Biziberritze Bidean Dauden Hizkuntzen Nazioarteko Federazioaren talde sustatzailea sortu da, hizkuntza minorizatuei mundu mailako ahotsa emateko

0
  • Aurkezpen ofiziala gaur izan da Irunen egindako BIHAR Kongresuaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak eta Garabide elkarteak bultzatuta.
  • Nazioarteko sare honek biziberritze bidean dauden hizkuntzei instituzionalizazioa ematea helburu du, erabakiak hartzen diren nazioarteko foroetan indar handiagoz agertzeko.
  • Organo berria mundu osoko hamahiru hizkuntza komunitatetako ordezkarik osatzen dute.

 Gaur aurkeztu da modu oficialean Irunen, BIHAR Kongresuaren barruan, Biziberritze Bidean Dauden Hizkuntzen Nazioarteko Federazioaren talde sustatzailea. Beharrezko organo estrategiko hau nazioarteko federazio horren sorrera bultzatzeko misioarekin jaio da.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak eta Garabide elkarteak bultzatutako lankidetzaren emaitza da, eta mundu mailako erreferentziazko sare bihurtu nahi du. Bere helburu nagusia da susperraldian dauden hizkuntzei ikusgarritasuna ematea eta instituzionalizazio sendo batekin hornitzea. Horri esker, komunitate linguistikoek pisu eta batasun handiagoarekin parte hartu ahal izango dute hizkuntza gutxituak babesteko eta bultzatzeko politikak erabakitzen diren nazioarteko foroetan.

Aurkezpen ekitaldian egindako hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasorok ekimen honen garrantzia nabarmendu du:

«Ekimen honek balio izango du esperientziak trukatzeko, mundu osoko biziberritze ereduak ezagutzeko eta munduaren aurrean gure ahots propioarekin hitz egin ahal izateko», adierazi du.

Nazioarteko irismena duen talde sustatzailea

Proiektu berri honen indarrak bere aniztasunean eta kideen ordezkari geografiko zabalean du jatorria. Talde sustatzailea lurralde desberdinetako hamahiru hizkuntza komunitatetako ordezkariz osatuta dago:

  • Euskara (Euskal Herria)
  • Kitxua (Ekuador)
  • Nasa (Kolonbia)
  • Maia (Mexiko)
  • Guarania (Paraguai)
  • Hawaiiera (Hawaii)
  • Tubua (Libia)
  • Kurduera (Kurdistan)
  • Maoria (Zeelanda Berria)
  • Khoikhoi (Hego Afrika)
  • Tamang (Nepal)
  • Galesa (Gales)
  • Torwalia (Pakistan)

Aurrekaririk ez duen aliantza honekin, talde sustatzaileak federazioaren behin betiko eraketarako lehen urrats irmoa eman du, hizkuntza gutxituen iraupenerako eta etorkizunerako ezinbestekoa den nazioarteko lankidetza gune bat finkatuz.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak eta nazioarteko hizkuntza-lankidetzan espezializatutako Garabide erakundeak sustatzen dute elkarlanean, eta helburua da hizkuntzen biziberritzearekin, sustapenarekin eta garapenarekin konprometituta dauden komunitateen arteko lankidetzarako gune egonkor bat eraikitzea. Tokiko hizkuntzen nazioarteko sare horrek hiru xede nagusi izango ditu:

  • Hizkuntza-komunitateen arteko lankidetza praktikoa indartzea.
  • Hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren balioari buruzko narratiba partekatua eraikitzea.
  • Gure hizkuntzen etorkizunari eragiten dioten gaiak eztabaidatzen diren nazioarteko esparruetan eragin kolektiborako gaitasuna sendotzea.