Hiru atxilotu Donostian indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik

0

Ertzainek 19, 29 eta 40 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten atzo, asteartea, arratsaldeko lehenengo orduan, Donostian, kalean herritar bati eraso eta lapurreta egiteagatik.

Arratsaldeko hiru eta erdiak baino lehentxeago, herritar batek Ertzaintzara deitu zuen, Frantzia Pasealekuko autobus-geltokiaren inguruan lapurreta egiten ziotela esanez. Lapurretaren biktimaren arabera, hiru gizonezko hurbildu zitzaizkion eta ostikoak eta ukabilkadak ematen hasi zitzaizkion lurrera erorarazi arte, eta lurrera erori zenean telefono mugikorra, dirua eta botikak kendu zizkioten.

Herritarren segurtasunerako patruila bat hurbildu zen adierazitako lekura eta lapurreta salatu zuen gizonarekin harremanetan jarri zen. Agenteek egiaztatu ahal izan zuten lesioak zituela gorputzean, eta ingurua miatzen hasi zirenean handik hurbil aurkitu zituzten ustezko lapurrak. Susmagarriak identifikatu egin zituzten, eta, beharrezko frogaketak egin ondoren, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten. Jarraian, arrastatuak polizia-egoitzara eraman zituzten dagozkion eginbideak egiteko, epailearen aurrera eraman baino lehen.