Estrasburgok atzera bota du 19 presok zigor metaketaren inguruan egindako eskaria

0

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak artxibatu egin du 19 euskal presok zigor metaketaren inguruan aurkeztutako auzi-eskea. Frantziako espetxeetan igarotako urteak Espainian bete beharreko zigorretatik kentzeko galdegiten zuten eskatzaileek. Estrasburgoko Auzitegiak, ordea, arrazoia eman dio Espainiako Justiziari.

Ostegun honetan ezagutarazi den erabakian, urrian auzi berari buruzko epaia eman zuela azpimarratu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Orduan, Espainiari arrazoia eman zion, Santiago Arrospide Sarasolak (Santi Potros), Francisco Mujika Garmendia (Pakito) eta Alberto Plazaolari Frantzian betetako zigorrak ez konputatzeko erabakiaren inguruan.

Erabakia hartu duen hiru magistratuz osatutako batzordearen esanetan (tartean dago Maria Elosegui donostiarra), 19 presoek azaldutako arrazoiak berdinak dira. Zehazki, Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5.1 artikulua (askatasunerako eskubideari eta legearen kontrako atxiloketari buruzkoa) eta 7. artikulua (araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea) urratu dituela arrazoitu dute salatzaileek.

Artikulu horietan aipatzen diren giza eskubideak urratzen ez direla iritzita, auzia artxibatzea ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

Hauek dira salaketa jarri duten 19 presoak: Jose Javier Zabaleta Elosegui, Aitzol Gogorza, Juan Carlos Subijana, Jose Ramón López de Abetxuko, Jose María Arregi, Idoia Mendizabal, Josu Arkauz, Agurtzane Delgado, Oscar Celarain, Xabier Zabalo, Ainhoa Barbarin, Balbino Saenz, Andoni Otegi, Juan Luis Rubenach, Juan Ramon Carasatorre, Miguel Angel Gil Cervera, Angel María Lopez Anta, Francisco Javier Chimeno eta Aitor Aguirrebarrena.