Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak 3.000 enpresa baino gehiago ohartarazi ditu bero boladek eragindako lan arriskuen inguruan

0
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak udako kanpaina indartu du estres termikoa prebenitzeko eta lan ingurune seguruak bermatzeko, Euskadin izandako tenperaturen igoeraren aurrean
  • Arabako 551 enpresatara, Bizkaiko 1.576ra eta Gipuzkoako 936ra bidali ditu komunikazioak, eta gogorarazi zaie enpresei legezko betebeharra dutela langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak jakinarazpenak bidali dizkie 3.063 euskal enpresari, azken egunetan Euskadin erregistratu diren bero boladek eta tenperatura altuek langileen segurtasunean eta osasunean eragin ditzaketen arriskuei buruz ohartarazteko. Jarduera hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako 2026ko Udako Planaren parte da, muturreko tenperaturen eraginpean egoteari lotutako gaixotasunak eta lan istripuak prebenitzeko helburuarekin.

Uda iristearekin batera, areagotu egiten dira beroaren esposizio luzeari lotutako laneko arriskuak, bereziki aire zabalean egindako jardueretan edo tenperatura handiko lan inguruneetan. Baldintza horiek estres termikoa areagotzen dute eta ondorio larriak eragin ditzakete osasunean, bero eta deshidratazio kolpeetatik hasi eta, muturreko egoeretan, heriotzaraino.

Arrisku horien hazkundeak lotura estua du klima aldaketa areagotzearekin; izan ere, aldaketa horren ondorioak dagoeneko hautemateko modukoak dira, bai maila globalean, bai Euskadin, bero bolada kopuru handiagoarekin eta maiztasun handiagoarekin. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritza uda sasoi bakoitzaren hasieran talka plan bat ari da garatzen 2022az geroztik, arrisku horien eraginpean egon daitezkeen enpresei prebentzio-jakinarazpen ugari bidaltzean oinarrituta.

Aurtengo edizioan, Arabako 551 enpresara, Bizkaiko 1.576ra eta Gipuzkoako 936ra iritsiko dira komunikazio elektronikoak. Jakinarazpen horietan gogorarazten zaie enpresei langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko legezko betebeharra dutela, lan baldintzekin lotutako alderdi guztietan, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Era berean, muturreko baldintza termohigrometrikoetatik eratorritako arriskuak espezifikoki ebaluatzeko eta prebentzio eta babes neurri egokiak planifikatzeko beharra azpimarratzen da. Neurri horien artean sartzen dira ordutegiak berrantolatzea esposizio handieneko orduak saihesteko, atsedenaldiak eta geldialdiak indartzea, edateko ura eskuragarri izatea, itzalguneak edo hoztuak egokitzea eta bereziki kalteberak diren pertsonak berariaz zaintzea.

Prebentzio neurriak

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gogorarazi du, halaber, Osalanek estres termikoari buruzko material espezifikoak jartzen dituela enpresen eta langileen eskura, beroak lan ingurunean dituen ondorioak prebenitzeko gomendio praktikoak eta dibulgazio baliabideak barne. (https://www.osalan.euskadi.eus/estres-termikoa-beroarekin-lan-egiteko-gomendioak/webosa00-contresu/eu/)

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu du prebentzioa ez dela aukera bat, “betebehar etiko, sozial eta legal bat baizik. Kalitatezko enplegua defendatzeak esan nahi du edozein egoeratan lan segurua, duina eta txukuna bermatzea, baita gero eta muturrekoagoak eta ohikoagoak diren fenomeno klimatikoen aurrean ere”.

Torresek azpimarratu duenez, “inork ez luke bizia galdu behar bizimodua aurrera ateratzeagatik. Printzipio horrek gidatzen du gure ekintza politikoa eta baita Lan Ikuskaritzaren zeregina ere. Enpresa lehiakorrak nahi ditugu, baina beti bateragarriak lan egiten dutenen osasuna eta bizitza benetan babestearekin”.

Arau hauste larriak edo oso larriak

Jakinarazpenek gogorarazten dute, halaber, arrisku horietatik babesteko betebeharra ez betetzea izan daitekeela arau hauste larria edo oso larria laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan. Arau hauste horiek 2.451 eta 49.180 euro bitarteko zehapen ekonomikoak ekar ditzakete kasu larrietan, eta 49.181 eta 983.736 euro artekoak oso larrietan.

Kanpaina horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du prebentzio kultura sendo baten aldeko konpromisoa, bai eta enpleguaren kalitatean, lanaren duintasunean eta langileen babes integralean oinarritutako lan merkatu baten aldekoa ere.