Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat egin du euskararen ikaskuntza errazteko, Euskara Bonuaren bidez

0
  • Gobernu Kontseiluak Euskara Bonua abian jartzea eta euskara ikasteko laguntzak zabaltzea ahalbidetuko duen arau-esparrua onartu du
  • Eredu berriari esker, pertsona gehiagok izango dute euskara ikasten hasteko, ikasketak berriz hartzeko edo ikasten jarraitzeko aukera, laguntza-sistema errazago, malguago eta ikaskuntza-prozesuaren etapa desberdinetara egokituago baten bidez

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskara Bonua abian jartzea, euskara ikasteko laguntzak zabaltzea eta euskararen ikaskuntzarako sarbidea erraztea ahalbidetuko duen arau-esparruaren aldaketa. Eredu berri horri esker, euskara hasierako mailatik B1 mailara ikasi ahal izango da 120 euroko ordainketa bakar baten bidez. Urrats honekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du pertsona gehiagok euskara ikasten hasi, berriz ekin edo ikasten jarrai dezaten sustatzeko konpromisoa, laguntza-sistema malguago eta ikaskuntza-prozesuaren etapa desberdinetara egokituago baten bidez.

Euskara Bonua Jauzia Gara proposamenaren parte da, euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa emateko Eusko Jaurlaritzaren bide-orriaren parte. JAUZIA GARA proposamenaren bidez, Jaurlaritzak ikaskuntzarako sarbidea erraztu, oztopoak ezabatu eta herritarrak euskalduntze-prozesu osoan laguntzeko neurriak sustatzen ditu.

 

Zer da Euskara Bonua?

Euskara Bonua Eusko Jaurlaritzaren euskararen ikaskuntza sustatzeko estrategia berriaren berrikuntza nagusia da. Herritarrei ikaskuntza-ibilbide errazagoa, egonkorragoa eta jarraituagoa eskaintzea du helburu, izapide administratiboak sinplifikatuz eta oztopo ekonomikoak murriztuz, pertsona gehiagok euskara ikasten hasi, berriz ekin edo ikasten jarrai dezaten, hizkuntza benetan erabiltzeko gaitasuna eskuratu arte.

Eredu berriari esker, euskara hasierako mailatik B1 mailara ikasi ahal izango da 120 euroko ordainketa bakar baten bidez, gehienez lau urteko ikaskuntza-ibilbiderako. Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, B1 maila erabiltzaile independentearen maila da; hau da, eguneroko egoeretan autonomiaz moldatzeko eta euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko aukera ematen duen lehen maila.

Sistema honen bidez, administrazio-izapideak sinplifikatzen dira, ikasleen jarraitutasuna sustatzen da eta pertsona gehiagok hizkuntza-autonomia hori eskuratzea bultzatzen da, euskararen erabilera gero eta ohikoagoa izan dadin.

 

Euskara ikasteko laguntza-ildoak

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza-ildo ditu indarrean euskararen ikaskuntza errazteko:

Maila egiaztatzeagatiko dirulaguntzak. Ikasleek matrikularen kostuaren zati handi bat edo kostu osoa berreskuratu dezakete A1etik C2ra bitarteko mailak gainditu edo egiaztatuz.

16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako C1 mailaren doakotasuna. Adin-tarte horretako gazteek C1 maila ia doan ikas dezakete.

AISA programa. Atzerritik etorritako herritarrei zuzendutako harrera eta euskararekiko lehen hurbilketa-programa.

Euskara Bonua. Pixkanaka ordezkatuko ditu gaur egungo A1 eta A2 mailetako matrikularen kostua murrizteko sistemak. Trantsizioa modu progresiboan egingo da, eta gaur egun A1 eta A2 mailetako laguntzen onuradun diren pertsonak automatikoki sartuko dira Euskara Bonuaren sisteman, 120 euroko hasierako ordainketa egin beharrik gabe.