- Nazioarteko trafikoa %5,75 hazi da, espero zen bezala, eta barnekoa, berriz, %1,5 jaitsi da
- Ezbehar-tasa jaitsi egin da udaren hasieran, eta ez da momentuz hildakorik izan
Eusko Jaurlaritzak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren bitarteko balantzea egin du, eta bertan egiaztatu du Euskadin, Frantziatik eta Europako gainerako herrialdeetatik Portugalera eta Afrika iparraldera doan nazioarteko trafikoa %5,75 igo dela epe honetan, dispositiboaren hasieran aurreikusitako %6ko igoeratik oso gertu. Bestalde, barne-trafikoa %1,5 hazi da, aurreikusitako %3,5etik urrun, zirkulazio-intentsitate handiena A-8 autobidean kontzentratu delarik, batez ere, asteburuetan, Kantabriarekiko lurralde-mugan.
Istripu-tasari dagokionez, irteera-operazioa hasi zenetik gaur arte ez da zirkulazio-istripuagatik hildakorik izan Euskadiko errepideetan, iazko aldi berean hiru pertsona hil ziren bitartean. Behin-behineko datuen arabera, gainera, trafiko-istripuen kopuruak %33,6 egin du behera, 2025eko uztailean 374 istripu izan baitziren eta aurtengoan 247.
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, «uda hildakorik gabe eta ezbehar-tasa murriztuta hastea albiste itxaropentsua da, baina ez da behin betikoa. Trafiko handieneko egunak iristear daude oraindik, eta uda amaitzean egingo duguna izango da balantze garrantzitsuena. Horregatik, bidaiatzen duten pertsona guztiei eskatzen diegu zuhurtziaz jokatzeko, distrakzioak saihesteko eta gainerako pertsonen segurtasuna ere kontuan hartuta gidatzeko».
Nazioarteko trafikoan, litekeena da uztailaren 31rako 2.275.000 joan-etorri izatea.
Barne-trafikoari dagokionez, ibilgailuen intentsitaterik handienak asteburuetan biltzen ari dira A-8an, Kantabriarekiko lurralde-mugan: ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan Kantabriarantz, eta, alderantziz, igande arratsaldeetan. Tokiko irteera/itzulerako trafiko-fluxua da, faktore meteorologikoaren oso mendekoa. Tarte horretako auto-ilarak ahalik eta txikienak izan daitezen, seigarren urtez jarraian, hitzartutako garabi-zerbitzua jarri da martxan trafiko gehien dabilen asteburuetan, istripua izan duten edota matxuratuta dauden ibilgailuei laguntzeko. Zerbitzu berezi horrek bost erreskate egin ditu orain arte (lau matxuragatik eta bat ibilgailuen istripuagatik).
Udako lehen asteetan izan diren auto-ilara nagusiei dagokienez, Bizkaian, uztailaren 17an, ostirala, 11 km-rainoko auto-ilarak izan ziren A-8 errepidean, Kantabriarako noranzkoan, Muskiz eta Ortuella artean, ostiraletako ibilgailuen joan-etorria dela eta. Egoera hori larriagotu egin zen hainbat matxuraren eta istripu baten ondorioz. Gipuzkoan, uztailaren 3an, ostirala, 6 km-rainoko auto-ilarak izan ziren AP-8 autobidean, Irungo ordainlekuan, Kantabriarako noranzkoan, ibilgailuen kopuru handia dela eta. Azkenik, Araban, trafiko-dentsitate handiena uztailaren 12an, igandea, erregistratu zen A-1 errepidean, Madrilerako noranzkoan. Errei bat itxi zen eta 4 km-rainoko auto-ilarak sortu ziren, auto baten eta kamioi baten arteko istripu baten ondorioz.
Data garrantzitsuak
Irteera operazioan, nazioarteko zirkulazioan dauden ibilgailuen fluxurik handiena euskal errepideetan asteburu honetan bertan (uztaileko azken asteburuan), hau da, uztailaren 24, 25 eta 26an eta hurrengo asteburuan (abuztuaren lehenean), hau da, uztailaren 31n eta abuztuaren 1 eta 2an erregistratuko da. Egun kritiko hauetan guztietan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen-eragiketa bereziak antolatu ditu trafikoaren arintasuna bermatzeko eta bide-segurtasuneko arriskuak minimizatzeko, honako gune estrategiko hauetan: AP-1 autobideko irteeran eta N-622 errepideko lotunean, Etxebarri-Ibiñan, Gasteizko noranzkoan, eta N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Gasteizen, Burgos/Madrilerako noranzkoan.
Eta Itzulera Operazioan, datarik kritikoenak abuztuko azken bi asteburu luzeak izango dira, ostegunetik igandera, oporretako itzulera askoz modu mailakatuagoan egiten baita, hau da, abuztuaren 20tik 23ra eta 27tik 30era. Egun horietan, seinaleztapen-dispositibo berezia jarriko da Armiñongo lotunean, AP-1 autobidearen eta A-1 autobidearen arteko lotunean, Gasteizko noranzkoan. Puntu horretan, konoen eta seinale berezien bidez, A-1eko hiru erreietako bat lagako zaie AP-1etik modu masiboan sartzen diren ibilgailuei, segurtasunez eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzea bermatzeko.
Gomendioak
Bidaian irten aurretik, Eusko Jaurlaritzak hau gomendatzen du:
- Ibilgailuaren egoera ona dela ziurtatu, mantentze-lanak eguneratuta izanik.
- Otordu oparorik ez egn, logura saihesteko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ez kontsumitu.
- Gidatzea trafikoaren eta bidearen gorabeheretara egokitu, eta Ertzaintzaren aginduak beti jarraitu.
- Jokabide arriskutsuak saihestu eta zuhurtziaz, erantzukizunez eta errespetuz gidatu, eta bereziki kolektibo ahulenekin, hala nola motorzaleak eta txirrindulariak, kontu berezia izan.
- Segurtasun-tarteak mantendu.
- Atsedenaldiak egin bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
- Bidaian irten aurretik, begiratu errepideen egoera. Eusko Jaurlaritzak uda osoan emango du errepideen egoerari buruzko informazioa informazio-mezuen panelen, euskadi.eus web-orriaren, sare sozialen eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bitartez..
Hori guztia, istripuak saihesteko helburuarekin; izan ere Zero Biktima helburuak gogorarazten duen bezala, errepidean heriotza bakar bat ere ezin da onartu eta istripu-tasa murriztea errepideen erabiltzaile guztien esku dago.






