Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera Kultura Bonuaren 26.800 ale kaleratuko ditu

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera Kultura Bonua aurkeztu du; programa  hau CECOBIren eta Kutxabanken lankidetzarekin jarri da abian sektoreak bizi dituen une zail hauetan kulturaren kontsumoa sustatzeko. Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak,  bonu berri hau martxan jarriko dela iragarri du eta aurkezpen-ekitaldian  berarekin Pedro Campo,  CECOBIko presidentea, Kutxabankeko Bizkaiko sareko zuzendaria den Xabier Solaetxe, eta hainbat kultur diziplinatako artistak izan dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskalduna Jauregian antolatu duen ekitaldian emanaldia eskaini dute Elai Alai konpainiak, Izaro abeslariak, Maribel Salas eta Mitxel Santamaria aktoreek, Idoia Ibarrondo eta Juan Infante idazleek  eta Marion Desjaques BOSeko harpistak. Pertsona horiek guztiek ‘kultura’ hitza osatu dute, euren emanaldi bakoitzaren amaieran hizki bana jarriz, eta keinu horrekin kultura kontsumitzearen garrantzia irudikatu nahi izan dute.

Lorea Bilbaok, aurkezpenean, honakoa azaldu du, «BAKB Bizkaia Aurrera planaren barne aurkeztutako neurrietariko bat da. Kultura kontsumoa sustatzea dau helburu, eta finean bonoaren bitartez lortzen doguna da herritarrei kultura arloko produktuak eta ikuskizunak ordaintzerakoan deskontuak eskaintzea.» Diputatuak gaineratu du «Kultura ekosistema oso bat da. Kultura bada enplegua ere, enplegu berezia gainera: intermitentea, profesional oso kualifikatuz osatua, enpresa txikiz eta autonomoz osotua. Kultura industria da. Kultura, besteak beste, aberastasun ekonomikoa dakartso gizarteari. Kultura inbertsinoa da, gizartearentzat ezinbesteko ondasuna. Horregaitik guztiagaitik, sektore honeri be lagundu egin behar deutsagu krisi larri hau gainditzen; eta erronka honetan oinarri-oinarrizkoa da guztion lankidetza, erakundeena, zalantza barik, baina baita herritarrona eta sektorearena berarena be, ezinbestekoa dogu kulturea kontsumitzea, bizirik iraun gura badogu behintzat.»

Bizkaia Aurrera Kultura Bonua Programaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak kultur produktuen erosketa sustatuko du, horien euskarri guztietan. Horretarako, Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak (BAKB) erosi beharko dira; bonuok Kutxabank finantza-erakundearen bidez jarriko dira salgai eta erabiltzaileek Bizkaian hainbat kultur produktu erosteko aukera izango dute.