«Erosi Zarautzen 2020» bonuen bigarren kanpaina

0

Alarma egoerarengatik itxita egon behar izan zuten Zarauzko saltoki eta zerbitzu guztiek (martxoaren 16tik maiatzaren 3ra bitartean) eta 2019ko aldi berarekin alderatuta % 40tik gorako galerak izan dituztenentzat Zarauzko Udalak abian jarri du “Erosi Zarautzen 2020” bigarren kanpainan parte hartzeko aukera. Horretarako, Zarauzko Udalaren webgunean (www.zarautz.eus) aurkituko duten dokumentu bat bete eta bidali beharko dute, Garapen/Merkataritza Arloko Bulegoan eskatu daiteke ere (Salegi kalea 14) edo posta elektronikoz (gatc@zarautz.eus). «Programari atxikitzeko epea irailaren 13an amaituko da; beraz, izena ematea ez atzeratzea gomendatzen diegu interesa dutenei», adierazi du Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak. Merkataritza arloko bulegoaren ordutegia 09:00etatik 14:30era izango da

Aurreko kanpainarekin alderatuta, aldaketaren bat dago, oraingoan bonuak erosketa berean metatu ahal izango dira, zenbatekoaren arabera. Gutxienez 30 euroko erosketa egin beharko da 10 euroko bonua jasotzeko. Udako kanpainan parte hartutako saltokiek eta zerbitzuek ere formularioa nahitaez bete beharko dute.

Guztira, Zarauzko Udalak 90.000€ inbertituko ditu kanpaina hauetan eta datozen hilabeteetan hainbat ekintza bultzatzen jarraituko du.