Euskadi aitzindaria Europan automozioaren fabrikazio malguaren garapenean

0
  • Proiektu Eraldatzaile honek Europako automozioaren erronka nagusietako bati erantzuten dio: elektrifikaziorako trantsizioaren testuinguruan fabrikazio-eredu malguago eta moldagarriagoetarantz aurrera egitea, merkatuaren aldaketei eta nazioarteko lehiari erantzuteko gai izateko
  • Proiektuak 181 milioi euroko hasierako inbertsio publiko-pribatua ekarriko du datozen hiru urteetan
  • Imanol Pradales: “Etorkizuneko fabrika errealitate bihurtzeko lasterketa abian da, eta Euskadik onenen artean egoteko borrokatu behar du”

Imanol Pradales Lehendakariak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarekin batera, ‘Automozio berriaren fabrikazio malgua’ Proiektu Eraldatzailea aurkeztu du gaur goizean Mercedesen Gasteizko lantegian.  Proiektu horrek Euskadi aitzindari gisa kokatzen du automozioaren fabrikazio malguaren garapenean Europa mailan.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Proiektu Eraldatzaile berri honek Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiaren eraldaketa teknologiko eta jasangarria ahalbidetuko du, bere Vans lerroaren aro berria markatuko duten etorkizuneko modeloak fabrikatzeko. Proiektu berri honek 181 milioi euroko hasierako inbertsio publiko-pribatua dakar datozen hiru urteetarako, eta, horietatik, 61 milioi inguru I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dira.

Aurten Mercedes-Benz VLE modeloa abian jartzeaz gain, lantegiak hainbat merkaturatze ditu aurretik, eta prestatzen eta inbertitzen jarraitu beharko du merkatuaren aldaketei eta lehiari arintasunez erantzuteko.

Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, «Euskadin gauzak egiteko modu propioa dugu, hurbiltasunean, lankidetza publiko-pribatuan eta berrikuntzan oinarritua, eta horri esker, gure ehun industriala eta teknologikoa egokitu ahal izan dugu, eta askotariko krisiak gainditu. Orain herri espiritu hori eguneratu behar dugu gure oinarri industriala defendatzeko, abantaila lehiakor berriak eraikitzeko, balio-kateak osatzeko, produktu propioa garatzeko eta trantsizio digital eta energetikoak aukera industrial bihurtzeko. Etorkizuneko fabrika errealitate bihurtzeko lasterketa abian da, eta Euskadik onenen artean egoteko borrokatu behar du. Horretarako, erabakigune gehiago behar ditugu, enpresa handiagoak, intentsitate teknologiko handiagoa eta lehiakortasuna galduko ez duen industria deskarbonizatua. Eta Europak erabaki egokiak hartu behar ditu bere merkatua eta industria babesteko «.

Bernd Krottmayer Mercedes-Benz Vitoriako zuzendariak azpimarratu du: “Gasteizen inbertitzen dugu gure lantegiak Mercedes-Benz taldeko lehiakorrenetako bat izaten jarraituko duela bermatu nahi dugulako. Hori lortzeko, gure instalazioen eta prozesuen malgutasuna funtsezkoa da, merkatuaren aldaketetara azkarrago egokitzeko aukera ematen baitigu”.

Bestalde, Arabako diputatu nagusiak, hasteko, Mercedes-Benz enpresak lurraldean eman dituen zazpi hamarkadetan bete duen eginkizuna balioetsi du: “aktibo industrial handietako bat da, eta bere inpaktuak lantegiaren beraren mugak gainditzen ditu, zuzeneko eta zeharkako 40.000 enplegutara iritsita. Horregatik, bere inbertsioek etorkizunera Europako automozioaren sektorearen eraldaketa gidatzeko posizio pribilegiatu batetik begiratzeko aukera ematen digute; elektrifikaziotik igarotzen den trantsizioa da”. Puntu horretan, Ramiro Gonzálezek aipatu du aldaketa hori egitean asmatu egin dela. “Hain zuzen ere horixe ari da egiten gaur Mercedes proiektu eraldatzaile honekin. Egiten ari dena bezalako inbertsioek gero eta malguagoa den eta sektorearen bilakaera teknologikoari eta eskariaren bilakaerari erantzuteko prestatuta dagoen fabrikazio-eredu baterantz aurrera egiteko aukera ematen dute”. Puntu horretan, Ramiro Gonzálezek proiektuaren izaera eraldatzailea eta lantegia merkatuaren bilakaerari malgutasunez eta neutraltasun teknologikoz erantzuteko prestatzeko beharra aipatu ditu. Amaitzeko, diputatu nagusiak ziurtzat jo du “inbertsio berri hauek Arabaren, Euskadiren eta bertako industriaren etorkizuna elkarrekin idazten jarraitzeko aukera emango digutela”.

Proiektu Eraldatzaile honek Europako automozioaren erronka nagusietako bati erantzuten dio: bilakaera teknologikora, ibilgailuen arkitektura berrietara eta merkatuaren beharretara azkarrago egokitzeko gai diren ekoizpen-sistemak garatzea.

VLE ibilgailu berriek EQV modeloa ordezkatzen dute, egiturazko hobekuntzak, funtzio elektroniko berriak, teknologia aurreratuak eta puntako segurtasun-sistemak txertatuz, gama altuko portfolioarekin, piezen % 100 diseinu berrikoak izanik eta Euskadin orain arte inoiz ez bezalako jauzi teknologikoarekin VANS mid-size segmenturako.

Fabrikazio-prozesu malguago eta moldagarriagoen garapenak lantegiaren gaitasuna indartuko du produktu-gamaren eta merkatuaren bilakaerari erantzuteko, eta, aldi berean, Mercedes Vitoriako lan-kargaren aurreikuspenak sendotzen lagunduko du.

Mercedes-Benz Vitoriak gidatuko duen proiektuak Euskadiko 11 enpresa inplikatuko ditu, horietako 9 ETEak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek hartuko dute parte Tecnalia buru dela, baita ACICAE clusterrak ere, eta BAM I+G unitatearen laguntza ere izango du. Lankidetza horri esker, Euskadin dauden gaitasun industrialak, teknologikoak eta ezagutzakoak bateratu ahal izango dira ibilgailuen hurrengo belaunaldiko fabrikazioari aplikatu ahal izango zaizkion prozesu eta soluzio berriak garatzeko.

25 Proiektu Eraldatzaileetatik 18 dagoeneko abian jarri dira: horietatik 7 sektore pribatuak gidatzen ditu eta 11 sektore publikoak

Euskadi 2030 Industria Planak lidergo publiko zein pribatuko 23 Proiektu Eraldatzaile jasotzen zituen hasiera batean. Horiei lidergo pribatuko beste bi Proiektu Eraldatzaile gehitu zaizkie: “Zero Emissions Marine Boat” eta “Nanomedikuntzarako hidrogel adimendunak”.

Industria Plana plan dinamikoa da, eta haren baitan garatzen dira Proiektu Eraldatzaileak. Horregatik, aurreikusten da proiektu berri gehiago gehitzen joatea industriaren beharrak aldatzen diren heinean.

Gaur egungo 25 Proiektu Eraldatzaileetatik 18 jarri dira dagoeneko abian: horietatik 11 sektore publikoak gidatzen ditu eta 7 sektore pribatuak.

Hauek dira sektore publikoak gidatutako proiektuak: ESG Euskadi; Euskadi: Climate Change adaptation living lab; Euskadi SpaceLab (ESA BIC); Energia Berriztagarrien Garapena; Administrazio-prozesuen hobekuntza (Autopista Erregulatzailea); Industria-lurzoruaren eta azpiegituren erreserba estrategikoa; Scale Up Funtsa; Euskorpus; Basque Zirkular Metals; Euskadiko sare elektrikoen plangintza; eta Emakumea Industriara.

Sektore pribatuak gidatutako sei proiektuak, Mercedes-Benz Vitoriaren proiektuaren aurretik aurkeztutakoak, honako hauek dira: Euskadin abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoaren arkitektura berriak; ROBOOST; Nanomedikuntza pertsonalizaturako hidrogel adimendunak; Erregai berriztagarrien Hub-a; Grid4Industry; eta Zero Emissions Marine Boat.

Zazpi Proiektu Eraldatzaile horiek, guztira, 860 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakarte, eta, horietatik, 429 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratuko dira. Zazpi proiektuen bidez kalitatezko 3.850 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Horrez gain, Euskadiko industria-sareko beste 171 enpresa bultzatuko dituzte, gehienak ETEak, eta, horretarako, herrialdeko Zentro Teknologikoen lankidetza izango dute.