- Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Kontseiluak, Luxenburgon bilduta, betearazpen-erregelamendu berria onartu du, etorkizuneko finantza-esparrua onartzearen baldintzapean
- Kontseiluak bere negoziazio-jarrera zehaztu du, Nekazaritza Politika Bateratu sendoa eta etorkizunera begirakoa lortzeko
- Europar Batasunak sardinzarraren, bakailaoaren, platuxaren, ijito-sardinaren eta izokinaren arrantza arautu du Baltikoan
- Mihi-arrain arruntaren esleitu gabeko azpi-TACaren % 80 gainditzen bada, Portugalek eta Espainiak harrapaketen berri maizago emateko konpromisoa hartu dute
Europar Batasuneko Nekazaritza ministroek adostu dute 2028tik aurrerako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erregelamendua sinpleagoa eta malguagoa izatea. Akordioa lehen urrats garrantzitsua da, baina Europako Parlamentuak bere jarrera zehaztu behar du oraindik.
NPB erreformatzeko negoziazio-mandatu bat da, Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak aztertu ondoren onartu beharko dena. Orientazio orokor partzial hori ez da behin betikoa, oraindik azken ekarpenak, 2028-2034 aldirako Urte Anitzeko Finantza Esparruaren (UAFE) onarpena eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen iritziak falta baitira. Horrenbestez, negoziatzen jarraitu beharko da, eta erakundeek eta antolakundeek lanean jarraitu beharko dute.
Luxenburgon egin den Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Kontseiluan (Agrifish) parte hartu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, autonomia-erkidegoen ordezkari gisa nekazaritza arloan. Goi-bileran Marta Marín Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkariak ere parte hartu du.
NPBren erregelamendu berria orientazio orokor partzial gisa onartu da, finantza-esparrua zehaztu gabe. Horrek esan nahi du etorkizunean finantzaketarekin zuzenean lotutako atalak aldatu beharko direla, eta eztabaidatzen eta negoziatzen jarraitu beharko dela. Lehen aldia da arau-esparrua finantza-esparrua baino lehen onartzen dela.
«Eztabaidarako aurkeztutako azken dokumentuari egindako ekarpen berrien artean, hainbat neurri jaso dira: estatuen aldi baterako laguntzak txertatzea; krisiei edo klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko erreserbak edo ordainketak aktibatu ahal izateko araudia; kontrolen gauzatzea beste erakunde batzuen esku uzteko edo transferitzeko aukera; eta aspaldiko eskaera bati erantzutea, hau da, enpresa-formula juridikoen bidez titulartasun partekatua duten nekazariek laguntzetan tratu bidezkoa eta berdintasunezkoa jasotzea», azaldu du Amaia Barredok.
Amaia Barredok nabarmendu duenez, «sektoreari egonkortasuna eman behar diogu, nekazarien diru-sarrerak bermatuz eta sektorean sartzen diren ekoizle berriei bidezko diru-sarrerak ziurtatuz. Aldi berean, arinago jokatu eta izapideak sinplifikatu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoak dira finantzaketa sendoa, aurreikus daitekeen politika bat eta zama gehigarririk ez ezartzea».
«NPBren erregelamendua onartuta, aurrerapausoa eman dugu malgutasunean eta sinplifikazioan. Horri esker, eskualde bakoitzaren beharretara egokitutako NPB baterantz goazela esan dezakegu. Hala ere, oraindik lortu behar dugu Nekazaritza Politika Bateratu sendo, egonkor, behar bezala finantzatu eta benetan europar baten aldeko konpromisoa. Lurraldeen aniztasuna errespetatuko duen eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta landa-eremuen etorkizuna bermatuko duen politika behar dugu».
Atzo, astelehena, gauera arte luzatu zen bileran, lurzoruaren babesari buruzko testuan ere aldaketak onartu ziren, malgutasun eta berme gehiago eskaintzeko. Besteak beste, ikuskapenak hirugarren erakundeen esku uzteko datuak transferitzeko aukera jaso da. Gainera, estatu kideek zuzenean egin ahal izango dizkiete ordainketak hirugarrenei, esaterako, aseguruetarako laguntzen kasuan.
Etorkizuneko NPBren helburua da nekazariei behar duten laguntza ematea, elikagaien ekoizpenari eusteko, Europar Batasuneko nekazaritza-sektorearen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko.
Esparru sinpleago eta arrazionalizatuago baten bidez, laguntzak zehatzagoak eta eraginkorragoak izatea bilatzen da. Aldi berean, estatu kideei malgutasuna eta beharrezko tresnak eskaini nahi zaizkie, beren nekazarien behar zehatzei erantzuteko. 2027tik aurrerako NPBk elikagai seguruak eta eskuragarriak hornitzen, ingurumena babesten eta landa-eremuen bizitasuna sustatzen lagunduko du.
«Etorkizuneko NPBk jardunean dauden nekazariei lagundu behar die, belaunaldi berriei aukerak eman eta ekoizleei arriskuei eta krisiei aurre egiten lagundu. Alderdi horietan malgutasun handiagoa aurreikusten da, eta neurri batean estatuetako edo eskualdeetako planen bidez arautuko dira behin betiko. Gaurko akordioa urrats garrantzitsua da NPBk nekazarien beharrei erantzuten eta landa-eremuetako komunitateei laguntzen jarrai dezan. Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko«.
Gai nagusiak
EBren epe luzerako hurrengo aurrekonturako proposatutako esparruaren arabera, gaur egun dauden Europako funtsak —Nekazaritza Politika Bateratuari (NPB) ematen zaion laguntza barne— Estatuko eta Eskualdeko Lankidetza Plan berri batean (NRPP, ingelesezko sigletan) bateratuko lirateke. Plan berri horren barruan, estatu kide bakoitzak plan integral bakarra prestatuko luke. Plan horrek gaur egun bereizita dauden hainbat arlotako planak eta programak ordezkatuko lituzke: kohesioa, nekazaritza, arrantza, migrazioa, segurtasuna eta Klimarako Gizarte Funtsa.
Eredu berri horrekin, NPBk gaur egungo bi zutabeko egitura alde batera utziko luke. Izan ere, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa egitura bakar batean bateratuko lirateke. Hala ere, NPBren berezko tresnak eta esku-hartzeak mantenduko lirateke.
Etorkizuneko NPBren helburua da errentarako laguntzak bidezkoagoak eta eraginkorragoak izatea, eta finantzaketa nekazaritza-ekoizpenean benetan parte hartzen duten nekazariengana bideratzea. Horretarako, azaleran oinarritutako eta pixkanaka murrizten den errentarako laguntza-sistema bat proposatu da (DABIS, ingelesezko sigletan). Sistema horrek gaur egungo ordainketak sinplifikatuko lituzke, eta laguntzak nekazaritza-ustiategi bakoitzaren egoerara hobeto egokitzeko aukera emango luke. Ikuspegi horren bidez, finantzaketa modu orekatuagoan banatu nahi da, arreta berezia jarriz nekazari aktiboengan (gutxieneko nekazaritza-jarduera bat egiten dutenengan), nekazari gazteengan eta nekazari txikiengan.
Arrantza
EBko Kontseiluak 2027rako Baltikoko itsasoko arrantza araudia onartu du. Hasieran proposatutako harrapaketa kopuru baimendu gehienak (TAC) handitu dira, eta kudeaketa-konpromisoak hartu dira egoera ahulean dauden espezie batzuen egoera hobetzeko.
Kontseiluak akordio politiko bat lortu du 2027rako Baltikoko itsasoko arrantzari buruz. Akordio horren bidez, harrapaketa-mugak ezarri dira espezie nagusientzat: sardinzarra, bakailaoa, platuxa, ijito-sardina eta izokina. Helburua da arrain-populazioak berreskuratzea eta itsas ingurunea babestea, eta, aldi berean, arrantza-sektorearen eta haren mende dauden kostaldeko komunitateen etorkizuna bermatzea.
Arrantza araudiari dagokionez, eta Portugal eta Espainiari eragiten dieten gaien inguruan, azpimarratu da garrantzitsua dela harrapaketen, arrantza-produktuen pisaketaren eta nahitaezko informazioaren berri behar bezala ematea, Kontseiluaren 1224/2009 (EE) Erregelamenduan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera. Helburua da mihi-arrain arruntaren (Senegalgo mihi-arrainaren) eta hondarretako mihi-arrainaren kuoten erabileraren jarraipen eraginkorra egitea, Kantauri itsasoan eta Iberiar penintsulako uretan.
Portugalek konpromiso sendoa hartu du mihi-arrain arruntaren eta beste mihi-arrain espezie batzuen harrapaketei buruzko informazioa hobetzeko. Horretarako, ikuskapenak egingo ditu eta arrantza-erregistroetan, pisaketa-dokumentuetan, salmenta-oharretan eta garraio-dokumentuetan jasotako datuak egiaztatuko ditu. Gainera, mihi-arrain arruntarentzat esleitu gabeko azpi-TACaren % 80 gainditzen bada, Portugalek eta Espainiak harrapaketen berri maizago emateko konpromisoa hartu dute. Horrela, kuotaren erabileraren jarraipena garaiz egin ahal izango da, 1224/2009 (EE) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Portugalek eta Espainiak Europako Batzordearekin elkarlanean jarraituko dute mihi-arrain arruntaren kudeaketa hobetzeko. Gaur egun, espezie horren kudeaketa EBko esleitu gabeko kuota batean oinarritzen da, eta helburua da gehiegizko arrantzaren arriskua murriztea. Bi estatuek, halaber, espezie bakoitzari buruzko datuen eskuragarritasuna hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute, Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) maila handiagoko aholkularitza zientifikoa eman ahal izan dezan. Arrantzaren arloko administrazio- eta lege-sinplifikazioari buruzko bigarren txostenari dagokionez, helburua da arauak errazagoak izatea, betebeharrak argiago zehaztea eta arrantzaleentzat, administrazioentzat eta kostaldeko komunitateentzat benetako hobekuntzak lortzea.
Horretarako, beharrezkoak ez diren administrazio-kargak murriztuko dira, araudiaren helburuak mantenduz. Era berean, lege-esparrua sinplifikatzeko urratsak egin dira, arrantza araudia eta urte anitzeko planak aldatuz. Arrantzaren kontrol-sistema berrikustearen helburua ere araudia arrazionalizatzea da. Horretarako, tresna digitalek administrazio-karga murrizten lagunduko dute, errentagarritasunarekin, kontrolekin eta nahitaezko izapideekin lotutako prozedurak erraztuz.






