Gaur aurkeztu da Bilboko Arte Ederren Museoko «Bildu(e)mak.Colecciones» erakusketa.
Bildu(e)mak izenarekin, bere bildumari buruzko ikuspegi berri bat proposatzen du museoak, mila ale inguruko obra-sorta batean oinarriturik. Askotariko garaiak, jatorriak eta diziplinak biltzen dituen ibilbide oparo bat, Antzinaroan hasi eta gaur egungo azken sorkuntzetara bitartekoa.
Lehen etapetan, Erdi Aroa, Errenazimentua eta Barrokoa daude ordezkatuta, ospe handiko maisulanen bidez, eta japoniar artelanen sorta bat ere ikus daiteke, museoaren funtsen oparotasunaren eta izaera heterogeneoaren erakusgarri. XX. mendera hurbildu ahala, modernitateak pinturaren, eskulturaren eta arte aplikatuen norabidea berritu zuen, eta abangoardiako mugimenduen eskutik –hala nola kubismoaren eta surrealismoaren eskutik– teknikak eta gaiak ugarituz joan ziren. Horren guztiaren bultzadaz, sormen-askatasuna nagusitu zen garai hartan, eta testuinguru hartan eragin nabarmena izan zuten, halaber, hedadura handiko gerren abiapuntu izan ziren tentsioek.
Gerren ondoren, sormena ulertzeko modu berri batek goitik behera aldarazi zituen kode artistikoak. Hain zuzen ere, diziplinen arteko mugak deuseztatu zituzten abstrakzioak, arte geometrikoak eta lengoaia, material nahiz obra ulertzeko modu berriekin esperimentatzeak.
Ideia horiek guztiak kontuan hartuta, antolaketa berrian bi denbora-sekuentzia handitan egituratu dira gai, genero eta mugimendu artistikoak: eraikin zaharrean, XX. mendeko lehen hamarkadetaraino iristen da kronologia, eta eraikin modernoan, berriz, ordutik gaur egunera arteko kontakizunari egin zaio tartea.
Proposamen honetan, bestalde, emakumezko artisten lanak ordezkatzeko sentiberatasun berri bat sumatzen da; baita bildumaren oinarri sozialaren parte diren dohaintza, gordailutze eta legatuei buruzkoa ere. Horien eredu bikainen artean dira Ordóñez-Falcón, Begoña María Azkue, Óscar Alzaga, Bergé y Cía S.A. eta Roberto eta Sáenz de Gorbearen dohaintzak eta Max Ernsten obren eta Arango bildumaren gordailutzeak, besteak beste.
Eskuratze-politika iraunkorrak bildumaren kontakizunak osatzea eta zabaltzea ahalbidetzen du –Cornelis Van der Voort, Federico de Madrazo, Paul César Helleu, Olga Sacharoff eta Remedios Varoren obrekin, esaterako–, baita sorkuntza artistiko garaikidearen sistemari bultzada ematea ere.
(INFORMAZIO GUZTIA ATXIKITAKO OHARREAN)






