- Ospakizunean, ibilgailu historikoen eta lurrunezko garabi baten erakusketak ere egingo dira
Burdinbidearen Euskal Museoak maiatzaren 17an (igandea) ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna; jai-giroko jardunaldia izango da, tren historikoen zirkulazio bereziekin eta zenbait erakusketekin.
Maiatzaren 17an, Museoen Nazioarteko Egunaren bezperan, tren historikoak izango dira protagonistak. 11:00, 12:00 eta 13:00etan, zirkulazio bereziak egingo dira museoaren (Azpeitia) eta Lasaoko geltokiaren artean.
Lehenengo ibilbidea Alsthom 1004 diesel-trakziozko tren-makinak egingo du, Euskal-Asturiar Trenbideen Konpainiarena, 1965an eraikia, Tarbesen.
12:00etan eta 13:00etan lurrunezko tren historikoek egingo dute irteera, Euzkadi (Kraussek eraikia; Munich, 1920) eta Zugastieta (Sharp Stewartek eraikia —Glasgow, 1888—, Amorebieta-Gernika burdinbiderako) tren-makinek trakzionatuta.
Horrez gain, Graftonek Babcock & Wilcoxerako eginiko lurrunezko garabia (1920) ere abiaraziko da, merkataritza-zerbitzua eman zuena enpresa horretan 1997 arte. Hortaz, Espainian merkataritza-zerbitzuan izandako lurrunezko azken trakzio-ibilgailua izan zen. Antolatutako jardueren artean, Espinal Orconerako meatzaritzako burdinbideko lurrunezko tren-makina ere jarriko da ikusgai (Robert Stephenson, 1887).
Larunbatean, maiatzaren 16an, lurrun-trenaren ohiko irteerak mantenduko dira, ohiko denboraldian sartuta daudenak. 12:00etan eta 17:30ean izango dira.
Hau da museoaren instalazioen ordutegia:
Asteartetik ostiralera (lanegunak)
Goizez, 10:00etatik 13:30era
Arratsaldez, 15:00etatik 18:30era
Larunbatetan
Goizez, 10:30etik 14:00etara
Arratsaldez, 16:00etatik 19:30era
Igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik)
Goizez, 10:30etik 14:00etara
Burdinbidearen Euskal Museoaren instalazioetan trenbideekin lotutako Europako bildumarik onenetakoa ikus daiteke. Denetariko ibilgailuak daude bertan: lurrun bidezko tren-makinak, bai eta dieselak eta elektrikoak ere; automotorrak eta askotariko bagoiak. Horrez gain, Euskadiko makina-erremintako bildumarik osatuenetako bat dauka, garai bateko Urolako trenbideko tailer mekanikoari esker, eta XIX. mendearen amaieratik honako treneko uniformeak daude ikusgai, baita munduko tren-erlojuen bildumarik onenetakoa ere.
Jendearentzako informazioa
- Burdinbidearen Euskal Museoaren helbidea: Julian Elorza kalea 8 (20730 AZPEITIA-GIPUZKOA).
- Informaziorako telefono-zenbakia: 943 15 06 77
- Helbide elektronikoa: museoa@euskotren.eus
- Webgunea: euskotren.eus






