Juan Ignacio Pérez Iglesias: “Passion for Knowledge lehen mailako kultura-jai eta ezagutzaren ospakizun bat da”

0
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Passion for Knowledge-ren balioa nabarmendu du, “zientzia gizartera zabaltzeko baliabide eta zientziaren prestigio eta legitimazio sozialaren iturburu” gisa.
  • DIPCk antolatutako jaialdiak sei Nobel saridun eta ezagutzaren nazioarteko beste hainbat izen handi bilduko ditu irailaren 28tik urriaren 3ra Donostian eta Bilbon.
  • Egitarauak, irekia eta doakoa, hitzaldiak, ikasleekiko topaketak, elkarrizketak, bertsolaritza eta familientzako jarduerak eskainiko ditu.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Passion for Knowledge (P4K) jaialdiaren garrantzia nabarmendu du, zientzia eta ezagutza gizartera hurbiltzeko hitzordu nagusietako bat baita. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak jaialdia babesten du, ezagutzaren gizarte-zabalkundearen aldeko apustua elementu estrategikoa baita. Jaialdiaren seigarren edizioaren aurkezpenean Pérez Iglesiasek adierazi duenez, “haren planteamendu, anbizio eta formatu-aniztasunagatik, Passion for Knowledge ekitaldi paregabea da. Lehen mailako kultura-jai eta ezagutzaren ospakizun bat”.

Sailburuaren hitzetan, P4K “zientzia gizartera zabaltzeko formatu zabaleko baliabide bat da; zientziaren eta haren lorpenen erakusleiho bat eta jakintzen balioaren aldarrikapen publiko bat da”. Bere iritziz, horrek guztiak jaialdia “zientziaren prestigio eta legitimazio sozialerako iturburu bihurtzen du eta zientziak aurrera egiteko ezinbestekoa”.

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta, Passion for Knowledge 2026 irailaren 28tik urriaren 3ra egingo da Donostian eta Bilbon. Jaialdiak sei Nobel saridun, Asturiasko Printzesa sarietako bost irabazle eta zientziaren, literaturaren, matematikaren eta ezagutzaren beste esparru batzuetako nazioarteko izen handi bilduko ditu.

Arratsaldero, Victoria Eugenia Antzokian egingo dira osoko hitzaldiak. Besteak beste, Anne L’Huillier, Brian Schmidt eta Wolfgang Ketterle Fisikako Nobel saridunek; Siri Hustvedt Letren Asturiasko Printzesa saridunak; eta Marcus du Sautoy dibulgatzaileak parte hartuko dute. Egitarauak, gainera, ikertzaileen eta ikasleen arteko topaketak, dibulgazio-saioak, bertsolaritza, elkarrizketak eta solasaldiak, eta Passion Txiki programaren barruan familientzako jarduerak ere jasotzen ditu.

Aurkezpenean, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak zientzia kulturaren funtsezko osagai gisa aldarrikatu du, eta pentsamendu kritikoaren garrantzia nabarmendu du, bereziki “gero eta konplexuagoak diren arazoen aurrean jendea erantzun errazetan eta eslogan gidatuetan babestu ez dadin”.

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta, gehienak, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo dira; Bilbon ere izango dira zenbait ekitaldi. Jaialdiari buruzko informazio guztia p4k.dipc.org webgunean dago eskuragarri.