Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko lanak bultzatuko ditu Donostiako portuko azpiegiturak modernizatzeko eta indartzeko

0
  • Lanei esker, Donostiako Erreal Klub Nautikoko kaia, portuko erdiko kaia eta ontziralekua berrituko dira, hiriarentzat estrategikoak diren instalazioen segurtasuna, funtzionamendua eta iraunkortasuna hobetuz
  • Ekintza-plan hau Eusko Jaurlaritzak itsasoaren eraginaren, denboraren poderioz eta herritarren zein portuaren erabilera intentsiboaren ondoriozko higadurari aurre egiteko portuko azpiegiturak zaintzeko eta modernizatzeko duen estrategiaren parte da.

Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi eurotik gora bideratuko ditu Donostiako portuko azpiegitura nagusiak modernizatzera eta indartzera. Horretarako, hiru lan egingo dira, portuko jarduerarako eta herritarren eguneroko erabilerarako funtsezkoak diren espazioen segurtasuna, egonkortasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako inbertsioa 2.554.105 eurokoa izango da, eta honako lanak jasoko ditu: Erreal Klub Nautikoko kaia eta portuko ontziralekua berritzea, erdiko kaiaren egitura indartzea eta ontziralekuko eskaileraren azken zatia berritzea.

Lan horiek ez dira ekintza isolatuak, baizik eta Donostiako portuko azpiegiturak zaintzeko eta hobetzeko estrategia planifikatu baten parte. Helburua azpiegituren erabilera-bizitza luzatzea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta instalazio horiek itsas ingurune bereziki zorrotz baten eskakizunetara egokitzea da.

«Gure portuko azpiegiturak behar bezala mantentzeko plangintza, aurreikuspena eta etengabeko inbertsioa behar dira. Lan multzo hau epe luzeko estrategia baten barruan kokatzen da, Donostiako portuak itsas jarduerarako nahiz herritarren gozamenerako gune seguru, moderno eta erabat operatiboa izaten jarrai dezan», adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Bestalde, Donostiako alkate Jon Insaustik nabarmendu duenez, «etorkizuneko estrategia epe luzeko ikuspegiarekin planifikatzea bezain garrantzitsua da hiriko txoko bakoitzeko eguneroko eta premiazko beharrei erantzutea. Eta hau hiriaren txoko ikoniko bat da, berehalako esku-hartzea merezi duena. Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman nahi dizkiot Donostiarekiko erakutsitako konpromisoagatik, eta berriro azpimarratu nahi dut elkarlanari esker donostiarrek hobekuntzak lortzen dituztela».

2028ra arteko lan-plan mailakatua

Aurreikusitako lehen lana portuko ontziralekuko eskaileraren azken zatia berritzea izango da; lanak dagoeneko hasi dira. 107.343 euroko inbertsioarekin eta hiru hilabeteko exekuzio-epearekin, egungo egitura ordezkatuko da, itsasoaren eraginaren aurrean segurtasun, erresistentzia eta iraunkortasun handiagoa eskaintzeko diseinatutako metalezko eskailera berri batekin.

Obrak maila berriak, altzairu herdoilgaitzezko barandak eta Kontxako badiako itsas ingurune zorrotzaren baldintzetara egokitutako egitura-elementuak instalatzea aurreikusten du. Era berean, etorkizuneko mantentze-lanak erraztuko ditu, eta ontziraleku osoan egingo diren ondorengo lanak modu eraginkorragoan gauzatzeko aukera emango du.

Planeko bigarren lan nagusia 2027aren hasieran hasiko da, portuko erdiko kaiaren egitura indartzeko lanekin. Proiektu honek 1,1 milioi euroko inbertsioa izango du, eta bederatzi hilabeteko exekuzio-epea.

Lanen bidez, arrantza-dartsena eta kirol-portua bereizten dituen eta portuko zein herritarren jarduera handia jasaten duen 362 metroko luzerako azpiegitura estrategikoan jardungo da. Ekintzak zimenduen indartzea, kaiaren egitura sendotzea, harri naturaleko horma-atalak konpontzea eta segurtasuneko nahiz ekipamenduko hainbat elementu berritzea aurreikusten ditu.

Eusko Jaurlaritzak kai horien egoerari buruz egindako azterlan teknikoek azpiegituraren zenbait zatitan esku hartu beharra identifikatu zuten, haren egonkortasuna bermatzeko eta erabilera-bizitza luzatzeko, bereziki hamarkadetan metatutako higadura handiena jasan duten guneetan.

Tamaina handieneko lana 2028ko lehen hiruhilekotik aurrera egingo da, Donostiako Erreal Klub Nautikoko kaiaren eta portuko ontziralekuaren erabateko berritzearekin. Horretarako, 1,34 milioi euro baino gehiago bideratuko dira, eta zortzi hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten da.

Lanak higadura, zulo, luizi eta egitura-hondatze prozesuek kaltetutako ia 100 metroko kaia konpondu eta indartzea ahalbidetuko du. Kalte horiek Kontxako badiako olatuen, mareen eta korronteen etengabeko eraginaren ondorio dira. Aurreikusitako lanen artean daude zimenduen sendotzea, hormak finkatzea, harlangaitzezko elementuak berriz jartzea eta zoladura guztiz berritzea.

Era berean, ontziralekuaren erabateko berrikuntza egingo da, hondatutako egitura-elementuak ordezkatuz, eskailerak berrituz eta gazitasunaren eta itsas hezetasunaren ondoriozko korrosio handia jasaten duten hainbat osagai hobetuz.

Onurak donostiarrentzat

Portuko jardueren lan-baldintzak eta funtzionamendua hobetzeaz gain, lanek eragin zuzena izango dute Donostiako itsasertzaren gune jendetsuenetako eta ikusgarrienetako batzuen segurtasunean eta erabilera-kalitatean.

Donostiako portua arrantza-jardueraren, aisialdiko nabigazioaren eta herritarren erabileraren arteko topagunea da, eta, aldi berean, Euskadiko hiri-paisaia adierazgarrienetako baten parte da. Azpiegitura horiek hobetzeak oreka hori mantentzea ahalbidetuko du, portuko espazioen segurtasuna eta paisaian duten integrazioa indartuz.

Inbertsio-plan honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko portuak zaintzeko, modernizatzeko eta balioan jartzeko duen konpromisoa, haien jarduera ekonomikoa sendotzen, eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzen eta etorkizuneko beharretara egokitzea bermatzen duten ekintzak sustatuz.