Osakidetza eta sindikatuak 2018/2019 LEP-a negoziatzen hasi dira

0

 

 Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileen soldata ospitaleko eta ospitalez kanpoko arretako langile administrarien soldatarekin parekatzea adostu da; alegia, % 4ko igoera aplikatuko du

 

Osakidetzak, gaur eguerdian, bilera izan du ordezkari sindikalekin, Mahai Sektorialean, eta, bertan, Lekualdaketen Lehiaketa Irekiaren eta Etengabearen aktibazioa adostu da, eta egutegi-proposamena aurkeztu da, hurrengo 2018-2019 LEPa egiteko. Osakidetzak bileraren balorazio positiboa egin du; izan ere, aurrerapena dakar elkarrizketaren eta negoziazioaren bidean. Hala, osasun-baldintzek aukera ematen badute, LEPa 2021eko lehen seihilekoan abiatuko da.

 

Bileran, besteak beste, Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileen soldata ospitaleko eta ospitalez kanpoko arretako langile administrarien soldatarekin parekatzea ere adostu da, eta, hala, haien soldata % 4 areagotzea. Gainera, Osakidetzak parekatze hori egingo die, halaber, paziente eta erabiltzaileei arreta-lanak ematen dizkieten profesionalei.

 

18/19 LEP-A

 

Proposatutako egutegiak lehentasuna ematen die Lehen Mailako Arretaren kategoriei; hala, lehen azterketak Familiako Medikuntzaren eta Pediatriaren kategorienak izango dira; 2020ko lehen seihilekoan egin litezke.   

 

Osakidetzak eskua luzatu du hainbat alderdi negoziatzen jarraitzeko: plazen banaketa lanbide-taldearen arabera, betearazpen-egutegia, epaimahaien eraketa edo azterketak prestatzeko lana, esaterako. Hori guztia dela eta, bi aldeak agertu dira Osakidetzak funtsezkotzat jotzen duen deialdi berri horretan lanean jarraitzeko prest; izan ere, osasun-eskaria gero eta handiagoa da, belaunaldiak txandakatzeko beharra dago, zerbitzu eta azpiegitura berriak jarri behar dira abian eta inpaktu handiko plan eta proiektu estrategikoei ekingo zaie.

 

ADMINISTRAZIO-ARLOAK

 

Bileran, Osakidetzak aitorpen berezia iragarri du Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileentzat, haien ordainsariaren % 4ko igoeraren baliokidea.  Osakidetzak hasierako proposamena handitu du, eta hura paziente eta erabiltzaileentzako arreta-arloetan eginkizunak betetzen dituzten langile guztiei ere aplikatzea adostu da. Neurri horren bidez, soldata ospitaleko eta ospitalez kanpoko arretan lanean dabiltzan administrazioko langileenekin parekatu nahi da.

 

LEHEN MAILAKO ARRETA SENDOTZEA

 

Bileran, Osakidetzak berretsi egin du Lehen Mailako Arreta sendotzeko duen konpromisoa, eta sindikatuekin asistentzia-eremu hori sustatzen jarraitu ahal izateko neurri berriak negoziatzen jarraitzeko prest agertu da. Gogorarazi behar da plantillak handitzeko eta egonkortzeko hartu diren neurrien barruan, 2020. eta 2021. urteen artean, Osakidetzan, 196 plaza berri ezarriko direla Lehen Mailako Arretan. Halaber, sendotzeko beste neurri batzuen berri ere eman da, besteak beste:

 

Antolamendu-neurriak:

  • Lehen Mailako Arretarako Zuzendariordetza berezia sortzea, Osakidetzaren Osasun-laguntza Zuzendaritzaren barruan, koordinazioa hobetu eta Lehen Mailako Arretari bere espazioa emateko.
  • Lehen Mailako Arretako kontsultetan eginkizun burokratikoak murrizteko plana aurkeztea.

 

Inbertsioei eta ekipamenduei buruzko neurriak:

  • Hobekuntza-obrak amaitzea osasun-zentroetan, 14 milioi euroan, urtea amaitu aurretik.
  • Datorren urteko aurrekontu-proiektuan Lehen Mailako Arretako inbertsio berrien aurreikuspena sartzea, 21 milioi eurokoa.