Gazte Txartela berriak abantaila gehiago izango ditu

0

Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako agiri berriaren nondik norakoak azaldu ditu Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Iragarri duenez, doako bidaiako laguntza-asegurua izango du aurrerantzean, mundu osoan baliogarria izango da eta aterpekide-agiria ere eskainiko du. Horri esker, gazteek nazioarteko sareko edozein aterpetan hartu ahalko dute ostatu.

Jaurlaritzaren hitzetan, gaur egun 70.000 gaztek dute agiria. Europan homologatuta dagoen gazteentzako euskal agiri bakarra da Gazte Txartela, eta Europako Gazte Agirien (EYCA, ingelesez) Elkartearen baitan dago.

Artolazabalek iragarri duenez, laster beste 300.000 txartela bidaliko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatuta dauden eta 14-29 urte dituzten gazteei.

Txartel berria inklusiboa —aniztasuna eta baztertutako taldeak kontuan hartuko ditu— eta jasangarria ere izango dela zehaztu du sailburuak.