Euskadi Vienara joango da etxebizitza-politika publikoak Austriako erreferentearekin kontrastatzeko

0
  • Denis Itxaso sailburua buru izango duen ordezkaritzak lan-agenda bat garatuko du irailaren 28tik urriaren 2ra bitartean, Vienako arduradun publikoekin, adituekin, arkitektoekin eta bertako bizitegi-parkeko kudeatzaileekin batera.
  • Bidaiaren bidez, lurzoru publikoari, etxebizitza babestuen finantzaketa eta sustapenari, hiri-birgaitze eta hiri-berrikuntzari, antzinako trenbide-lursailen eraldaketari eta etxebizitza-parke publikoaren kudeaketari lotutako politikak aztertu ahal izango dira
  • Agendaren barruan, bost lan-jardunaldi egingo dira, baita komunikabideentzat irekitako hainbat topaketa ere, sailburuarekin eta euskal ordezkaritzako kideekin

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Vienara joango da datorren astean, Austriako hiriburua etxebizitzaren, hiri-plangintzaren eta bizitegi-parke publikoaren kudeaketaren arloan nazioarteko erreferentzia bihurtu duten politika nagusietako batzuk zuzenean ezagutzera. Ordezkaritza, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso buru duela, irailaren 28tik, astelehena, urriaren 2ra arte, ostirala, egongo da Vienan. Lan-bidaia horretan, honako jarduera hauek egingo dira: bilera instituzionalak, topaketak adituekin eta erakunde publikoetako arduradunekin, bisitak lekuan bertan, eta komunikabideei arreta eskaintzeko ekitaldiak.

Programa Vienako etxebizitza-politikaren hainbat dimentsio aztertzeko diseinatu da, hala nola lurzoru publikoaren eskuragarritasuna eta kudeaketa, etxebizitza babestuak finantzatzeko mekanismoak, hiri-berrikuntza, antzinako trenbide-espazioen eraldaketa, bizitegi-arkitektura, auzo berrien sorkuntza eta etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa. Helburua da Euskadin etxebizitzari eta hiri-agendari lotutako politikak garatzeko ezagutzaren eta erreferentzien ekarpena egin dezaketen esperientziak lekuan bertan aztertzea, eta arreta berezia eskainiko zaio administrazioek politika iraunkorrak garatzeko, lurzorua mobilizatzeko, etxebizitza babestu berriak bultzatzeko eta parke publikoa kudeatu eta zabaltzeko duten ahalmenari.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Denis Itxaso sailburuak, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainek, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Saioa Beistegik eta Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Valek osatuko dute.

Irailaren 28a, asteIehena: Vienako etxebizitza-eredua: sarrera

Lehen jardunaldian, Vienara iritsi eta lan-programa prestatuko da. Arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, ordezkaritzak Vienako etxebizitza-ereduari buruzko sarrera moduko saio batean parte hartuko du. Aurkezpena Pello Aspuruk (telematikoki) eta etxebizitzaren ekonomian, politika konparatuan eta estatistikan espezializatuta dagoen IIBWko ikertzaile eta proiektuen arduradun Alexis Mundt-ek egingo dute. Lehen saio horrek aukera emango du ondorengo jardunaldietarako erreferentzia-esparrua ezartzeko eta Vienako etxebizitza-politikaren ezaugarri eta gako nagusiak ezagutzeko.

Irailaren 29a, asteartea: finantzaketa, lurzoru publikoa eta eskala-jauzia etxebizitzen produkzioan

Bigarren jardunaldiak bidaian garrantzirik handiena izango duten gaietako bat izango du ardatz: nola finantzatzen den eta nola handitzen den etxebizitza babestuen produkzio-eskala. 10:00etatik 12:00etara bitartean, ordezkaritzak lan-bilera bat egingo du lurzoruaren hornidurari eta hiri-berrikuntzari lotutako Vienako wohnfonds_wien erakundeko arduradun Gregor Puscher eta Silvia Hofer-ekin.

Topaketak ahalbidetuko du Vienan lurzoru publikoa mobilizatzeko, sustatzaileen lehiaketak antolatzeko, diruz lagundutako etxebizitzak bultzatzeko eta hiri-berrikuntzako prozesuak garatzeko erabiltzen diren mekanismoak ezagutzea. Gregor Puscherrek lurzoruaren hornidurarako eta hiri-berrikuntzarako Vienako funtsa zuzentzen du, eta Silvia Hoferrek, berriz, eraikuntza berriaren arloa.

12:30ean, Denis Itxaso sailburua hedabideekin elkartuko da wohnfonds_wien erakundeko atarian, hain zuzen ere etxebizitza babestuen produkzioko eskala-jauziari eta finantzaketari lotutako alderdiei buruz mintzatzeko.

Arratsaldean, 15:30etik 17:30era bitartean, ordezkaritza Nordbahnhof geltokiko eremura joango da, hots, Vienako antzinako trenbide-lursailen eraldaketaren adibide nagusietako batera. Bernd Vlay arkitektoa, Nordbahnhof geltokiaren garapenari lotua eta Europan Austriako presidentea, ordezkaritzarekin izango da ibilbide horretan, eta antzinako trenbide-eremuaren eraldaketa-prozesua azalduko du. Bisitaren barruan, halaber, geldialdi bat egingo da HausWirtschaft izenekoan, eta hiri-eremu berri horretan zehar ibiliko da ordezkaritza.

Irailaren 30a, asteazkena: politika publikoen jarraitutasuna, hiri-eraldaketa eta arkitektura

Hirugarren jardunaldian, bizitegi-garapenaren eta hiri-eraldaketaren hainbat eredu ezagutuko dira, eta Vienako etxebizitza-politikaren esperientzia historikoa eta gaur egungo jarduerak uztartuko dira. Jardunaldiari hasiera emateko, 10:00etatik 12:00etara Karl-Marx-Hof gunea bisitatuko da, Vienako udaleko bizitegi-multzo nagusietako bat. Ordezkaritza gunean zehar ibiliko da, eta Viena Gorria izenekoaren esperientziari eta haren gizarte- eta bizitegi-politiken bilakaerari eskainitako Das Rote Wien im Waschsalon museoa bisitatuko du. Lan-jardunaldi horren barruan, halaber, etxebizitza-politika publikoen jarraitutasunari buruz mintzatzeko agerraldi bat egingo da hedabideen aurrean.

Ondoren, 14:00etatik 15:30era bitartean, ordezkaritzak Sonnwendviertel bisitatuko du, antzinako trenbide-lursail batzuetan eraikitako auzo berria. Ibilbide horretan, Nordbahnhof geltokira egingo den bisitan ere ordezkaritzarekin izango den Bernd Vlay arkitektoa izango da gidaria. Ondoren, 15:30etik 18:00etara bitartean, ordezkaritzak Europan-en hamargarren edizioari lotutako Wildgarten bizitegi-proiektua ezagutuko du. Bisita Felicitas Konecny arkitektoak eta Vienako arkitektura-ibilbideetan espezializatutako gidari profesionalak zuzenduko du, eta proiektua gauzatzeko hartu diren hirigintza- eta bizitegi-erabakiak azalduko ditu.

18:00etan, Denis Itxaso sailburua eta Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrain hedabideekin elkartuko dira Wildgartenen, hiri-eraldaketaren eta bizitegi-arkitekturaren inguruko jardunaldiaren ondorioei buruz mintzatzeko. Aurreikusitakoaren arabera, Felicitas Konecnyk ere parte hartuko du, baina berresteko dago.

Urriaren 1a, osteguna: auzo berriak eta etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa

Laugarren jardunaldiak funtsezko bi gai izango ditu ardatz: hiri-eremu berrien garapena eta etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa. 10:00etatik 12:00etara bitartean, ordezkaritzak Seestadt Aspern izenekoa ezagutuko du, Vienako hiri-garapeneko eremurik handiena. Ibilbidea Gerhard Schuster-ek koordinatuko du, 2014. urteaz geroztik auzo berri horren garapenaz arduratutako Wien 3420 aspern Development AG sozietateko administrazio-kontseiluko presidenteak. Bisitak aukera emango du hiri-garapen handi horren planteamendua eta egikaritzea zuzenean ezagutzeko, baita eskala handiko hiri-eraldaketako prozesu batetik abiatuta auzo berri bat eratzeko hartutako erabakiak ere.

14:00etan, ordezkaritza Vienako Rathausera joango da. Bertan, bilera instituzionala egingo du zinegotzi eta Vienako Parlamentuko diputatu Waltraud Karner-Kremserrekin eta Wiener Wohnen udaleko etxebizitza-enpresako Nazioarteko Harremanen arduradun Veronika Iwanoski-rekin. Topaketan, tokiko etxebizitza-politika eta, bereziki, Vienako etxebizitza-parke publikoaren funtzionamendua eta kudeaketa aztertuko dira. Waltraud Karner-Kremser etxebizitza, eraikuntza, hiri-birgaitze eta emakumearen gaien udal-batzordeko burua da, eta Veronika Iwanoskik, berriz, Wiener Wohnen enpresaren nazioarteko harremanak koordinatzen ditu.

15:30ean, Denis Itxasok eta Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Valek adierazpenak egingo dituzte hedabideen aurrean Rathausaren kanpoaldean, etxebizitza-parke publikoaren kudeaketaren inguruko jardunaldiaren ondorio nagusiak azaltzeko. Veronika Iwanoskiren parte-hartzea berresteko dago.

Urriaren 2a, ostirala: bidaiaren balantzea eta amaiera

Azken jardunaldian, bidaiaren balantzea egingo da, eta egindako bisitetan eta bileretan ateratako ondorio nagusiak bateratuko dira. 10:00etatik 12:00etara bitartean, balorazio-topaketa bat egingo da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren eta bidaian parte hartu duten hedabideen artean. Saioak aukera emango du asteko esperientziei buruzko gogoetak partekatzeko, galderak planteatzeko eta bisitaren ondoriozko lan-ildo posibleak aztertzeko.

Aurreikusitakoaren arabera, ordezkaritza 16:30ean abiatuko da aireportura, eta LH6429 hegaldian itzuliko da Euskadira. Hegaldi hori 18:30ean irtengo da Vienatik.

Ordezkaritzarekin batera bidaiatuko duten adituak, arduradun publikoak eta profesionalak

Bidaiaren barruan, Vienako hiri-eraldaketari eta etxebizitza-politikari lotutako hainbat solaskidek parte hartuko dute euskal ordezkaritzarekin. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: Alexis Mundt, IIBWko ikertzailea eta etxebizitzaren ekonomian eta politika konparatuan espezialista; Gregor Puscher, wohnfonds_wien erakundeko zuzendari kudeatzailea; Silvia Hofer, wohnfonds_wien erakundeko obra berriko arduraduna eta zuzendariordea; Bernd Vlay, Nordbahnhof-en eta Sonnwendviertel-en garapenei lotutako arkitektoa; Felicitas Konecny, arkitektoa eta Vienako arkitekturan espezializatutako gidaria; eta Gerhard Schuster, Seestadt Aspern-en garapenaz arduratutako sozietateko arduraduna.

Erakunde-esparruan, honako parte-hartzaile hauek aipa daitezke: Waltraud Karner-Kremser, zinegotzia eta Vienako Parlamentuko diputatua; eta Veronika Iwanoski, Wiener Wohnen enpresako Nazioarteko Harremanen arduraduna. Horrela, beraz, etxebizitza-politiken ikuspegi akademikoa eta azterketa-ikuspegia eta erakunde publikoen, udal-arduradunen, bizitegi-parkearen kudeatzaileen, arkitektoen eta Vienako hiri-eraldaketako prozesu nagusietako batzuetan zuzenean inplikatutako profesionalen esperientzia uztartuko ditu programak.

Hedabideentzako agenda

Bidaiaren barruan, hedabideekin elkartzeko berariaz aurreikusitako hainbat une egongo dira:

  • Irailaren 29a, asteartea, 12:30ean: Denis Itxaso — finantzaketa eta eskala-jauzia etxebizitza babestuen produkzioan
  • Irailaren 30a, asteazkena, 12:15ean: etxebizitza-politika publikoen jarraitutasunari buruzko agerraldia hedabideen aurrean.
  • Irailaren 30a, asteazkena, 18:00etan: Denis Itxaso eta Pablo García Astrain — hiri-eraldaketa eta arkitektura.
  • Urriaren 1a, osteguna, 12:15ean: hiri-garapen berriei eta trenbide-lursailei buruzko agerraldia hedabideen aurrean.
  • Urriaren 1a, osteguna, 15:30ean: Denis Itxaso eta Patricia Val — etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa.
  • Urriaren 2a, ostirala, 10:00etatik 12:00etara: amaiera emateko eta balorazioa egiteko topaketa parte hartu duen prentsarekin.

Arreta-puntu horietako batzuen deialdiak, kokapenak eta posizio zehatzak bidaia egiten den aldian zehaztu ahal izango dira, ordezkaritzaren plangintza logistikoaren arabera.