Hondartzen erabilera arautzen duen esparru orokorra aplikatzen hasi da

0

Hondartzen denboraldia hasi da, eta, harekin batera, hondartzak erabili eta arautzeko esparru orokorra, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalerriek COVID-19aren hedapenari aurre egiteko ezarri eta adostutakoa.

Esparru orokorrean, era berean, hondartza bakoitzaren ezaugarri partikularrak hartzen dira kontuan; izan ere, udalerri bakoitzak bere kontingentzia-planean jaso ditu ezaugarri horiek; osasun-arloko agintariek aire zabaleko guneak seguru erabiltzeko ezarritako gomendioak dira esparruaren oinarri. Hori izango da, hain zuzen, denboraldi atipiko honen berritasun nagusia; Foru Erakundeak operatibo mantenduko ditu hondartzetan eman ohi dituen zerbitzuak, bai eta zerbitzuok finantzatzeko urteko 5,2 milioiko inbertsioa ere.

Aurtengo denboraldian zehar, hondartzen ohiko ordutegia mantenduko da, 11:00etatik 20:00etara, eta ordu-tarte horretan ezin izango da kirolik praktikatu hareatzetan (palak, beisbola, futbola…), osasun-arloko agintariek une bakoitzerako ezarritako segurtasun-tartea gordetzearren. Agintari horiek erabakiko dute zenbat pertsona sar daitezkeen talde batean hondartzara eta nolako segurtasun-tartea mantendu behar duten; halaber erabaki dezakete gune publiko hauek erabiltzeko baldintzak aldatzea, pandemiaren eboluzioaren arabera.

Hondartzen erabilera arautzen duen esparru orokor horren barruan, bestalde, ezartzen da hondartzara doazenak ezin direla bertan hiru ordutik gora egon, hala errotazio bat egongo baita aukera emango duena hondartzaz ahalik eta pertsona gehien gozatu daitezen. Horrez gainera, gomendatzen da eguzkitakorik, aulkirik edo koltxonetarik ez eramatea, behar-beharrezkoa ez bada, espazio gutxiago okupatzearren eta erabiltzaileen errotazioa erraztearren hondartzan gomendatutako denbora igarotzen denean.

Hondartzako pertsona-kopurua erregulatzeko eta, uneoro, segurtasun-tartea mantentzeko, sistema bat ezarri da; hondartzainek eta sorosleek neurketa bat egingo dute, eta, haren arabera, hiru okupazio-maila egongo dira, semaforo baten koloreekin bat egiten dutenak: berdea, anbar-kolorea eta gorria. Maila berdean, okupazio-maila ona da; anbar-kolorean, hondartza nahiko beteta dago, eta gorrian, bete-beteta. Honela ematen da informazio horren berri:

  • Hondartzan bertan, megafoniaren bidez, eta, hala denean, anbar-koloreko bandera bat jarrita; hala, erabiltzaileek jakingo dute betetzen hasi dela eta modu ordenatuan irteten hasi behar dutela (hondartzan dauden gainerako banderek jarraituko dute adierazten aurreko urteetan adierazten zutena: bandera berdeak, bainu librea; bandera horiak, bainua kontuz hartzea; bandera gorriak, debekatuta bainatzea, eta igerilari bat marraturik daukan bandera zuriak, uraren kalitatea ez dela egika bainua hartzeko).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian, non panpina berde bat, anbar-koloreko bi panpina eta hiru panpina gorri erabiliko diren hondartza bakoitzeko okupazio-maila adierazteko.
  • Eta Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako BizkaiUp aplikazioan, non COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurri guztiei buruzko informazioa dagoen; edozein gailu mugikorretan deskarga daiteke aplikazioa.  Besteak beste, informazio hauek bilduko dira aplikazioan: hondartzetako okupazio-mailak, hondartza bakoitzaren berezitasunei buruzko datuak, udalerriek une jakin batean har ditzaketen neurriak, aparkalekuen itxiera partziala, hondartza dinamikoaren egoerara pasatzea, sarbideei buruzko gorabeherak…

Hondartzako okupazio-maila web-orrian eta aplikazioan aurretik egiaztatu daitekeenez, Aldundiak zein gure lurraldean hondartza duten udalerriek herritarrei dei egiten diete tresna digital horiek kontsulta ditzaten hondartzara joan aurretik, hondartzako okupazio-maila egokia dela egiaztatzeko.

Sorosleak eta hondartzainak beti egongo dira harremanetan udalekin, gehieneko edukierara heltzen denean zer neurri hartu behar diren erabakitzeko; kasu horretan, udaltzainak eta ertzainak arduratuko dira ezarritako araudia betearazteaz.