Indarkeria matxistaren biktimen erreparaziorako eskubidea nola bermatu aztertzen ari da Emakunde bere udako ikastaroan

0
  • Gaur eta bihar, hogei bat adituk hitzordua dute Donostiako Miramar jauregian
  • Ikuspegi judizialetik hasi eta emozionaleraino dauden tresnetan eta baliabideetan sakontzen ari dira

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Emakundek antolatutako «Indarkeria matxistaren erronka berriak: biktimizaziotik erreparaziora» ikastaroaren lehen jardunaldian parte hartu du gaur, EHUren Udako Ikastaroen barruan, Donostiako Miramar Jauregian.

Ikastaroa bi egunetan egingo da, gaur eta bihar, eta bere helburu nagusia da aztertzea, hainbat arlotatik, nola lagun dakiekeen indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako eskubidea bermatzen, oinarri hartuta jasandako indarkeriaren kalte-ordaina, errekuperazio osoa edo indarkeria ez errepikatzeko bermea.

Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, erreparazioa zera da: «indarkeria jasan duten emakumeen bizi-baldintzak hobetzea, birbiktimizazioa saihestea, beren egia zabaltzea, indarkeria egoera hori gainditzeko autonomia eta ahalduntzea bultzatzea eta gizartea euren alde dagoela sentiaraztea».

Ildo horretan, Elgarrestak berretsi du indarkeria matxistaren aurkako jarduera publikoak erreparazioa ere barne hartzen duela, ekintza sozial gisa ulertuta eta beti ere indarkeria matxistaren egiturazko  arazoaren testuinguruan. «Dimentsio indibiduala gainditzen du, komunitatearen babesa eta laguntza behar baitu; horrela, emakumeek sentitzen dute gertatu zaiena arazo estruktural eta sozial baten ondorioa dela, eta ez dela arazo pertsonal bat bakarrik», berretsi du.

Hori dela eta, udako ikastaro honetan erreparaziorako eskubidea hainbat eremutatik aztertzen ari dira, juridikotik, psikologikotik, ekonomikotik edo dimentsio sozialetik, hainbat adituren eskutik.

Gaurko jardunaldian, beste aditu batzuen artean, legelari nabarmenek parte hartu dute erreparazio juridikoan eta ekonomikoan sakontzeko. Besteak beste, parte hartu dute Maria Naredo giza eskubide eta indarkeria matxistan aditua den legelariak; María Esther Erice Botere Judiazalaren Kontseilu Nagusiko bokalak; Haizea Barandiaran Andoaingo Berdintasun zinegotziak; Norma Vázquez indarkeria matxistan adituak; Gemma María Varona, Auxkin Galarraga, Idoia Igartua eta Itziar Altuzarra Unibertsitate irakasleak; eta  Joana Etxano eta MARIA Vinaredo Mugarik Gabe elkarteko kideak. Biharko saioan, berriz, gizartearen eta giza eskubideen alorra jorratuko da.

Ikastaro honetan zehar, indarkeria matxisten tokiko erreparazio-prozesu batzuk aurkeztu dira, zehazki Andoainen eta Orion, baita irabazi-asmorik gabeko kolektiboek eta elkarteek garatutako ekimenak ere, hala nola La Nuestra sare sozial feminista.

Programa esteka honetan kontsulta daiteke.