Eusko Jaurlaritzak ITSASERTZA Planaren, Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren, alerta-fasea ezarri du

0

Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren, Itsasertzaren Kutsadurari aurre egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Bereziaren, alerta fasea ezarri du gaur gaueko 23:10ean, Orioko portuan arrantza-ontzi batean piztutako sutearen ondorioz.

Itsasertza Planaren alerta-faseak berekin dakar itsas kutsaduraren balizko gertaera baten aurrean mobilizatu daitezkeen bitartekoak eta baliabideak antolatzea, behar den erantzun-mailaren arabera.

Egun osoan zehar, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak, Itsas Salbamendua, Gurutze Gorria eta Ertzaintza itsasontziko sua itzaltzeko lanetan aritu dira. Ordu hauetan suteak aktibo, baina kontrolpean, jarraitzen du. Gainera, esku hartzean, itsasontzia eskoratu egin da. Sutea erabat itzalita dagoenean, itsasontzia berriz flotarazi beharko da, eta biltegietan duen erregaia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta-fasea ezarri du, egingo diren mugimendu guztien jarraipena egin ahal izateko.

Ontzia dagoen inguruan euste-hesiak jarri dira, ihes eginez gero erregaia zabal ez dadin. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen talde batek sua itzaltzeko lanetan jarraitzen du, eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea gau osoan egongo da ur-lamina aztertzen, itsasoa kutsatzeko arriskua zaintzeko.