Lan prebentzioko ordezkariak prestatzeko arau esparru berria onartu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak

0
  • Dekretuak Dirulaguntzei buruzko Lege berrira egokitzen ditu laguntzak, eta Euskadin laneko arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntzarekin jarraitzea bermatuko du

Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, dekretu proiektu bat onartu du astearte honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresetan eta lantokietan prebentzio ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten erakunde publikoentzako eta pribatuentzako dirulaguntzen programaren oinarri orokorrak ezartzeko.

Laguntza lerro hori Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legera egokitzeko beharrari erantzuten dio arau berriak, lehenengo azken xedapenean aurreikusitakoa betez. Horrela, dekretu berriak uztailaren 30eko 125/2018 Dekretua ordezkatuko du, lan eremuan prebentzio kultura indartzeko programa estrategiko baten jarraitutasuna eta segurtasun juridikoa bermatuz.

1997an EAEn sinatutako Osasunaren eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbide Arteko Akordioa da dirulaguntzen lerro horren jatorria. Akordio horrek onartzen du garrantzitsua dela langileek laneko arriskuen prebentzioan duten parte hartzea indartzea, prebentzio ordezkarientzako berariazko Prestakuntza plan baten bidez. Osalanek kudeatuko du.

Laguntzak erakunde sindikalei, Prestakuntza zentro publiko eta pribatuei eta egiaztatutako prebentzio zerbitzuei zuzenduta egongo dira, arau alderdi batek eta alderdi tekniko batek osatutako oinarrizko prestakuntza emateko. Era berean, diruz lagundutako prestakuntza hori emateko gaitutako erakundeek bete beharreko baldintzak eta egiaztatzeko prozedura arautzen ditu dekretuak, eta lege estaldura ematen die etorkizuneko deialdiei.