Eusko Jaurlaritzak ia 14,7 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko elikagai, baso eta gastronomia industriaren lehiakortasuna indartzera

0
  • Lehiatu Inbertsioa laguntzek euskal elikadura-kate osoan eraldaketa, merkaturatzea, berrikuntza eta balio erantsia sortzea sustatuko dituzten proiektuak babestuko dituzte
  • Deialdiak lerro espezifikoak jasotzen ditu ekoizpen ekologikorako industriarentzat, azpiproduktuen balorizaziorako eta bikaintasunezko gastronomia-proiektu berriak bultzatzeko

Gobernu Kontseiluak Lehiatu Inbertsioa programaren 2026ko deialdia onartu du. Deialdiak 14,7 milioi euroko zuzkidura du, eta Euskadiko nekazaritza, elikagai eta baso-industrietako inbertsioak sustatzea du helburu, baita gastronomia-kalitatea hobetzeko proiektuak ere.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan kokatzen da, elikadura-sektorearen lehiakortasuna indartzeko, tokiko ekoizpenen balio erantsia handitzeko eta berritzaileagoa, jasangarriagoa eta enplegua sortzeko gaitasun handiagokoa izango den elikadura-ekosistema sustatzeko.

Laguntzen bidez, nekazaritzako eta basoko produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko inbertsioak finantzatu ahal izango dira, baita instalazioak modernizatzera, makineria berria txertatzera, ekoizpen-prozesuak hobetzera, produktuen kalitatea indartzera eta merkatuaren eskakizun berrietara egokitzera bideratutako ekintzak ere.

Deialdia bost jarduera-lerrotan egituratzen da. Alde batetik, nekazaritzako eta basoko produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko proiektuak lagunduko dira. Horrez gain, lerro espezifikoak aurreikusten dira elikagai ekologikoak eraldatzeko eta merkaturatzeko, bai eta elikadura-arloan berritzaileak diren proiektuetarako ere, nekazaritzako azpiproduktuen balorizazioa barne. Helburua baliabideen aprobetxamenduan eraginkortasun handiagoa sustatzea eta ekonomia zirkularraren ereduen alde egitea da.

Era berean, programak gastronomia-kalitatea hobetzeko lerro espezifikoari eusten dio. Lerro horren bidez, gastronomia-ekimen berriak babestu, bikaintasunezko proiektuak sendotu eta ekoizpena, eraldaketa eta ostalaritza lotzen dituzten integrazio bertikaleko ereduak sustatuko dira.

Deialdia 2023-2027 Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da, baita 2024-2028 Gobernu Programaren helburuen barruan ere. Programa horiek elikadura-sektorea Euskadiko ekonomiaren eta lurraldearen garapen orekatuaren jarduera estrategikotzat jotzen dute.

Laguntzak lehia bidezko norgehiagoka bidez emango dira, eta eskabideak aurkeztu ahal izango dira agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo 45 egunetan. Finantzaketaren zati bat Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF/FEADER) emango du, eta gainerakoa Euskadiko Autonomia Erkidegoaren baliabide propioekin osatuko da.