Lehendakariak Passion for Knowledge inauguratu du eta zientziak Euskadiren motor gisa duen papera nabarmendu du

0
  • Imanol Pradalesek Zientzia herritar guztiengana hurbiltzeko beharra azpimarratu du
  • Passion for Knowledge jardunaldiaren seigarren edizioak sei Nobel sari eta zientziako, literaturako eta matematikako nazioarteko pertsona nabarmenak elkartuko ditu urriaren 3ra arte

 

Imanol Pradales lehendakariak Passion for Knowledge (P4K) nazioarteko zientzia jaialdiaren seigarren edizioa inauguratu du gaur arratsaldean Donostian. Donostia Internation Physics Centerrek (DIPC) antolatzen duen jardunaldia urriaren 3ra arte egingo da Donostian eta Bilbon. Ekitaldian, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarekin eta Mikel Jauregi Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarekin batera izan da.

Bere hitzaldian, lehendakariak ezagutzeko jakin-mina Euskadiren aurrerapenaren giltzarrietako bat dela aldarrikatu du. “Jakin-minak, galdera egokiek eta erantzun propioek bultzatu gaituzte euskaldunok historian zehar. Eta horri esker egin dugu aurrera Herri eta gizarte gisa»,  adierazi du. Alde horretatik, nabarmendu du Passion for Knowledge ezagutza demokratizatzen duen eta pertsona guztien eskura, haien adina edo ezagutza-eremua edozein dela ere, jartzen duen espazioa dela.

Pradalesek adierazi duenez, “zientzia gizarte gisa egiten dugun hautua da: gure lehiakortasuna sendotzeko, gure ongizatea hobetzeko eta gizarte gisa denok aurrera egiteko hautua”, eta Euskadik ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu iraunkorra balioetsi du. Adierazi du Donostia erreferente zientifiko gisa finkatu dela, denboran zehar egindako herri-apustuari esker.

Halaber, lehendakariak defendatu du beharrezkoa dela zientzia eta kultura zientifikoa esparru publikora eramatea. “Herritarren zerbitzura jartzea, guztiok eskura izan dezagun, eta zilegitasun soziala erreforzatzea”, adierazi du, eta nabarmendu du garrantzitsua dela zientifikoki informatutako eta erabakiak modu aske eta arduratsuan hartzeko prestatutako gizarte bat izatea.

Passion for Knowledge jaialdiak sei Nobel sari, bost Asturiasko Printzesa Sari eta nazioarteko beste hainbat pertsonaia aipagarri elkartuko ditu aurtengo edizioan. Programazio irekia eta doakoa izango da, eta barne hartuko ditu hitzaldiak, ikasleekin topaketak, dibulgazio zientifikoa, bertsolariak, tailerrak eta familia-jarduerak.

Victoria Eugenia Antzokiak hitzaldi nagusiak hartuko ditu, Anne L’Huillier, Brian Schmidt, Wolfgang Ketterle, Siri Hustvedt eta Marcus du Sautoy hizlariekin. Horrez gain, programak adimen artifizialari eta zientziari, pentsamendu kritikoari, dibulgazioaren ahots berriei eta ikerketako osasun mentalari buruzko topaketak ere barne hartuko ditu, bai eta Zientziarekin solasean! ikasleentzako topaketak eta Passion Txiki familientzako programazioa ere.

Jardunaldiaren zati handiena Donostian garatuko da, baina jarduerak Bilbon ere egingo dira.