BBK Artearen Ibilbidearen zazpigarren edizioak Bizkaiko 30 udalerri zeharkatuko ditu aurten Animalario erakusketarekin. Bilboko Arte Ederren Museoko bildumako 38 obraren erreprodukzioak biltzen ditu proposamenak, animaliak ardatz hartuta. José Luis Merino Gorospe museoko Arte Zaharreko kontserbatzaileak komisariatutako erakusketak garai, teknika eta hizkuntza artistiko desberdinak uztartzen ditu, animalien irudikapenek artean izan duten balio sinboliko eta narratiboa aztertzeko.
Edizio berriaren aurkezpenean izan dira Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea; Nora Sarasola BBK Banku Fundazioaren Gizarte Ekintzako zuzendaria eta museoko Ohorezko Patronoa; eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria. Erakusketak Paul de Vos, Jacob Jordaens, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta, José Arrue, Francis Bacon, Joseph Beuys, Guerrilla Girls edo Alberto Schommer bezalako artisten lanak biltzen ditu, animalien irudia historian zehar sinbolo, metafora eta giza balioen isla gisa nola erabili den erakutsiz.
2020an abiatu zenetik, BBK Artearen Ibilbideak museoko ondare artistikoa espazio publikora hurbiltzen du, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen diren eduki eta azalpenekin, baita bisita gidatu eta bitartekaritza kulturaleko jarduerekin ere. 2026ko edizioa maiatzaren 11n hasiko da Bilbon eta abenduaren 9an amaituko da Durangon, Barakaldo, Santurtzi, Getxo, Gernika-Lumo, Basauri edo Mungia bezalako udalerriak zeharkatu ondoren.






