Gizarte Kontseiluak Donostiak COVID-19ari emandako erantzuna aztertu du

0

”Hiriaren erantzuna COVID-19ren aurrean” izenburupean antolatu zen Donostiako Kursaalean Gizarte Kontseiluaren lehen ekitaldia.

Eneko Goiak, gaur egungo testuinguruan Gizarte Kontseiluak duen zeregina azpimarratuz hasi zuen bere hitzaldia eta ikuspegi sozial eta ekonomikoei dagokienez, munduaren zatirik handienak aurrez aurre duen egoera berria aipatu zuen. Ildo horretan, honako hau gaineratu zuen: “Donostia ez da salbuespena, eta premiazkoa da gauden egoeraren diagnostiko zehatza egitea -indarguneak eta mehatxuak-, eta, batez ere, egoera berriari hiri gisa aurre egiteko ekintza-ildo batzuk zehaztea”.

Alkateak Gizarte Kontseilua, gure hiriko erakundeen eta gizarte zibilaren partaidetzarako eta topaketarako organo goren gisa, eztabaida hau sortu behar den forotzat jo zuen, “epe labur eta ertainerako, ideia eta proposamen batzuk bertatik atera behar baitira. Ordezkatutako sektore ezberdinek euren ekarpenak egin behar dituzte, eta, proposamenen trukaketatik, hiri estrategia bat sortu behar da hiru esparrutan: sanitarioan eta soziosanitarioan; gizarte arloan eta kulturalean; eta, batez ere, berreraikuntza ekonomikoaren alorrean”, gaineratu zuen.

Ekitaldia Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendari den Kepa Kortaren laburpenarekin amaitu zen. “Koordinatzea, kohesionatzea, konektatzea, elkarlanean aritzea, erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia, prebentzioaren garrantzia. Hau ez da amaitu eta oinarrizko eta baikortasunezko mezua: guztion artean egin ahal izan dugun hau, gauzak beste modu batera egiteko beste aukera bat da, beste mundu bat posible da. Begiratu dezagun etorkizuna baikortasunez, eta alda dezagun. Eredu aldaketa batean sakontzea irakaskuntza da”, adierazi zuen.