Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Erlijioen arteko Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua arautzen duen dekretua onartu du

0
  • Euskadiko Erlijioen Kontseilutik 12 ordezkarik parte hartu ahal izango dute, arlo horretan gaitasun aitortua duten konfesio, pertsona eta entitateen aldetik
  • Erlijio-aniztasuna bultzatuko da, bizikidetza eta laikotasun kooperatiboa oinarri hartuta

Eusko Jaurlaritzan, Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldien arteko Elkartasun Zuzendaritza (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailean kokatua) arduratzen da erlijioen eta kulturen arteko bizikidetza sustatzeaz, erlijio-aniztasuna eta haren adierazpen guztien eskubide eta betebeharrak errespetatzean oinarrituta, eta Euskadiko lurraldean dauden eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoen euskal gizartean bizikidetza integratua finkatzeaz.

Ezagutza eguneratua izateko, gatazka-egoerak aurreikusteko, jardunbide egokiak identifikatzeko eta erlijio-aniztasunaren aldeko argudioak eta protokoloak izateko, Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatza gaur onartu den dekretua prestatzen.

Euskadiko Erlijioen arteko Kontseilua EAEko hiru administrazio mailetako ordezkariek eta errotze nabarmeneko adierazpena duten 8 erlijiok osatuko dute: budista, islama, katolikoa, ebanjelikoa, errumaniar ortodoxoa, bahá´í erlijioa, azken egunetako santuen jesukristoarena eta jehovaren lekukoak. Gainera, gutxiengo diren beste erlijio batzuek eta erlijioen arteko elkarrizketa sustatzen duten erakundeek ere parte hartu ahal izango dute.

Organo aholku-emailea izango da, eta euskal erakundeen (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) eta Euskadin dauden erlijio-konfesioen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako gune egonkorra izango da.

Euskadiko Erlijioen arteko Kontseiluak erlijio eta kultu-askatasunaren erabilerari eragin diezaioketen ekimen edo erabakietan erakundeen arteko solaskidetza egitura egonkor batez hornitzea ahalbidetuko du, erlijio-aniztasunarekin lotutako politika publikoen diseinuan aholkularitza teknikoa emateko eta parte hartzeko esparru formal bat eskainiz.