- Antondegi “Elkarrekin bizitzeko” ekoauzo bihurtzea planteatzen du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Vienatik. Horixe da edizioaren leloa, eta etxebizitza eskuragarria, natura eta hiriarekiko lotura uztartzen ditu
- Eusko Jaurlaritza esparruko lurzoruaren %30aren (286.850 m²) jabe da, eta partaidetza horren bitartez 1.110 etxebizitza babestu sustatu nahi ditu: 789 BOE eta 321 etxebizitza tasatu
- Departamentuak Donostiako Udalarekin lan egingo du, proiektu irabazlea aukeratu ondoren, antolaketa xehatua arintasunez izapidetu ahal izan dadin lehentasunezko jarduketa proiektu baten bitartez
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eskatu du Antondegi eremua, Donostiako Martutene auzoan, bi urtean behin egiten den Europan arkitektura eta hirigintza lehiaketaren 19. edizioan kokaleku gisa sartzeko. Helburua da, gutxi gorabehera urtebeteko epean, 3.000 etxebizitza inguru izango dituen ekoauzo berri bat diseinatzeko nazioarteko proposamenak biltzea.
Vienan iragarri da, Itxaso buru duen ordezkaritza bat aste honetan egiten ari den bidaia instituzionalean, etxebizitza publikoaren eta eskuragarriaren arloko lankidetzan oinarritua. Egonaldian, ordezkaritzak Europan proiektu irabazleen irizpidearen eta arauen arabera garatutako Austriako hiriburuko hiri espazioak bisitatu ditu, tartean Wildgarten (lorategi basatia alemanieraz), 1.100 etxebizitzatako auzoa, zeinaren proiektua Europan ekimenaren 10. ediziotik sortu zen; orain XXI. mendeko lorategi hiria errealitate bat da bertan.
Eskaerak prozesu baten hasiera markatzen du. Europan erakundeak kokalekua onartzen badu, ziurrenik azaroan, lehiaketan parte hartzen duten arkitekto-taldeek diseinatuko den eremuaren ezaugarri osoei buruz eskuragarri dagoen informazio eta ikerketa guztia jasoko dute.
Antondegik Donostiako hegoaldeko muturrean dagoen muinoa hartzen du, Astigarragako mugaren ondoan, Torrua Zahar ibarraren eta Urumea haranaren artean. Landa-itxurako lurraldea da, baserriak eta etxebizitza-eraikin batzuk dituena. Gipuzkoako azpiegitura berdearen sarearen parte den funtzionaltasun ekologikorako interesgarria den eremu batek zeharkatzen du.
Indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, 2010ean onetsitakoak, etxebizitza publikoen ehuneko handiko bizitegi-garapena aurreikusten du eremu horretan. Antolamenduak 283.000 metro karratuko bizitegi-eraikigarritasuna aurreikusten du, eta tamaina horrek eremu osoan 3.000 etxebizitza inguru garatzea ahalbidetuko luke.
Eremuak 972.737 m²-ko azalera du guztira, eta Eusko Jaurlaritzak, Visesaren bitartez, 286.850 m²-ko azalera du, multzoaren % 30, gutxi gorabehera. Parte-hartze hori posizio garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua sustatu ahal izateko etorkizuneko antolamenduaren barruan.
Zehazki, 283.000 m²-ko bizitegi-eraikigarritasun ordenatutik, 8.169 m² lehendik dagoen etxebizitza libreari dagozkio, eta gainerako 274.811 m²ek bizitegi-eraikigarritasun berria osatzen dute. Eraikigarritasun berri horren gainean, gutxi gorabeherako banaketa planteatzen da babes ofizialeko etxebizitzen (62%), etxebizitza tasatuen (25%) eta etxebizitza libreen (13%) artean.
Eusko Jaurlaritzak eremu horretan parte hartuz gero, Sailaren asmoa da 160.786 m² bizitegi-sabai sortzea, 1.110 etxebizitza babestu bultzatzeko: babes ofizialeko 789 etxebizitza eta 321 etxebizitza tasatu. Guztira, 1.110 etxebizitza horiek eragiketari dagokion bizitegi-aprobetxamenduaren % 51 osatzen dute.
Taldeek planteatzen duten erronka bat dator bete-betean edizio honetako leloarekin: «Hiri berpiztua / Elkarrekin bizitzea»: XXI. mendeko hirigintza bat irudikatzea, tokiko balio naturalak integratuko dituena eta, aldi berean, bizitegi-presio handia jasaten ari den hiri bati erantzungo diona, lurrik gabe geratzen ari dena eta baliabide gutxien dituztenak periferiara eramango dituena.
Sailaren nahia da nazioarteko hausnarketa horrek balio izatea, gainera, gero eremuaren hirigintza-definizioan aurrera egiteko. Antondegi bizitegi-eremu gisa jasota dago jada Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, eta, beraz, proposamen irabazle bat izan eta Udalarekin landu eta itundu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren helburua da haren antolamendu xehatuari arin heldu ahal izatea.
Ildo horretan, Sailak lehentasunezko jarduketa-proiektu bat bultzatzeko aukera planteatu du, hautatutako hirigintza-proposamena antolamendu zehatz bihurtzeko beharrezko urratsak bizkortzea ahalbidetuko duena. Asmoa da Europan lehiaketaren bidez etorkizuneko auzoaren diseinua aurreratu ahal izatea eta, hortik aurrera, Udalarekiko lankidetzak haren garapenean aurrera egitea erraztea.
Proposamenaren berezitasunetako bat da lehiatzen diren azterlanek Donostiako 27. poligono zaharra nola modernizatu eta eguneratu hausnartzeko askatasuna izango dutela, modu osagarrian. Horrela, lehiaketa ez da bizitegi-auzo berri bat diseinatzera mugatzen. Era berean, garapen berriak bere ingurune hurbila, jarduera ekonomikoa barne, nola josi eta biziberritu dezakeen pentsatzera gonbidatzen du.
Udalaren eskutik
Sailak aurrera egin nahi du Antondegin, Donostiako Udalarekin batera, Udalak berak nahi duen bezala eta hiriko beste esparru batzuetan landu den bezala, esaterako trenbide-hondartzan.Udalaren konbikzioa funtsezkoa izango da arlo honetan. Lurzoru hori desklasifikatzeko tentazioak egon dira, landa-lur gisa uzteko, eta Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburua ez dator bat horrekin. “Donostiak pairatzen duen bizitegi-larrialdia eta daukagun lurzoru urria kontuan hartuta, ezin diogu uko egin horrelako eremu bati”, azpimarratu du hedabideen aurrean egindako agerraldian.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ustez, Donostiak azken urteotan izan duen hiri-bilakaerak Antondegiren posizioa ere aldatu du. Urumeako ardatzaren bizitegi-garapenak, Loiolako Erriberak, Loiolako kuartelak, Txomin-Enea — espetxea eraitsi ondoren bigarren fasea izango duena — eta Antzita eta Sarruetako etorkizuneko garapenek hiria esparru horretara hedatu dute pixkanaka. «Beharbada, duela denbora bat, Antondegi eten eremu gisa uler zitekeen, hiri-bilbetik urrun eta hiritik deskonektatuta. Gaur, bi administrazioek sinatu berri duten protokoloan aurreikusitako garapen horiekin guztiekin, Antondegi izango da diseinatzen hurrena», azaldu du Itxasok.
Horregatik, Itxasok beharrezkotzat jotzen du bere etorkizuna behar besteko aurrerapenarekin definitzen hastea. Helburua da plangintzarik ezak urteetan zehar bizitegi-eremu berriak martxan jartzea ez luzatzea. «Antondegi denboraz pentsatzen eta diseinatzen joatea komeni da, Auditz Akular bezalako beste esparru batzuetan gertatu dena gerta ez dakigun, oraindik 15 urte baitaramatzate diseinatzen hasi gabe», adierazi du sailburuak.
Ildo horretan, Europan programan parte hartuz, Antondegiren etorkizunari, hiriarekin integratzeari eta etxebizitza eskuragarria sortzeko gaitasunari buruzko Europako hirigintza-hausnarketa zabaldu ahal izango da, eta, aldi berean, garapen berriak bere ingurunearekin eta 27. poligonoko jarduera ekonomikoarekin duen harremanari helduko zaio.
Egutegia
Kokalekua onartzen bada, Antondegik proiektu irabazle bat izango du 2027aren amaieran.
- 2026ko azaroaren 5, 6 eta 7a: Europan erakundeak 19. edizioko kokalekuak behin betiko onartzen ditu.
- 2027ko martxoaren 1a: Deialdia egiten da eta taldeek eremuaren dokumentazio osoa jasotzen dute. Martxoaren 1etik ekainaren 27ra proiektuak aurkezteko epea da.
- 2027ko ekaina: Taldeek beren proposamenak aurkezten dituzte, eta epaimahaiak ebaluatzen ditu.
- 2027ko uztaila + iraila/urria: Nazioarteko epaimahaiaren bilerak egiten dira.
- 2027ko abendua: Proposamen irabazlea ezagutzen da, lanean hasteko.
Europan, proiekturik onena aukeratzeko bermea
Europan arkitektura, hirigintza eta paisaiari buruzko ideien lehiaketa sare europarra da, 1988an sortua eta 40 urtetik beherako profesional-taldeei zuzendua. Edizio bakoitzean, Europa osoko hiriek parte hartzen dute transformazio-eremuak proposatuz; azken edizioan, 47 kokaleku izan ziren, 12 herrialdetan.
Proposamenak modu anonimoan aurkezten dira, eta ospe handiko adituen epaimahaiek ebaluatzen dituzte, Europa mailako analisi konparatibo baten ondoren. Lehiaketa ez da sarian amaitzen: ideia irabazleek benetako enkarguak eta exekuzio-prozesuak gauzatzeko pentsatuta dago. Antondegiren kasuan, ondorengo enkargua ordenazio bat eta ekintza- edo jarduketa-plan bat diseinatzea izango da. Espainian, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin eta Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenarekin batera antolatzen da Europan ekimena.
Hiru hamarkada baino gehiago Europan erakundearekin lankidetzan
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik proposatu dizkio kokalekuak Europari, eta proposamen irabazleak eraikitako edo martxan dauden etxebizitza publiko bihurtu ditu:
- Basauri (Europan 2, 1991): 184 etxebizitza.
- Mina del Morro, Bilbo (Europan 4): 84 etxebizitza.
- Lasarte-Oria (Europan 15): babestutako 100 etxebizitza inguru.
- Beizama (Europan 16): alokairuko 12 etxebizitza publiko, jarduera produktiboetarako partekatutako tailerrekin, gazteak landa-eremuko udalerri batera erakartzeko pentsatuak.
- Eibar (Europan 17): AIBE fabrika zaharra, Txonta auzoan, gazteentzako alokairuko zuzkidura-apartamentu bihurtzea, Udalarekin lankidetzan.
- Vitoria-Gasteiz (Europan 18): Bustaldeko etxebizitza-multzoaren birgaitze integrala, Aretxabaletan, udaletxearen ondoan, ‘Care Blanket’ proposamen irabazletik abiatuta.
Gainera, 2021eko azaroan, Europan 16ko hirien eta epaimahaien Europako foroa egin zen Donostian, bederatzi herrialdetako 300 profesional baino gehiagorekin.
Azken batean, Antondegi eskala-jauzi bat da. Izan ere, orain arte, sailak proposatutako kokalekuak etxebizitza-eraikin edo -sustapen zehatzetarako ziren. Hau da Eusko Jaurlaritzak hirigintza-diseinuko lehiaketa bat proposatzen dion lehen aldia: auzo oso baten antolamendua. “Europan Antondegik ahalik eta proiektu arkitektoniko eta urbanistiko onena izango duela bermatzen du”, adierazi du sailburuak, eta gaineratu du “Europako talde gazte onenek XXI. mendeko auzo batek nolakoa izan behar duen pentsatzea nahi dugu: etxebizitza eskuragarria, naturan integratua eta hiriarekin konektatua”.
Itxasok azaldu duenez, “hemen, Vienan, Europan lehiaketa batetik sortu ziren auzoak ikusi ditugu, eta gaur egun jendea bizi den errealitate bat dira. Hori da Donostiarako dugun anbizioa”, esanez amaitu du.






