URAk arrainentzako arrapala berri bat lizitatu du Oria ibaian, Zegaman

0
  • Arrapala eskuineko ertzean eraikiko da, amaitu gabeko arrapala-zahar baten ondoan, eta Zegamako hirigunean dagoen presa txikiak eragindako 1,5 metroko desnibela konponduko du
  • Jarduketak ibaiaren jarraitasun ekologikoa eta arrainen mugimendua erraztuko du

Uraren Euskal Agentziak- URAk (Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailera atxikita) Zegama hirigunetik Oria ibaian igarotzen den tartean arrainentzako arrapala berri baten obrak lizitatu ditu. Jarduketaren xedea da ibilguaren jarraitasun ekologikoa hobetzea eta Oria ibaiko goiko-arroko tarte batean arrain-espezieen lekualdatzea erraztea. Lizitazioaren aurrekontua 94.531,19 eurokoa da (BEZa barne), eta obrak gauzatzeko epea 6 astekoa da, esleitzen diren momentutik.

Jarduketa egingo da Elizalde eta Askatasunaren Etorbidea kaleen artean kokatuta dagoen presa txikiaren ondoan, bertan arrainen lekualdatzea zailtzen duen oztopo bat aurkitzen dugu. Arrainen arrapala berria ibaiaren eskuinaldeko ertzean egingo da, amaitu gabe zegoen eskala-zahar baten lekuan, hain zuzen ere. Gainera, Zegamako erdigunean dagoen 1,5 metroko presa-txikiak eragiten duen desnibela gainditzeko balioko du.

Proiektuak 32 metroko luzera eta % 5,8 inguruko malda izango duen arrain arrapala bat aurreikusten du. Izan ere, konponbide berriak ibilbide jarraitua eta naturalizatua eskainiko die uretako espezieei, eta, era berean, ibilguaren iragazkortasun ekologikoa hobetuko du.

Oria ibaiaren tarte honek ezkailu, mazkarra, amuarrain eta aingira arrain espezieak biltzen ditu. Oztopo hori kentzeak arrain espezieen komunitate osoari mesede egingo dio, eta, zehazki, amuarrainaren berreskurapenari; izan ere, eremu horretan espeziaren presentzia eskasa da.

Gainera, jarduketa Oria Garaiko Kontserbazio Berebiziko Eremuan (ZEC Alto Oria), kokatzen da; hau da, ingurumen balio handiko espazioan. Bertan, ibaiaren jarraitasuna, erriberako basoarekin eta ur-ekosistemetara lotura duten espezieekin batera, kontserbazio elementu nagusienetako bat da.

Obrak deflektore baten eraikuntza ere aurreikusten du, horrek arrapalaren funtzionamendu hidraulikoa bermatuko du, sedimentuek eta legarrek arrainei sarrera oztopo ez dezaten. Lanak ingurumen inpaktua ahalik eta gutxiena izateko diseinatu dira, eta, kontuan izan dira faunarentzat diren garai gogorrenak, epe horietan obrak ez burutzeko. Beste neurri batzuen artean, esekiduran dauden solidoak atxikitzeko sistemak instalatuko dira, eta ibaiko ekosisteman dauden espezieak babesteko neurri espezifikoak hartuko dira.

Ibaien jarraitasuna berreskuratzea

Presa txikiek, presek eta beste zeharkako oztopo batzuek hainbat espezie urtarren lekualdatzea oztopatu dezakete, euren habitatak suntsitzen eta ur-ekosistemen gaitasun naturala murrizten dituzte. Zegaman aurreikusitako obren bezalako jarduketek ibaiak korridore ekologiko gisa berreskuratzen laguntzen dute, fauna mugitu ahal izatea erraztuz, ekosistemen erresilientzia handituz eta biodibertsitatea kontserbatzen lagunduz.

LIFE KANTAURIBAI Europako proiektu bat da, eta helburu orokorra du ibai-ekosistemari lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea, Natura 2000 Sareko 15 lekutan, Bizkaiko golkora isurtzen diren ibaien eta adarren kontserbazio-egoera hobetzeko, 3 eskualderen artean (Nafarroa, Gipuzkoa eta Akitania) banatuta dauden 5 ibai-arrotan. URAk LIFE KANTAURIBAIn parte hartzen du proiektuaren bazkide gisa, eta ibaien jarraitutasun ekologikoa berreskuratzeko jarduketak gauzatzen ditu, hala nola oztopoak kendu fauna urtarraren joan-etorria errazteko.