Gobernu Kontseiluak zuzeneko dirulaguntza ematea eta Enkartur – Enkarterriko Turismo Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du, “Rialia 20” industria-turismoko proiektua antolatu, koordinatu, ekoitzi eta gauzatzeko, Rialia Industria Museoaren hogeigarren urteurrena dela eta.
240.000 €-ko finantzaketarekin, kultura-programa bat egin nahi da, Rialia Industria Museoak industria-ondarearen interpretazioan duen zeregina sendotzeko eta Enkarterri, Meatzaldea eta Ezkerraldea kultura-turismoaren helmuga gisa kokatzen laguntzeko.
Horretarako, 2026ko urriaren 17an, jardueren programazio oso bat egingo da egun osoan (10:00etatik 20:30era), eta memoria, berrikuntza, parte hartzea eta kultura uztartuko dira, urteurrena herritar guztiei irekitako esperientzia bihurtzeko. Hauek dira jarduerak:
- Iron river ibilbideak: Rialia bere ingurunearekin lotzen duten eta industria-ondarea interpretazio-esperientzia bihurtzen duten hainbat ibilbide industrial egingo dira.
- Zubi Esekira bisita prezio murriztuan, gure Gizateriaren Ondareaz gozatzeko.
- Erakusketa- eta dibulgazio-gunea, Enkarterriko eta Ezkerraldeko eskualdeetan industria-turismoari lotutako baliabide, museo eta erakundeek parte hartzeko. Gune horri esker, udalerriek eta turismo-baliabideek beren ondare-, kultura- eta turismo-eskaintza aurkeztu ahal izango dute, informazio-materialen, publikoarentzako arretaren eta dibulgazioko ekintzen bidez.
- Arkeologia esperimentaleko tailerra: Labe zahar bat erreproduzitzen da jarduera honetan, eta, goizean, Meatzaritzaren Museoko taldeak burdingintzaren jatorria eta burdina transformatzeko duela mende batzuetako jatorrizko teknikak azaltzen dizkie hurbiltzen diren pertsonei.






