Udalarekin batera, osasuna sustatzeko eta prebentziorako mahai-inguruen ziklo bat antolatu du. Saioetan gai hauek landuko dira, betiere prebentzioaren ikuspegia kontuan hartuta: elikadura, ariketa fisikoa, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, alkoholismoa eta suizidioa. Mahai-inguruak kazetariek dinamizatuko dituzte eta haietan parte hartuko dute, besteak beste, Osakidetzako profesionalek, hainbat gaietako espezialistek, pazienteek eta jorratuko diren gaiekin lotutako pertsonek.
Hitzaldiak Felix Zubiak koordinatu ditu —medikuntza intentsiboko espezialista eta Donostialdeko ESIko Medikuntza Intentsiboko zerbitzuburua—, eta Zarauzko Santa Klara Kultur Zentroan egingo dira hilean behin. Lehenengoa irailaren 30ean (asteazkena) izango da, 19:30ean, eta elikadurari buruzkoa izango da. Mahai-inguru horretan parte hartuko dute Garbiñe Aizpuruk (dietista, nutrizionista eta Osakidetzako profesionala Donostialdeko ESIan), Daniel Lasak (sukaldaria eta Donostiako Goi Mailako Sukaldaritza Eskolako teknikari espezialista) eta Julen Zulaikak (nekazaria eta Ametsola baserri ekologikoaren arduraduna). Saioa hasi aurretik Osakidetzako abesbatzak (Kantakidetza) kantatuko du.
Pazienteen elkarteekin izandako lankidetza
Ekimen hau gauzatzeko, Donostialdeko ESIak lankide izan ditu Zarauzko Udala, Biziraun elkartea, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Garuneko Gaitza ATECE Gipuzkoa eta Alcohólicos Anónimos; lan horretan, helburu sendo hauek izan ditu: gizarte-kohesioa indartzea, herritarren arteko loturak sendotzea eta ingurune berean bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzea.
Proposamen horren bidez, Donostialdeko ESIak eta Osasun Sailak, Zarauzko Udalarekin eta inplikatutako elkarteekin batera, osasuna sustatzera eta gaixotasunak prebenitzera bideratutako hausnarketa-gune bat sustatu nahi dute ikuspegi komunitario batetik, bizi-ohitura osasungarriak hartzen laguntzeko gure erkidegoaren ahalduntzearen eta osasun-hezkuntzaren bidez.
Ekimena bat dator Osasun Eskolak herritarren osasuna indartzeko dituen helburuekin; izan ere, haien eskura jartzen ditu informazioa eta tresnak, Osakidetzako ekintza komunitarioak osatzeko eta zainketan parte-hartze aktiboagoa izateko.
Hitzaldien ziklo honek Osasunaren Euskal Itunaren konpromiso nagusietako bati erantzuten dio: osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa, eta haren helburuen artean daude sektore arteko ekintza, inguru osasungarrien sustapena, ekintza komunitarioa, osasunerako hezkuntza, osasun-sistema sustapenera bideratzea eta desberdintasunak murriztea. Esku-hartze komunitario honen bidez Osakidetzak eta Osasun Sailak sustatu egin nahi dituzte Osasunaren Euskal Itunak hartutako Osasun Sistema Publikoaren balioak eta printzipioak, hala nola unibertsaltasuna, elkartasuna eta ekitatea, bai eta parte-hartzea, aurrea hartzea, prebentzioa eta herritarren beharrei erantzutea ere.
Lehenengo mahai-ingurura joateko esteka hauetako batean eman behar da izena:
- Euskara: https://inkestagune.osakidetza.eus/index.php/952168?lang=eu
- Castellano: https://inkestagune.osakidetza.eus/index.php/952168?lang=es
PROGRAMA
Elikadura – irailaren 30a
Moderatzailea: Mikel Rotaetxe
Parte-hartzaileak: Garbiñe Aizpuru. Osakidetzako dietista-nutrizionista Donostialdeko ESIan; Daniel Lasa. Sukaldaria; Julen Zulaika. Nekazaria
Ariketa fisikoa – urriaren 29a
Moderatzailea: Leire Arrojeria
Parte-hartzaileak: Olatz Etxebeste. Osakidetzako fisioterapeuta Donostialdeko ESIan; Usoa Ostolaza. Txirrindularia; Iratxe Aranburu Epelde. Zarauzko Udaleko kirol zuzendaria
Gaixotasun kardiobaskularrak – azaroaren 19a
Moderatzailea: Unai Iradi
Parte-hartzaileak: Patricia de la Riva Aizpuru. Osakidetzako neurologoa Donostialdeko ESIan; Maitena Larrañaga. Osakidetzako erizaina Donostialdeko ESIan; Jose Ramón Guridi. Iktusa izan duen pazientea.
Minbizia – abenduaren 17a
Moderatzailea: Ana Galarraga
Parte-hartzaileak: Naiara Sagastibeltza. Osakidetzako onkologo medikoa Donostialdeko ESIan; Nerea Loro. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea; Enrique Martín. Minbizia izan duen pazientea
Alkoholismoa – urtarrilaren 21a
Moderatzailea: Gorka Peñagarikano
Parte-hartzaileak: Maialen Velasco. Osakidetzako familia-medikua Donostialdeko ESIan; Fernando Eizaguirre. Familia-medikua; Libre Intxauspe. Osakidetzako psikiatra Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarean
Suizidioa – otsailaren 18a
Moderatzailea: Garbiñe Uria
Parte-hartzaileak: Andrea Gabilondo. Psikiatra. Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria; Agustín Erkizia. Biziraun Elkartea; Aitziber Garmendia. Aktorea






